Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Guregatik

2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
XXI. mendeko azken Kultura sailburuak Latifa Beltran zuen izena. 80 urtetik gorakoek ziotenez, haren amonak ikusi izan balu alderdi abertzale baten gobernuan, ez zukeen sinetsiko; zorionez, ez zen belaunaldi pare baten bueltan ideologia muturretik muturrera aldatu zuen leinu bakarra. Kazetari kontserbadore batek Interneten begiratu behar izan zuen nola idazten zen jatorri arabiarreko izena, baina gainerakoentzat ordurako ohikoak ziren Yusuf edo Yamila izeneko euskaldunak.

Lehen prentsaurrekoa Donostiako Miramar jauregian eman zuen, mende bukaerako urtarriletako egun beroak argazkitarako aprobetxatzeko asmoz. Hologrametarako irudiak Santa Klara uharte hondoratuko Kontxako badian hartu ondoren, palazioko areto nagusian hartu zuen hitza: «Legealdiko kultur planak aurreko gobernuek egindako lanaren ildoari emango dio segida oro har; lau dira, soilik, planak ekarriko dituen aldaketak». Infografistek lau bunbuilo marraztu zituzten euren tabletetan: «Lehenik eta behin, berbazko sorkuntzari dagozkion gidoigintza, antzerkigintza eta gainerako testugintza artistiko mota guztien irakaskuntza euskaraz eskaintzea eta lantzea sustatuko dugu. Ikus-entzunezko estrategia sendoak formazio lehiakorra behar du. Guk ez baditugu langaiok euskaraz ematen, inork ez du guregatik egingo» esan zuen ondoko pantailan Oscarretan saritutako azken film euskaldunaren irudiak proiektatzen zituzten bitartean.

«Bigarrenik, euskarazko sorkuntza artistikoa bultzatzeko plana martxan jarriko dugu. Euskarazko diru-laguntzak eskuratzeko, ez da nahikoa izango erdaraz pentsatutako produktua azken orduan euskaratzea; aurrerantzean, laguntzen atal bat euskaraz pentsatutako eta sortutako ikuskizun eta artelanentzat izango da soilik. Era berean, Azkuna Zentroak, Tabakalerak edo Artiumek euskarazko gutxieneko kuota izango dute erresidentzia artistikoetan. Guk ez baditugu euskarazko sorkuntza eta pentsamendu kritikoa sustatzen, inork ez du guregatik egingo bota zuen arte garaikideko laguntzen %90 gaztelaniaz edo ingelesez aurkezten zirela egiaztatzen zuten datuak pantailaratu bitartean.

«Hirugarrenik, kultur erakundeetako arduradunak, programatzaileak, sortzaileak eta kontsumitzaileak oro har euskal kulturara hurbiltzeko plana abiatuko dugu. Oraindik asko dira euskaraz ez dakiten kultur eragileak eta kudeatzaileak: gobernu honen lehentasuna da arduradun horiek ahalbait arinen euskalduntzea. Eta euskaldundu diodanean, ez naiz euskal hiztun bihurtzeaz ari, euskal kulturaren ezagutza sakona izango duten euskaldun izateaz baizik. Kasu batzuetan arduradun berriak izendatu beharko ditugu, egungoen nazioarteko ezagutza eta eskarmentua izango ez dituztenak, baina epe ertain-luzerako giza inbertsio gisa ulertuko ditugu. Guk ez badugu bertako kudeatzaileen sarean inbertitzen, inork ez du guregatik egingo» erantsi zuen sailburuak, eta nerbioengatik ahaztu egin zitzaion sortzaileak eta kontsumitzaileak euskalduntzeko planaren zatia azaltzea.

«Azkenik, artista euskaldunen nazioartekotzea bultzatzeko estrategia diseinatuko dugu. Urte asko igaro ditugu ez-berbazko arteak lehenesten kanpoko proiekzioa lantzeko, eta bada garaia berbazkoekin apustu handiagoa egiteko. Gainera, nazioartekotzeak kulturan ez du esan nahi soilik esportazioa: sortzaileek, ikertzaileek bezala, kanpora joan behar dute euren zientzia edo arteen azken korronte eta aurkikuntzak ezagutzera. Badakigu askori ingeleseko eskolak ordaindu beharko dizkiogula, bai maleta egin ere, gustura baitaude, bertan goxo, baina nazioarterako jauziak egingo gaitu unibertsal gure partikulartasunean. Guk ez baditugu sortzaile euskaldunak munduratzen, inork ez du guregatik egingo» esanda bukatu zuen prentsaurrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.