Koronabirusa

Iritsi dira Afrikara Covax nazioarteko programaren lehen txertoak

AstraZenecaren txertoaren 600.000 dosi jaso dituzte Ghanan. OMEk, GAVIk eta Unicefek «mugarri historikotzat» jo dute egitasmoa

Zimbabwen aurki jasotzekoak dira Covaxen txertoak. AARON UFUMELI / EFE.
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Abian da Covax. Gavi Txertaketarako Aliantza Globalak, OME Osasunaren Mundu Erakundeak, CEPI Epidemietarako Prestatzeko Berrikuntzen Koalizioak eta Unicefek sustatuko programa horrek lehen urratsa egin zuen atzo, Ghanara 600.000 dosi bidalita. Datozen egun eta asteetan, bidalketa gehiago eginen dituzte Boli Kostara eta Zimbabwera.

Txertoa baliabide ekonomiko gutxi dituzten herrialdeetara iristeko jarri zuten martxan nazioarteko programa hori, eta, oraingoz, 189 herrialde batu dira egitasmora. Helburua da aurten 2.000 milioi dosi banatzea. Gobernuz kanpoko erakundeek sustatutako egitasmoa izanagatik, estatuen eta nazioarteko erakundeen finantzaketa beharrezkoa du Covax programak. Europako Batasunak egin du diru ekarpenik handiena, oraingoz. 850 milioi euro eman ditu, estatu kideen, fundazioen eta beste organismoen bidez.

OMEk, Gavik eta Unicefek «historikotzat» jo dute Covax programaren lehen bidalketa, «lehen urrats bat delako COVID-19aren aurkako txertoen banaketa bidezko eta unibertsal bat lortzeko bidean». Are: Covax «historiako txerto banaketarik handiena» izanen dela gaineratu dute egitasmoaren sustatzaileek.

Hala ere, OMEko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek azpimarratu du Ghanara eginiko bidalketa «prozesuaren hasiera» baizik ez dela: «Lan izugarria dugu egiteko, gobernuekin eta ekoizleekin batera, 2021eko lehen ehun egunetan munduko herrialde guztietako adinekoak eta osasun langileak txertatzen has daitezen».

Esker ona eta kritika

OMEko buruak «esker ona» adierazi die Europako Batasuneko eta G7ko potentziei, Covax programa diruz laguntzeagatik, baina kritika ere egin die aste honetan, txertoak pilatu eta banaketa zailtzeagatik: «Zenbait estatu industrializatuk dosi gehiago erosi dituzte, eta, ondorioz, kalte egin diete Covaxen kontratuei».

Iaz, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak salatu zuen hainbat gobernu txertoak «monopolizatzen» ari zirela, eta jokabide horiek txarretsi zituen: «Immunizazioa globala izan ezean, pandemia ez da etengo. Inor ez da seguru egongo, denok egon arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.