Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Koloreak, hitzak, mundua

2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ari gara joan den mendeko 80koen hasieran 9-10 urteko ikastolako ume taldea kontakizun bat ahoz gora txandaka irakurtzen, irakasleak agindutako ordenan, batzuk totel xamar, beste batzuk jario hobez. Baserri giroko herri batean kokatzen da leitzen ari garen pasadizoa, mutiko xelebre bati buruzkoa: badoa kalean, begiratzen du mendi aldera, eta non ikusten duen inguruko tontorrik garaienean zer edo zer gorri-gorria. «Marrubi erraldoia!», pentsatzen du mutikoak, eta han abiatzen da mendian gora gogotsu, altxorraren bila, marrubi itzel hura biltzera. Bidean zenbait zailtasun gainditu ondoren, hurbildu da tontorrera, eta iritsieran non konturatu den kaletik ikusitakoa ez zela marrubia, baizik eta behia... hori bai, «gorri-gorria!».

Eta hara non, amaierako hitz horietara ailegatzean irakaslea eta gelako lauzpabost neska-mutiko algara bizian lehertzen diren. Aldiz, gainerako 25ak mutu geratzen garen, zurtuta, irakurri dugun kontu, ipuin, txiste edo dena delakoari ez hanka eta ez bururikatzeman ezinda. Ordurako geure artean esaten genuen bezala, «haluzinatuta». Irakaslearen azalpena ondoren: euskaraz gorria espainierazko rojo baino askoz zabalagoa dela, eta, barne biltzen duela, esaterako, guk, isilikgeratu garen ikasle kalekumetartuok marroi esaten diogun kolorea. Beraz, euskaraz marrubia eta behia biak direla gorriak. Ikasi dugu, bada, zerbait. Eta aurrerantzean, idazlanetan, behiari marroia baino errazago jarriko diogu gorria ondoan, irakaslearen begietara geure burua jatortzeko.

Baina barruan luzaro geratu zait harra: marrubiaren margoari behiarenari bezala gorria esanagatik, nola litekeen hain begien bistako kolore diferentzia ez sumatzea kontakizuneko mutikoak, eta okerrago, algaratan lehertu ziren irakasleak eta lauzpabost ikaskideek. Nire begi-burmuinetan gauza bat delako izena, beste bat gama eta beste bat kolore zehatza. Ukigarri izaterainoko ebidentzia.

Karlos Zurutuza kazetariak Espainiako Jotdown aldizkarian argitaratutako Vacas rojas en montañas azules y olas verdes (Behi gorriak mendi urdinetan eta olatu berdeak) artikuluak ekarri dit akordura umetako gertakaria. Euskarak duela ez asko arte egin duen kolore sailkapenaz ari da artikulu horretan Zurutuza, eta arestian kontatutakoarekin pareka daitekeen pasadizoa kontatzen du: nola Amets izeneko haurrak aitona Joxemieli aditutakoei kasu eginezbehi gorriz eta mendi urdinez osatutako margoa osatzen duen, irakasleen ulertezintasun eta larridurarako.

Hain zuzen ere, artikulu horren uberan jakin dut Namibiako himba herrikoek zerua beltz eta ura zuri ikusten dutela, eta ez dituztela mendebaldarron artean orokortutako berdea eta urdina bereizten. Are, ikerlari mendebaldarren akuri izan direla eta egina dutela esperimentua haiekin: pantaila batean hamabi lauki jarri, hamaika urdin eta bat berdea, eta himbatarretako bat bera ere ez ei zen gai izan laukitxo guztien artean diferentzia aztarrenik bereizteko. Antzera japonian ere: mendeetan berdea eta urdina bereizi ezak gaur egungo semaforoetan gure berdearen ordaina oso gama zabalean ematera eraman omen ditu, hasi guretzako berde-berde den horretatik eta guretzat urdin den hartaraino. Erresuma Batuko Surrey Unibertsitateko Anna Franklin ikerlariarena da honako ondorio hau: hizkuntzaren bidez koloreak sailkatzeko erak baldintzatzen duela ikusitakoaz burmuinak egiten duen kategorizazioa; funtsean, izendapenak erabakitzen duela zer ikusten dugun. Hitzek sortzen dutela errealitatea, egia, mundua.

Hortxe dugu, ziur aski, egitekorik itzelena eta zailtasunik handiena: ezinezko eta aldaezin izendatu dituzten/ditugun horiek egingarri eta aldagarri izendatzea, hartarako hitzak sortzea hizkuntza oso bat, akaso. Gainerakoan, etorriko zaizkigu beste hamaika Altsasu. Gainerakoan, segituko dugu Riveraren ondoan Rajoy edo Sánchez, Le Penenean Macron, edota Trumpekin konparazioan Clinton on ez ezik aukera bakar direla egia absolututzat hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.