Biribiltzeko aukera dauka

Realak Atletico Madril bisitatuko du gaur, ligako azken-aurreko jardunaldian. Irabazten badu, Txapeldunen Ligako taldea izango da

Le Normand, Kubo eta Brais Mendez gol bat ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Realak galanta egin dezake gaur. Talde txuri-urdina iluntzean sailkatu daiteke Txapeldunen Ligarako, aurkariei erreparatu beharrik gabe. Laugarren postua ziurtatuko du Atletico Madrili irabazten badio. Gauza bera lortuko du, halaber, Vila-realek punturen bat bidean galtzen badu —Rayoren etxean jokatuko du Quique Setienen taldeak—.

Beraz, bete-beteko abagunea du Realak, baina ez hori bakarrik: sasoia erabat biribiltzeko aukeran jarriko da Metropolitanoko hiru puntuak biltzen baditu. Izan ere, garaipen batek asko estutuko luke sailkapena, goiko postuetara begira. Atletico Madril dago hirugarren postuan, eta bi puntura geratuko litzateke Reala irabaziz gero, jardunaldi bat falta dela. Edozer jazo daiteke azken partidan galtzekorik gabe arituta.

Nolanahi ere, laugarren postua bermatzea da lehendabiziko lana. Espainiako Ligako lehen bi sailkatuak menderatu ondotik, hirugarrena azpiratu nahi du Imanol Alguacilen taldeak. Hala adierazi zuen teknikariak, herenegun egindako prentsa agerraldian: «Betiko postuan guade, betiko aldearekin, baina helburua ere betikoa da: irabaztea. Atletico Madril ez dago oso urrun».

Realak 70 aldiz jokatu du espainiarren zelaian, eta haietatik sei alditan soilik lortu du gailentzea. Hain justu ere, bada datu esanguratsu bat: madrildarren etxean gailentzea lortu zuen azken bi sasoietan Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren donostiarrak, 2002-2003ko eta -2014ko denboraldietan. Metropolitanon bertan lor dezake hori, gaur arratsean, 2019-2020ko sasoian egin bezalaxe. Orduko hartan Europa ligarako sailkatu zen Reala, berdinketa bat baliatuta (1-1).

«Ordutik aldatu egin dira gauzak, onerako gainera», esan zuen Imanolek: «Egia da batzuetan kosta egiten dela gozatzea, hiru egunetik behin partidak jokatzen ditugulako. Horregatik esaten nuen zaleek gozatzeko garaia dela. Guk lanean segi behar dugu, Etorriko da gozatzeko garaia».

Realak sei puntu ditu jokoan liga amaitu aurretik, eta bost punturen aldea du Vila-realekin. Herrialde Katalanetako taldea ere sendo ari da, ordea. Haiek Rayori irabazteak azken jardunaldira eramango luke lehia. Imanolek ez du halakorik nahi: «Ezetz espero dut. Igandean [gaur] dugu lehen aukera hori horrela ez izateko, baina ez bada hala gertatzen, hurrengo partidan izango da, etxean eta gure zaleen aurrean. Ados nago azken partidako azken minutuan penaltiz sailkatuta ere. Halaxe izan behar bada, halaxe izango da».

Atletico, jokalari gutxiagorekin

Sailkapeneko ohorezko postuetan dauden bi talde ariko dira nor baino nor gehiago. Bi-biek bolada onean abiatuko dute neurketa, gainera. Haatik, etxeko taldeak zenbait jokalariren falta izango du partidarako. Bost jokalari nagusi gutxiago ditu Diego Pablo Simeonek: Jan Oblak atezaina, eta Reinildo, Llorente, Lemar eta Memphis Depay zelaiko jokalariak. Moratak eta Savicek, beren aldetik, arazo fisikoak izan dituzte azkenaldian, eta ikusteke dago jokatuko duten.

Realak, berriz, Umar Sadiq eta David Silva ez beste jokalari guztiak ditu jokatzen moduan. Azken egunetan jokalari kili-kolo izan arren, «denak prest» dituela esan du entrenatzaileak: «Partida handia da, eta denak daude jokatzeko gogoz», adierazi du Imanolek.

ATL. MADRIL-REALA
Atl. Madril. Grbic; Witsel. Gimenez, Hermoso; Nahuel, De Paul, Koke, Saul, Carrasco; Griezmann, eta Correa.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais, Oiartzabal; Kubo, eta Sorloth.
Epailea. Pulido Santana.
Lekua. Wanda Metropolitano.
Ordua. 19:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.