Udal eta foru hauteskundeak. Kanpainaren amaiera

Joko zelaiak, zabalik

EAJk ohar egin du egonkortasunerako «asegurua» dela. EH Bilduk Nafarroan aldaketan «sakontzea» du xede, eta NSk dio hori eragozteko «bermea» dela

Tuterako amaiera ekitaldian. BERRIA.
Maider Galardi F. Agirre, Jon O. Urain
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Bukatu da. Indar politikoek maiatzaren 10ean ekin zioten ofizialki, udal eta foru hauteskundeei begira, proposamenak plazaratu eta herritarrei botoa eskatzeari. Igaro dira bi aste, eta atzo amaitu zuten kanpaina, azken botoak urratzeko mezuak zabalduta. Izan ere, Nafarroan, Gipuzkoan eta Gasteizen, lehia estua egon daiteke.

EAE

EAJ: «Bizi asegurua»

EAJk ekitaldi jendetsua egin zuen Bilbon, eta bertan bildu zituen Izaskun Bilbao Europako Legebiltzarrerako hautagaia, ahaldungai nagusiak, hiriburuetako alkategaiak, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea. Ortuzarrek nabarmendu zuen EAJ «bizi asegurua» dela: «Ikusi behar gaituzte euren berme onenaren gisara». EAJren taldeaz «harro» agertu zen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldungai nagusia: «Familia hau gero eta sendoagoa da». Markel Olano Gipuzkoako diputatugaiak herritarrei eskatu zien EH Bilduren eta EAJren arteko ereduen artean aukeratzeko. Halere, «emaitza borobila» iragarri zuen jeltzaleentzat. Ramiro Gonzalez Arabako zerrendaburuak, berriz, ziurtzat jo zuen jeltzaleak lehen indarra izango direla berriro ere herrialde horretan.

EH BILDU: «Lehen indarra» helburu

EH Bilduk Donostiako Bulebarrean batu zituen jarraitzaileak, udal eta foru hauteskundeen kanpaina amaitzeko. Bertan izan zen Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusia, eta nabarmendu zuen indar subiranista dela «gipuzkoarren gehiengoaren interesak Gipuzkoako udalerrietan eta foru aldundian defendatuko dituen bakarra». Erantsi zuen «pertsonengan pentsatuz gobernatzen eta gobernatuko» duten pertsonak direla bilkideak. Gipuzkoan lehen indarra izan nahi du EH Bilduk, eta, hala izan dadin, herritar guztiei dei egin zieten bihar botoa ematera joan daitezen: «Gipuzkoan boto bat gehiago duenak izango du gobernatzeko giltza. Beraz, inor ezin da etxean gelditu». Reyes Karrere Donostiako alkategaiaren hitzetan, berriz, «erakundeen eta herritarren arteko lotura indartu» nahi dute: «Donostia, donostiarrekin. Zertarako? Gauzak aldatzeko eta hobetzeko».

PSE-EE: «Guztientzat gobernatu»

Bizkaiko Ezkerraldean egin du apustua PSEk azken bi asteetan, eta bertan, Barakaldon eman zion amaiera kanpainari, atzo. Espainiako Gorteetako emaitza «onak» errepikatzeko asmoa dute sozialistek, Alberto Retortillo Barakaldoko alkategaiaren arabera. Haren ustez, Barakaldo «paralisian» egon da azken lau urteotan, alkate «abertzale» batekin. Urte luzez PSEk gobernatu du Barakaldon, eta azken lau urtetan EAJ izan da agintean.

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiaren ustez, kanpaina «bikaina» izan da. Euskal lurraldeek «berezitasunak» dituztela baina «berdinen arteko lurralde bat» nahi dutela azpimarratu zuen Mendiak: «Guztiontzako gobernatzen dugu guk, inposiziorik gabe». Ezberdinen arteko elkarbizitzaren eta egonkortasunaren berme direla esan zuen Mendiak: «Lurralde osorako proiektua dugun ezkerra gara gu». Abertzaleei egotzi zien euskal erakundeak baliatzea «zatiketarako».

ELKARREKIN PODEMOS: «Bi abiaduren Euskadi»

Elkarrekin Podemosek Bilbon egin zuen kanpaina amaierako ekitaldia, eta, bertan, koalizioak egunotan eginiko lana goretsi zuen: «Kanpaina handia egin dugu, eta nabari da inkestetan, kalean, hedabideetan eta beste alderdi batzuek guri eraso egiteko darabilten denboran». Martinezek gogora ekarri zuen koalizioak egunotan zabaldutako mezua: «Bi abiaduren Euskadi». Izan ere, uste du «auzoen, eskualdeen eta familien arteko aldea» dela «EAJ-PSE ereduaren ondoriorik okerrenetako bat». Bi alderdien kontra mintzatu zen; jeltzaleei egotzi zien kanpaina igaro izana «zer ez diren»esaten: «Zer etorkizun ordezka dezake interesak, sare klientelarrak eta Euskadiren eta erakundeen ikuskera patrimoniala daukan alderdi batek?». Sozialistei, berriz, egotzi zien «biziraupen estrategia bat» izatea: «Erakutsi dute beren proiektu bakarra dela ahalik eta udalerri gehienetan besaulkiak izatea».

