Oztopoei aurre eginda, pozaldian segitu nahi du

Realak Espanyolen zelaian jokatuko du gaur, ligan. Merino eta Silva ez dira ariko, min hartuta baitaude, eta Elustondo ere ez, zigortuta baitago

Adnan Januzaj, baloiarekin, Valentziaren aurkako partidan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Realak aspaldiko albisterik eskasenak jaso ditu azken bi egunetan. Ostegunean eten zitzaion galdu gabeko hamazazpi partidako bolada ona, eta, gainera, Monakoren neurketa hartan, min hartu zuten taldean gako diren bi jokalarik: Mikel Merino eta David Silva ez dira ariko puska batean.

Kontuak zer diren, ordea, horrek ez du oraingoz Espainiako Ligan deus aldatu. Realak onenen multzoan segitzen du, eta halaxe jarraitu nahi du, gaur Espanyoli irabazita. Oztopoei aurre egin, eta pozaldian segitu nahi dute txuri-urdinek.

Garaipen bat litzateke horretarako onena. Donostiarrak aiseago ari dira etxetik urrun, eta hori dute berme. «Taldea ez da zalantzati ariko partida bat galdu duelako», esan zuen atzo Imanol Alguacil teknikariak, Monakoren aurkako norgehiagokari aipamen eginez.

Teknikari oriotarraren esanetan, duda-mudarik ez du sortuko ostegunean kale egin izanak: «Alderantziz. Halako aurkarien aurka hamazazpi partida galdu gabe egotea, horixe ez zen izan normala. Alde horretatik, bagenekien porrota noizbait iritsiko zela. Taldeari ez dio eragingo horrek, inolaz ere».

Realak irabazi egin ditu ligan Anoetatik urrun jokatu dituen zazpi neurketetatik lau, eta berdindu egin du beste hirutan. Dena den, Imanol ez da fio aurkariaz. Azaldu duenez, «Espanyolek ondo jokatzen du, baina, aldi berean, talde fisikoa du».

Horregatik, neurketa «zaila» aurreikusi du txuri-urdinen teknikariak, eta uste du lana gogotik egin beharko dutela kataluniarrei irabazteko: «Beste behin, neurketa exijentea izango da, Bartzelonari egin zion bezalakoa. Ligako partida guztiak dira halakoak».

Realaren aldean makalago ari da Espanyol, baina, halere, txukun ari da Bigarren Mailatik itzuli eta gero. Vicente Morenoren taldea 11. postuan dago sailkapenean, eta partida onak eta txarrak kateatu ditu. Irabazi dio Real Madril liderrari, eta galdu du Getafe azken-aurrenaren kontra.

Halaxe aurkitu du oreka, eta erakutsi du egun ona duenean gai dela onentsuenei ere irabazteko. Gaur zortzi, estutasun handiak pasarazi zizkion Bartzelonari, haien hiriko derbian. Imanol horren inguruan ere mintzatu zen atzo: «Ondo lehiatu ziren, eta, bigarren zatian, irabazteko aukera izan zuten. Sasoi ona egiten ari dira, eta teknikari ona eta multzo ona dituzte. Dinamika onean daude, jokoari dagokionez».

Arreta, norbere lanean

Kontrarioari begira aritu gabe, Realak «bere lanari heldu» behar diola esan du Realeko teknikariak. Orain arteko jokamoldeari heltzea du emaitza onak lortzeko modurik eraginkorrena, baina prestatzaileak nahitaez aldatu beharko du hasieratik ariko diren futbolarien zerrenda. Izan ere, Merino eta Silvaz gain, Aritz Elustondo ere ez da ariko, zigortuta baitago. Alexander Isakek jokatuko duen ere ez dago argi; aurrelari suediarrak orkatila bihurritu zuen ostegunean, eta azkenera arte ez da jakingo jokatuko duen. Hargatik, Julen Lobetek Bartzelonara bidaiatu zuen atzo arratsaldean.

Realak taldeko bizkarrezurra osatzen duten zenbait jokalari faltako ditu gaur arratsaldean, baina, oztopoak oztopo, garaipena eskuratu nahi du. Orain arte egindakoak berresten du apustu horren sendotasuna.

ESPANYOL-REALA
Espanyol. Diego Lopez; Aleix Vidal, Sergi Gomez, Cabrera, Pedrosa; Keidi, Yangel Herrera; Embarba, Darder, Puado; eta De Tomas.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Diego Rico; Gebara, Zubimendi, Turrientes; Januzaj, Oiartzabal; eta Sorloth.
Epailea. Mateu Lahoz.
Lekua. Cornella-Prat (40.000 ikusle).
Ordua. 16:15 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.