«Hozkailuen boluntarioak gara»

Aratz ikastetxekoen segidan, Langile ikastetxeko seigarren mailako haurrak hasi dira euren jangelako soberakinekin hozkailuak betetzen. «Pozarren» daude ekinbidearekin, eta «harrituta» harrerarekin.

enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Izenari izana ematen dioten ikasle gazteak ditu Langile ikastolak. Beharrean ari baitira denak langile. Hara eta hona dabiltza jangelaren bueltako korridoreetan, urduri samar. Lehen astea dute, eta protokoloak eta gainontzekoak pixkanaka barneratzen ari dira. Bitartekoekin izan dezakete agian zalantzaren bat, baina, helburuekin, batere ez: «Zabor organikoa murriztea da helburua».

Unai Villalba, Eki Oses eta Yaiza Rosco dira eginbehar berrian estreinatu diren ikasleen artean hiru, eta Ines Fernandez irakasle eta jangelako arduradunaren aginduetara ari dira. Ostiral bazkalostea da. Gazteenek aurkeztu dute euren burua: «Hozkailuen boluntarioak gara, eta seigarren mailan gaude».

Ezagutzen dute proiektua, eta zeintzuk diren eman beharreko pausoak. Yaiza Roscok onartu du hasieran «arraro samarra» iruditu zitzaiela jangelako soberakinak erabilgarri jartze hori, baina orain «oso gustura» daudela.

Unai Villalba berritsua da. Hark esplikatu ditu prozesuaren nondik norakoak. Jangelako arduradunek nola jasotzen duten egun horretako soberakina, nola hartzen dioten janariari tenperatura, eta nola sartzen duten ontzietan txukun. Zalantzaren bat duenarentzat, Villalbaren ohartarazpena: «Baina ez da gure plateretan sobratzen dena, e? Ukitu gabe dagoen janaria da, eta haien ontzi handietan erabili gabe gelditzen dena». Zigilatu egiten dute hurrena —irakasleen funtzioa izaten da hori—, eta ikasleen lana hasten da hor: «Orgatxo batean jarri eta guk eramaten dugu dena gela batera. Etiketak inprimatzen ditugu, eta ontzi bakoitzean itsatsi. Zer den, zer osagai dituen... Tenperatura jaisteko gailuan sartzen ditugu, eta hozkailuetan azkena».

Yaiza Roscok osatu du ikaskidearen azalpena: «Eranskailuak horizontalean eta ontziaren ezkerreko aldean jartzen ditugu, jendeak makina barruan ontzi bakoitza zer den ongi ikus dezan».

Eta azalpen gehigarria Villalbarena, irribarre maltzur batekin egina: «Badakizu zeintzuk diren onenak? Tortilla eta kroketak. Nahiz eta nik tortilla ezin dudan jan, tripako mina ematen didalako».

Eki Osesi «oso polita» iruditu zaio zero zabor hozkailuaren egitasmoa, baina apur bat «harrituta» ere badago izan duen harrerarekin. «Gaur goizean 34 tuper eta fruta jarri ditugu, eta eguerdirako jada ez zegoen ezer».

Kroketa gerrarik ez

«Behar duen edonork har dezakeela», hori da ekinbideak duen onena, Yaiza Roscoren ustez. «Eta dohainik dela», Unai Villalbarentzat. Baina argi utzita, Eki Osesek esan duena: «Jateko dira, eta ez jolasteko». Villalbak, berriz, maleziaz: «Kontua ez da pertsona bakarrak ontzi guztiak hartzea. Ez hartu lagunekin kroketa mordo bat eta kroketa gerra bat egin. Jateko dira».

Nabari da haurrak motibatuta daudela. «Hasteko gogoz zeuden», Ines Fernandez irakasle eta jangelako arduradunak jakinarazi duenez. «Askok aipatzen dute hemen amaitu eta gero makarroien bila joango direla makinara», esan du hark ere txantxetan.

Izan ere, lehen astea izan arren, konturatu dira egun jakin batzuetan, menuan dagoenaren arabera, errazio gehiago edo gutxiago ateratzen direla. «Babarrunak eta arraina zeuden gaur, eta bezperan baino gehiago sobratu da. Janari batzuk besteek baino arrakasta handiagoa dute. Makarroiak jarri zituztenean barrengorriekin, hiru ontzi bakarrik sobratu ziren».

Dena dela, izan duten arrakastarekin dago hura ere harrituta. Hasiera «oso ederra» izan dela dio: «Aurrekoan 34 ontzi eraman genituen 09:30ean. Sendagilearengana joan beharra neukan, 11:30ean pasatu nintzen handik, eta hutsik zegoen». Jendea hurbiltzen ikusi dute, eta hozkailuek zer- nolako interesa sortu duten: «Lehen egunean, hozkailuan janaria sartzen ari ginela, emakume heldu bat zegoen zain orgatxoarekin janaria hartzeko. Ez zen lehen eguna harentzat. Dinamika ezagutzen zuen. Beste adineko emakume bat ere agertu zen, galdetu zuen, eta dena esplikatu genion».

Datuak eman eta ondorioak ateratzeko garaiz da oraindik, eta egitasmoaren arduradunak bilketa lan bat egiten ari dira. Ines Fernandezek dio berea «susmoa» baino ez dela, «baina adineko jendea, ahalmen gutxi duena... hurbilduko dela makinetara. Hozkailua ikusteak berak, itxura aldetik oso zainduta dagoenez, konfiantza ematen dio jendeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.