Sanprudentzioak Lazkaon

Jokoaren aldarria festa zelaira

Goierri Gorriko jokalariek botako dute bihar Lazkaoko San Prudentzio jaien hasierako txupinazoa. Eskualde osoko futbol taldeak elkartu, eta kluba sortu zuten duela hiru denboraldi, «klub bat kluben barruan». Emakumezko futbolarientzat egiturak sortzea zuten asmo, eta egonkortze lanetan ari dira.

Goierri Gorri futbol taldeko jokalariak, gol bat ospatzen, iazko denboraldiko partida batean. JAVI UROLA / GOIERRIKO HITZA.
Andoni Imaz.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Indarrak batzeko elkartuta hasi zuten bidea, «zalantzak eta beldurrak» aldean zituztela. Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutiago, dio haien leloak. Hirugarren denboraldiaren amaierari begira daude Goierri Gorri futbol klubeko jokalariak, baina ezohiko ekitaldi bat izango dute asteburuaren atarian. Bihar arratsaldean, Goierriko emakumezko futbol jokalariek botako dute Lazkaoko (Gipuzkoa) San Prudentzio jaiei hasiera emango dien txupinazoa.

Lazkao herriarekin lotura estua du taldeak, baina eskualdeko gainontzeko herrietako kide ugarik ere osatzen dute Goierri Gorri kluba. Inguruko emakumezko futbol taldeek bakarrean elkartzeko hautua egin zuten, aukerak areagotzeko, eta erabaki zuzena hartu zutela uste du Jose Inazio Lasa Goierri Gorri futbol klubeko lehendakariak.

«Pozik» hartu du klubak pregoia emateko gonbidapena, baina Lasak hasieratik argi zuen nork izan behar zuen protagonista: «Pregoia ematekotan, emakumezko jokalariek eman behar zuten, haiek dira-eta azaldu behar direnak». Maila guztietako jokalariak elkarrekin ariko dira. Gustura jaso du lehendakariak taldearen lanari egindako aitorpena, eta aukera baliatu nahi du «jende gehiagorengana iristeko».

«Beharrak sortu zuen taldea», Lasaren hitzetan. Inguruko herrietako emakumeek bazuten futbol talde batean aritzeko aukera lehen ere: Ordizian, Beasainen, Seguran, Idiazabalen eta Lazkaon. Nekez lortzen zuten, ordea, herri bakoitzean «gutxieneko egitura» bati eustea. Inguruko jendea «laguntzen» aritu izan zen beti, baina ikusi zuten klub berri batek, egitura berri batek baizik ezin zuela ekarri irtenbidea. «Klub bat denen babesean; klub bat kluben barruan».

Denbora behar izan zuten Goierri Gorri eratzeko, baina «batez ere, beldurra kentzea». Beldurra ematen zien herrietako futbol taldeetako jokalariek nola ikusiko zuten beren klubetik irtetea berri bat sortzeko. Beldur hori, dena den, denborarekin «poz» bihurtu zaie: talde berriak jende berria ere eraman du Goierri Gorrira, eta lehen herrietako taldeetan ziren jokalariak baino gehiago dira orain eskualde osoko taldekoak.

Goialdea sendotzen

«Egitura egin dugu, ikusten dugu behetik oso sendo datorrela, eta falta zaigu goiko hori indartzea». Futbolari gazteak ari dira taldean sartzen, eta herri batzuetan banatuta dagoen talde bateko kide izateak berekin dakarren dinamika barneratzen. Lehengo herrietako taldeetatik Goierri Gorrira aldatutakoak dira, Lasaren ustean, «gehien sufritu dutenak»: «Batetik bestera mugimenduan aritze horrek eragiten du; goiko taldeak sendotu behar ditugu».

Denera, 260 jokalari inguruk osatzen dute Goierri Gorri futbol kluba. 33 aritzen dira eskolan: kimu mailako hiru talde dituzte, haurren mailako lau, eta kadeteetako hiru. Horiek dira multzorik handi eta indartsuenak. Goiko kategorietan, bi senior talde dituzte.

Hirugarren denboraldia amaitzen ari da kluba, eta Lasak argi ikusten ditu hobetu beharrekoak: «Jendeak ezagutzen gaitu, eta babestu ere bai. Orain, zuzendaritza taldea gaztetu behar dugu, pixka bat indartzeko». Jende gehiagoren beharra nabarmendu du, eraginkorrago aritzeko. Bazkide bila ere ari dira. Gainera, txapelketa berezi bat antolatzen ari dira ekainaren 9rako. Herrika egin beharreko lanak taldeari mesede egingo diola uste du Lasa lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.