Erabakitzeko eskubidea. Giza katea

Ez zuten katea aldatu

Herri ekinbideko 23 komunikabidek, tartean BERRIA, elkarlanean eginiko egun osoko jarraipena saritu dute herritarrek

Bi lagun BERRIAk igandean kaleratutako zenbaki berezia irakurtzen. J. MANTEROLA / ARP.
Erredakzioa
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Aldez aurretik jakina zen eguneko albistea izango zela Euskal Herrian. Halere, iragarritakoa bete eta gehiagorako eman zuen igandeko giza kateak, baita hedabideen ikuspuntutik ere. Komunikabide denek ez zioten, baina, modu berean erantzun herritarren ikusminari, eta giza kateaz luze eta zabal, egun osoan eta hainbat bitarteko erabiliz jorratu zutenek jaso zuten saria. Giza katearen aurretik, ondoren eta burutzen ari zen unean bertan, herritarrek ez zuten katea aldatu.

Mobilizazioaren espirituari jarraiki, herri ekinbideko 23 komunikabidek —tartean BERRIA— elkarlanean eginiko lan eskergak, ordainetan, milaka herritarren babesa jaso zuen. Askotariko baliabideak erabili zituzten komunikabideek, eurenak eta herritarrek beraiek eskainitakoak; izan argazkiak, izan sare sozialetan zabaldutako iritziak, eta beste. Giza katea dokumentatu zuten, hala, komunikabideek, argazkiz eta ikus-entzunezko formatuetan, lurretik eta airetik hartuak. Giza katearen aurretik, eta ondoren ere bai, saio berezi baten bidezeman zuten mobilizazioaren berri, irratietan, webguneetan streaming bidez eta Hamaika TBn. Gauean, berriz, ordubeteko telebista saio bat eman zuten, egunak emandakoa laburbilduz.

Hainbat datuk erakusten dute mobilizazioak izan duen oihartzuna. Twitter sare sozialean, adibidez, erabilitako traolak nagusi izan ziren twitterlari euskaldunen artean, Umapen arabera—atzo ere hala jarraitzen zuen—. , Halaber, Espainiako Estatuko nagusien artean egon ziren etiketa horiek, eta une batzuetan lehen postuan —estatuka neurtzen da—.

Historia eginez

BERRIAren webguneak, berriz, bisita kopuruaren datuak ikusgarriak izan zituen egunean bertan, eta atzo ere milaka pertsona sartu ziren igandeko mobilizazioarekin loturiko testu eta bestelako baliabideak kontsultatzeko. Webguneari dagokionez, historian —2005etik, datuak biltzen hasi zenetik— bisita gehien izan duen egunen artean hirugarrena da herenegungoa; 2011ko udal eta foru hauteskundeen biharamunaren eta EPPKren bitartekarien urtarrilaren 8ko atxiloketen harira egunean bertan jasotako bisita kopuruen atzetik. Denera, 36.461 bisita jaso zituen, 24.791 erabiltzailerenak. Azpimarratzekoa da BERRIAk osatutako mapa interaktiboak orain arte 32.000tik gora ikustaldi jaso dituela —astean argazkiak jasotzen segituko du—. Airetik jasotako irudiekin osatutako bideoak ere arrakasta handia izan du: 8.000tik gora ikustaldi. Twitterren ere BERRIAk mobilizazioari buruz zabaldutako txioen mugimendu handia egon da azken egunetan eta, bereziki, herenegun. 115 txio sortu zituen egunean bertan eta 969 birtxio jaso. Era berean, igande arratsaldean, 15.000 aleko doako papereko edizio berezia kaleratu zuen, gaurko kazetarekin batera banatu den gehigarria, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.