mikel elorza
ARKUPEAN

Nolabait esanda

2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hazteria edo ezkabia. Azaleko gaitza da, kutsakorra, ilea erortzea eta ezkatak modukoak eragiten dituena. Ez da hilgarria; aitzitik, nahikoa erraz senda daiteke. Diarrea ere aise senda daitekeen gaitza da, baina milaka lagun hiltzen ditu munduan. Eta kolerak ere, Yemenen, nahiz eta lurralde garatuotan hilgarriak diren gaitzen zerrendatik aspaldi ezabatu genuen. Kolerek, idatz nezake, pluralean, eritasunak ez ezik amorruak ere, kolerak, tokia egingo baitzuen drone eta hegazkin saudiarren bonbapean bizi nolabait esanda beharra duten herrian. Hori bai, kolera biak han lehertu eta han geratzen dira, Yemenen. Ez hemen.

Sendatzeko moduko gaitza da, beraz, hazteria, baina hil dezake. Hala zekarren oraindik orain kazeta honek, Lapurdin hildako etxegabe baten heriotzaren kausa hazteri gaitza izan zela. Artikuluak berak argitzen zuen osasun egoeraren txartze orokor batek eraman zuela etxegabea heriotzara. Bera, eta bera bezala beste hiru, Baiona inguruetan, hilabeteko epean. Hotzak hain gogor astintzen gaituenean gertatzen dira halakoak, areagotzen dira, eta orduan akordatzen gara parking, kutxazain, zubipe eta bestelako zerupeetan bizi direnekin.

Azpimarratu da, azpimarratu dugu gure kontzientziak apur bat goxatzeko, eskaini zitzaiela aterpea, baina ez zutela nahi izan. Haien aukera dela kalean bizitzea nolabait esanda. Eta hala da, eta egunotan Belgikan alkate batek etxegabeak atzeman eta gogoz kontra ere aterpeetan sar ditzatela agindu duelarik, eztabaida sortzen zaigu, askatasunaren aurkako erasoa ote den. Askatasuna, etxegabeon arropa-piltzarrak baino zarpailduago dagoen hitza.

Kontrakoa esaterik egongo bada ere, hazteriak ez zuen hil etxegabea. Miseriak hil du: bere gorputz hondatuan hotzak, hazteriak eta batek daki beste zenbat eritasun sendagarriren baturak eman dio azken kolpea. Baionan etxegabeak laguntzen dituen aterpetxeko arduradunak adierazi bezala, «bizimodu honen akidurak» eraman du zulora bera, eta beste hirurak. «Bizimodu horrek», guk esan beharko bagenu. Bizitzarekin nekatzea gauza arrunta da, bizitzearekin nekatzea ere bai, eta suizidioa oraindik ere tabua den arren, gure pantaila, lehen orrialde eta albistegietan salbuespenak salbu aipatzen ez badugu ere, gure artean bizi nolabait esanda da.

Lau hauek eta egongo diren eta jakin ere egingo ez ditugun beste heriotza batzuetatik ez dago irakaspenak ateratzen ibili beharrik, prentsaren pulpituan sermoia botatzeko aukera daukagunok ohitura handia badugu ere, baina gizarte-porrota dela iruditzen zait niri, akabatu dituen bizimodu hori haiek aukeratutakoa izan arren (aukeratzeez beste batean mintza gaitezke). Intentsitate baxuko suizidio geroratua izanda ere, porrota da. Komunidadetik kanpo geratuko dira batzuk, beti, derrigorrean; gizartearen bazter eta ertzetan biziko dira batzuk, haiek leuntzeko ahalegina egiten badugu ere. Miseria sendatuta ere zeren eta, batzuek kontrakoa uste badute ere, ez da gaitza eta gainera sendagarria da!—, haren sareetan jausiko dira batzuk. Ez dute miseriaren abaroa propio bilatuko agian, baina hark katigatuko ditu.

Kontua da komunidade gisa haien aurrean zer bizi-jarrera dugun. Zer esfortzu egiten dugun miseriaren sareak deuseztatu eta hari mehe baino izan ez daitezen —eta hor lan handia eginak gara, onartu beharra dago—, baina batez ere zer bizimodu eraikitzen ditugun, eta ertz eta zuloen aurrean zer jarrera dugun. Bizimodu hau, hori eta hura oinarrizkoenean hain desberdinak izan ez daitezen zer egiten dugun, jendarte gisa, eta hotzetik ederki babestutako geure kolkoan.

Etxeak bizitza —nolabait esanda— isla dezakeela kontuan hartuta, etxegabe-tik etxejabe-ra letra batena baino askoz alde handiagoa dago.

(Emmanuel, Frederic, Philippe eta Christophe dira hildako etxegabeak, zehazki esanda).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.