VALENTZIA 1 REALA 1

Izerdiak merezi izan du

Mikel Oiartzabalek 100. minutuan penaltiz sartutako gola baliatu du Realak Valentziaren aurka berdinketa lortzeko. Txuri-urdinek merezitako puntua eskuratu dute, partida ona egin baitute

Mikel Oiartzabal, penaltiz sartutako banakoa ospatzen, atzo, Valentzian. MANUEL BRUQUE / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Gameirok (58. min.). 1-1: Oiartzabalek (100. min.). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Valentziako Garayri, eta Cheryshevi; eta Realeko Odegaardi, Merinori, Le Normandi eta Zalduari. Txartel gorriak: Valentziako Coquelini. Bestelakoak. 41.846 ikusle Mestallan.

Balekoa egin zuen atzo Realak. Minutuen kontagailuak hiru zifra adierazi zituen une berean baloia sareetara jaurti zuen Mikel Oiartzabalek, eta puntu bat eskuratu zuten txuri-urdinek Mestallan. Partidako azken jokaldia izan zen, eta egindako lanaren fruitua jaso zuten donostiarrek. Ordura arte majo izerditua zen Reala. Bero galdatan jokatu zen neurketa, baina emaitza on baten peskizan aritzeak nekatu zituen Imanol Alguacilenak.

Erasoari emanda aritu ziren donostiarrak azken ordu erdian, Bazirudien alferrikako saialdia izango zela, etxekoek aurrez sartutako golak balioko ziola Marcelino Garciaren taldeari, baina azken unean oker jo zion kukuak, Mestallara joandako Realeko 500 jarraitzaileen gozamenerako.

Ezusteko bat hartuko zuten haietako askok Realaren hamaikakoaren berri izandakoan. Imanolek atepean Miguel Angel Moya kokatu zuen, Donostiara udan iritsitako Alex Remiroren kalterako. Ondo aritu zen Moya; zazpigarren minuturako lehen geldiketa egina zuen, eta zenbaitetan salbatu zuen bere taldea.

Lehen minutuetan biziago hasi zen Reala. Presio handia egin zion Valentziari, eta horrek zenbait baloi ostea ahalbidetu zion. Saialdi hutsalak izan ziren. Ordu laurden betetzerako orekatu egin zen norgehiagoka, eta hura izan zen lehendabiziko zatiaren itxura orokorra. Bi taldeak neurketaren jabe egiteko lehian aritu ziren, baina etxekoek aukera argiagoak izan zituzten.

Lehendabizikoaren lepotik hasi zen bigarren zatia ere. Realak izan zuen baloia lehendabiziko minutuetan. Erdiraketa ona egin zuen Adnan Januzajek 52. minutuan, baina Willian Josek ez zuen baloia kontrolatu ahal izan. Hurrengo minutuan, jokaldi polita egin zuen Martin Odegaardek, baina haren erdiraketa ez zuen inork errematatu. Lan ona egin zuen Odegaardek donostiarrekin debuta egin zuen egunean.

Alabaina, isil antzean zebilenean Wassekin jokaldia egin, eta gola sartu zuen Gameirok. Epaileak zalantza egin zuen aurrelaria jokoz kanpo ote zegoen, eta, lau minutuz errepikapenak ikusten egon ostean, ontzat eman zuen gola.

Ontzat eman eta gero, hurrengo minutuetan eroso aritu zen etxeko taldea. Aurrea hartuta, zelaian atzean sartu zen, eta itxi egin nahi izan zuen bere area. Ez zen erabaki ona izan; freskoago zegoen Reala, eta intentsitate handia ezarri zion lehiari, bere alderako.

Aldaketekin, susperraldia

Are gehiago bizitu zen norgehiagoka Imanolek lehen aldaketak egin zituenean. Prestatzaile oriotarrak Alexander Isak eta Ander Barrenetxea zelairatu zituen. Garrantzitsuak izan ziren biak mataza askatzeko orduan. Reala geroz eta gehiago ari zen areara gerturatzen, eta, larritzen hasia zen Valentzia.

Kontraerasoa zuen Valentziak arma bakar, eta hari ekin zion aukera izan zuenetan. Hala iritsi zen haien aldeko penaltia. Luzapeneko minutuak ziren, eta bazirudien Marcelinok Realaren aldeko bolada ona ziurtatuko zuela; berak zuzendutako talde bat 11 aldiz aritu da Realaren aurka Lehen Mailan, eta ez du sekula galdu.

Estutasun handiagoa bizi behar izan zuen, ordea. Gameirok kanpora bota zuen baloia, eta, baloia jokoan jarri orduko,txuri-urdinak guztiarekin joan ziren golaren bila. Isak debutariaren jokaldi batek txinparta eragin zuen arte; falta egin zioten area ertzean, eta Willin Joseren jaurtiketak Valentziako jokalari baten eskuan jo zuen. Oiartzabalek ez zuen barkatu, eta merezitako berdinketa lotu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.