Athletic 1-1 Alaves

Ontzat eman dute

Alavesek eta Athleticek Europarako lehian segitzen dute. Derbi parekatua eta lehiatua eskaini dute bi taldeek

Atheticeko eta Alaveseko jokalariak lehian, korner jaurtiketa batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Beñatek (41. min). 1-1: Bastonek(45. min). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Athleticeko Raul Garciari eta San Joseri; eta Alaveseko Laguardiari eta Vigarayri. Bestelakoak. 40.402 ikusle San Mamesen.

Puntu banaketarekin amaitu zen atzo Athleticek eta Alavesek San Mamesen jokatutako derbia: 1-1. Beñat Etxebarriak jaurtitako falta ikusgarri batekin aurreratu ziren etxekoak lehen zatiaren azken txanpan; baina, atsedenaldi aurreko azken jokaldian, Borja Bastonek area barruan galduta zegoen baloia eskuinez errematatuta egindako golari esker berdindu zuten lehia gasteiztarrek. Puntu banaketari esker, antzeko egoeran jarraitzen dute bi taldeek. Athleticek zazpigarren postuari eutsi dio, eta hiru puntu gutxiagorekin dago Alaves. Liga amaitzeko hiru jardunaldi falta dira, eta bi taldeek jarraitzen dute Europa ligarako sailkatzeko lehian.

Sailkapenari erreparatuz gero, Athletici mesede handiagoa egin dio puntu banaketak Alavesi baino. Hala ere, partidan gertatutakoa aztertuz gero, Abelardorenei aho zapore gozoagoa utzi die derbiak. Izan ere, sasoi guztian onenen artean egoteko aukera eman dion jokoa berreskuratu zuen Alavesek. San Mameseko Alaves ez zen izan azken jardunaldietan indarrik gabe eta ezinean aritu den taldea, baizik eta ohiko talde borrokalari eta lehiakorra. Defentsan sendo aritu zen, eta kontraerasoan zorrotz. Athletici, berriz, asko kostatu zitzaion aukerak sortzea. Zuri-gorriak baloiaren jabe izan ziren, baina ez ziren kapaz izan atzean zain zegoen talde bat gainditzeko. Zaharrak berri Gaizka Garitanoren taldean.

Alaves nagusi izan zen neurketaren lehen ordu erdian. Oso adi ekin zion lehiari. Abelardoren jokalariek argi zuten oldarkor jokatu behar zutela banakako lehietan. Horretarako, zelai erdia indartu zuen teknikariak. Martin Agirregabiria eskuin hegalean jarri zuen, eta Manu Garciari eman zion Raul Garciarekin lehiatzeko ardura. Defentsan bikain erantzun zuen gasteiztarren kapitainak. Gaizka Garitanok, berriz, freskatu egin zuen taldea. Sei aldaketa egin zituen hamaikakoan, eta ia guztiak erasoan nabarmentzen diren futbolarien aldekoa izan zen. Baina apustua ez zitzaion ondo atera. Alavesek ez zuen atzean sufritu, eta kontraerasoan gola sartzeko bi aukera on sortu zituen. Partida hasi berritan Williamsek zelai erdian galdutako baloia hartu zuen Borja Bastonek, eta pase neurtua eman zion erdi-erditik Athleticen arean sartu zen Jonyri. Ezker hegalekoaren jaurtiketak zutoina jo zuen kanpora joan aurretik. 22. minutuan izan zuen Alavesek bigarren aukera. Kasu honetan Jonyk egin zuen erdiraketa eskuin hegaletik, baina Baston ez zen gai izan izan ate aurreko errematea egiteko, eta hor zapuztu zen abagunea.

Athleticen suspertzea

Behin ordu erdia beteta hasi zen Athletic arriskua sortzen. Baleko lehen errematea Raul Garciak egin zuen, Beñatek eskuin hegaletik ateratako falta bat boleaz errematatuta. Gora joan zen jaurtiketa. Atsedenaldi aurretik etorri ziren Beñaten eta Borja Bastonen golak. Bigarren zatian aurrerapausoa eman zuen talde zuri-gorriak. Paseetan asmatzen hasi zen, eta atzean sartu zuen Alaves, baina gola sartzeko aukera garbirik sortu gabe. Hain zuzen ere, Alavesek izan zituen garbienak lehiaren azken txanpan. Duarte eta Inui areaz kanpotik ahalegindu ziren. Baina Wakasok izan zuen garaipenaren gola gertuen, 86. minutuan. Euskarriari aukerako baloia eman zion Inuik eskuin hegaletik, baina ezkerrez jaurti eta San Joseren gorputzean jo zuen baloiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.