PP: EAJ begiz jota

Gasteizen itxi zuen PPk hauteskunde kanpaina. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta GipuzkoakoPPren buruak, Leticia Comeron eta Raquel Gonzalez Gasteizko eta Bilboko zerrendaburuak hartu zuten hitza. Han behar zuen Borja Senper Donostiako hautagaiak, baina ez zen azaldu.

EAJri egotzi zioten hirurek «azpijokoa» egitea: «EAJk erakutsi nahi du abertzaletasunaren aukera moderatua dela, baina ez da egia; hori azpijokoa da». Alternatiba PP dela ohar egin zuten. Horixe bera azpimarratu zuen Alonsok ere: «PP da Espainia maite dutenen eta, aldi berean, sakonki euskal herritar sentitzen direnen alternatiba». Espainiako Gorteen bozetako emaitza kaskarren ostean, bi asteotan «ilusioak gora» egin duela esan zuen.

NAFARROA

NAVARRA SUMA: «Abertzaletasunik gabe»

UPN, PP eta Ciudadanosen hauteskunde koalizioak Tuteran egin zuen, atzo, kanpainako amaiera ekitaldia. Besteak beste, Javier Esparza lehendakarigaiak hartu zuen hitza. Koalizioa ez bozkatzeak «abertzaletasuna indartzen» duela ohartarazi zuen: «Gu bozkatzen ez gaituztenak abertzaletasuna sustatzen laguntzen ari dira». Biharko bozetan irabazi egingo dutela uste du Esparzak: «Ziur nago irabaziko dugula, emaitza bikainak izango ditugula eta Nafarroa gobernatuko dugula». Iruñea eta Tutera «berreskuratzeaz» ere aritu zen. «Navarra Sumak guztiontzako askatasuna eta aukera berdintasuna irudikatzen ditu», aldarrikatu zuen lehendakarigaiak. Balizko akordioez ere aritu zen: «Beti izan gara akordioen aldekoak. Nafarroa abantaila posizio batean jarri dugu horregatik».

GEROA BAI:  «Gobernu taldea»

Iruñean egin zuen, atzo, Geroa Baik hauteskunde kanpainako amaiera ekitaldia. Bertan izan ziren Nafarroako lehendakarigai Uxue Barkos, Iruñeko alkategai Itziar Gomez eta Europako Parlamenturako hautagai Daniel Innenarity. «Eraginkortasunaz» eta«etorkizunaz» aritu ziren hirurak. Uxue Barkosen arabera, azken lau urteotan «gobernu talde» gisa aritu dira lanean, eta modu transbertsalean egin dute lan. Nahiko lukeen Nafarroaz ere aritu zen Barkos: «Positiboan lan egitea gure nortasunaren parte da. Guk ez dugu nafar onen eta txarren arteko bereizketa egiten, beste batzuek egiten duten moduan». Aldaketaz mintzatu zen Gomez: «Erakutsi dugu leialak eta aldaketarako eraginkorrak izan garela. Guztientzako kudeaketa ona nola egin badakigu».

EH BILDU: «Ezkerreko» alkatetza

Iruñeko alkatetzari eustea izango da bozetan EH Bilduk izango dituen erronketako bat, eta, horretarako, Joseba Asiron alkategaiak azpimarratu du bere zerrenda dela bermatu dezakeena «ezkerreko» alkate bat egotea Nafarroako hiriburuan: «Eskuin atzerakoiena gure erakundeetara itzultzea galaraziko duen botoa EH Bilduren aldekoa da. Azken batean, EH Bilduren aldekoa boto irabazlea da». Bakartxo Ruiz lehendakarigaiak «aldaketan sakontzeko» nahia adierazi zuen: «Aurrera egiteko, zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta aldaketa irmoagoa eta herritarragoa».

AHAL DUGU: «Eraldaketaren gakoa»

Mikel Buil Nafarroako lehendakarigaiak Ahal Dugu-ren lana goraipatu du, «eraldaketarako gako» izan delako. Iruñean egin du kanpaina amaierako ekitaldia. Builen ustez, emaitza bainoago, «prozesua» izan da garrantzitsua: «Erabat irabazlea den prozesu bat izan da gertatutakoa».

PSN: «Lidergoaren» bila

Espainiako Gorteen hauteskundeetan lortutako emaitza onen ondoren, biharko bozetako kanpainan «ilusioz» ikusi du jendea Maria Txibite PSNko Nafarroako lehendakarigaiak. Sarasaten egin zuten kanpaina bukaerako ekitaldia. Txibitek esan zuen «gobernatzeko» asmoa duela, «Nafarroako herrietan, hirietan eta Nafarroako Gobernuan». Nafa- rroaren garapenaren buru izan nahi du Txibitek, eta horretarako «gobernu sozialista» beharrezkoa dela azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.