SOSLAIA. Vanesa Fernandez

Zinebiko zuzendaria

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Datorren urtea hastearekin batera, Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendari lanari ekingo dio Vanesa Fernandez Guerrak (Durango, Bizkaia, 1980), egungo zuzendariak, Ernesto del Riok (Bilbo, 1954), erretiroa hartuko baitu orduan. Fernandez Guerra doktorea eta irakaslea da Ikus-entzunezko Komunikazioan (EHU Euskal Herriko Unibertsitatea). 2004. urtetik hainbat masterretako irakasle eta kudeatzaile izan da EITBn, EHUn eta UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta ikerkuntza aldiak egin ditu Argentinako Zinema Eskolan eta Tres de Febrero unibertsitatean. Gainera, irakasle gonbidatua izan da Kubako San Antonio de los Bañosko Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskolan. Bere ikerketa lerroa eta publikazioak zinema dokumental garaikidean oinarritzen dira batez ere. Hainbat libururen idazlea da. Azkenengoa, Lurraldeak eta Mugaldeak II. Agerraldiak eta presak Espainiako zinema dokumentalean (2015) izenekoa.

Zinebin aritua da Fernandez: film laburrak aukeratzeko batzordean eta film luzeen Zinebi First Film lehiaketarenean, esaterako. Programatu dituen zikloen artean daude, besteak beste, Trabajar. Luchar. Resisir (2016) eta Zinergentziak15 (2015). Horiez gain, Errautsak (2014), Distantziak (2015) eta Nosotras, mujeres de Euskalduna (2016) dokumental luzeen ekoizle eragile lanak egin ditu.

Fernandezek lehiaketa publiko bitartez eskuratu du zuzendari lanpostua. 2000tik kargu hori bete duen Ernesto del Riok erretiroa hartuko zuela jakinaraztearen ondorioz egin da lehiaketa. Azaroaren 10etik 19ra bitartean zuzenduko du beretzat azkena izango den Zinebi jaialdia, 59.a. Lan hori bete duen bitartean, bi film estreinatu ditu Del Riok: Valeria descalza (2011) eta telebistarako sortutako Los huérfanos (2013). 60. aldia Fernandezek zuzenduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.