Alemaniako hauteskundeak

Negua bukatzear da kuarteletan

Armadaren aurrekontua ia bikoizteraino ailegatu nahi luke Angela Merkelek datozen urteetan. Sinetsita dago Alemaniak nazioarteko gatazketan rol nagusiagoa betetzeko ordua iritsi dela.

Bundeswehreko soldaduak, Berlingo Bellevue jauregian. FELIPE TRUEBA / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Alemaniako armadak, Bundeswehr-ak, ez duegutegiko data seinalatuetan desfilerik egiten Berlinen. Angela Merkelek oso noizean behin bisitatu ohi du destakamenturen bat, zibil jantzita. Ez da kantzilerra hierarkia militarraren erpin gorena. Defentsa ministroari dagokio postu hori, gobernuak salbuespen egoera ezarri ezean.

Gizartearen gehiengoak harreman mesfidatia du Bundeswehrakin. 1998an, SPD eta Berdeen gobernu koalizioa —hiru aste zeramatzaten elkarrekin— deuseztatzea eragitekotan egon zen Alemaniak II. Mundu Gerraz geroztik lehenbizikoz tropak atzerrira -Kosovora- bidaltzearen erabakia. 178 mila soldadu ditu Bundeswehrak egun. Frantziako armadak baino ia ehun mila gutxiago dira, hogei milioi biztanle gehiago dituen herrialdean.

Testuinguru honetan, oposizioak arbuiatu egin du defentsarako gordetzen den dirutza barne produktu gordinaren %2ra (egungo %1,2tik) hurbilarazteko Merkelek udaberrian iragarritako xedea. Gastu publikorako lehentasun premiazkoagoak badirela argudiatu dute AfD ez diren beste alderdi guztiek. Eta ororen gainetik, plana AEBen presioek baldintzatutakoa delako kexu dira. Azken hori kantzilerrak berak onartu du, modu gordinean.

Merkelek maiatzean Estatu Batuen babesetik irtenda Europak «etorkizuna bere eskuetan» hartu behar zuela iragarri zuenean, Donald Trumpen arbitrariotasunak kezkatzen zuela izan zen analisten presazko azterketa. Kantzilerra berak gezurtatu zuen pertzepzio hori. Haren kontaketaren arabera, Barack Obama izan zen Alemaniak nazioarteko gatazketan jokatu ohi duen bigarren mailako rola eraldatzearen beharraz luzaro konbentzitzen saiatu zena. Erantzukizun hitza errepikatu zuen Merkelek, laguntzat duen AEBko presidente ohiaren pentsamoldea partekatzen bukatu duela azaltzeko.

CDU/CSU gaurko bozetan gailenduko dela ontzat emanez gero, gobernu koalizioan izango duen kidearen oniritzia beharko du Merkelek, 2024. urtera arte luzatu nahi duen inbertsio planari ekin baino lehen. Ursula von der Leyen defentsa ministroak legealdi osoa eman du Bundeswehrraren ekipamendua modernizatzeko funtsak eskatzen. Militarren lansariak ere erakargarriago bilakatu nahi dira. Errekrutatze berriak lortzeko hain ditu arazo larriak armadak, bigarren hezkuntza amaitu gabeko gazteak onartzen hasi berri dela.

Gobernuko ministro kritikatuena izan da Von der Leyen. Eskuinetik Bundeswehraren egoera kaskarra aurpegiratu diote. Ezkerretik, eskuin muturraren infiltrazioa armadan. Apirilan jakin zen atxilotutako 28 urteko soldadu batek errefuxiatu siriar baten nortasun faltsua eraiki, eta atentatua prestatu zuela, etorkinen aurkako giroa zirikatu nahian. Aginte katean jakina omen zen bai bera eta bai erabili zituen konplizeak neonaziak zirela.

AfDk soldadutza berriz derrigorrezko bilakatzea proposatu du kanpainan. Alemaniako muga zelatatzea litzateke errekruten egiteko nagusietakoa. Errepublika Demokratikoa zenean gertatu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.