Zientzia

Zabor kamioiak espaziorako

Espazioko zaborra arazo larria, globala eta gero eta handiagoa da; baina zaborra gutxitzeko eta kentzeko ekinaldiak gutxi eta ahulak dira oraindik. ESA Europako Espazio Agentziak 2025ean espazioko zabor zati bat hartu eta desegiteko proiektu bat babestu berri du: CleanSpace-1.

Zabor kamioiak espaziorako.
jakes goikoetxea
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gizakiak arrastoa uzten du iristen den leku guztietan. Baita espazioan ere. Ez soilik Ilargian utzitako oinatzak. Arrastoa gero eta ugariagoa eta gero eta handiagoa da. Gizakiaren arrastoa, espazioan ere, zaborrezkoa da. Gizakiaren arrastoa, espazioan ere, atzera-bueltarik gabekoa da. ESA Europako Espazio Agentzia zaborra biltzeko proiektuak bultzatzen ari da.

Espazioko zaborra osatzen dute hara bidali eta bueltan ekarri ez dituzten sateliteek; sateliteetatik askatutako puskek; espazioko estazioetara bidalitako misioek eragindakoek, nahita edo nahi gabe; puska horien arteko talkek eragindakoek; leherketen ondorioz sortutakoek; astronauten erremintek; sateliteak eta bestelako elementuak espazioratzeko erabilitako suziri espazialen hondakinek; eta beste hainbatek.

Espazioko zaborra eragin duten gertaeren artean, aipagarriak dira bi: alde batetik, Txinak 2007an sateliteen kontrako misil bat probatu zuen bere eguraldi satelite baten kontra; bestetik, Ameriketako Estatu Batuetako eta Errusiako bi komunikazio satelitek talka egin zuten 2009an. Zerrendatutako zaborraren herena eragin zuten bi gertakari horiek.

ESAren datuen arabera, espazioaren aroa hasi zenetik 5.450 suziri espazial jaurti dituzte —kale egin dutenak aintzat hartu gabe—. Suziri horiek 8.950 satelite jarri dituzte Lurraren orbitan. Horietatik 5.000k jarraitzen dute espazioan; funtzionatu, baina, 1.950ek baino ez dute funtzionatzen. Gainerako ia 3.000 sateliteak espazioko zaborra dira.

Espazioko zaborra arriskutsua da. Lurraren inguruan bueltaka ari dira, oso azkar: 7-8 kilometro segundoko. Zabor zati handi batek satelite bat edota Nazioarteko Espazio Estazioa joz gero, kalte larriak eragingo lizkieke.

Horregatik, zabor puska handienak zerrendatu eta kontrolatu egiten dituzte. 22.300 inguru behatzen dituzte, badaezpada. Estimazioen arabera, ordea, bueltaka ari direnak askoz ere gehiago dira: 10 zentimetrotik gorakoak, 34.000; zentimetro bat eta hamar zentimetro artekoak, 900.000; eta milimetro bat eta zentimetro bat artekoak, 128 milioi. Espazioan mikroplastikoak ez, baina gizakiak sortu du mikrozaborra. Lurraren behe orbitan daude gehienak, Lurretik 200 eta 2.000 kilometro artean.

Gizakiak espaziora sateliteak eta suziri espazialak bidaltzeari utziko balio ere, zaborra handitu egingo litzateke: zabor zatien arteko talkek zati berriak sortzen dituzte eta prozesua etengabea da. Espazioko zaborra %50 handitu da azkeneko bost urteetan.

Kessler sindromea betetzeko bidean da. Donald J. Kessler NASAko aholkulariak 1970eko hamarkadan garatutako teoria da: Lurraren behe orbitan pilatutako zaborraren bolumena neurri batera iritsiz gero, zaborrak espazioko objektuak etengabe joko lituzke, eta gero eta zabor gehiago sortuko litzateke.

Milaka satelite gehiago

Gizakiak, gainera, ez dauka sateliteak bidaltzeari uzteko asmorik. Gero eta merkeagoa da sateliteak eraikitzea eta bidaltzea. Amazon, OneWeb, SpaceX eta Telesat konpainiek sateliteen megakonstelazioak sortzeko asmoa dute, milaka sateliteko multzoak, oraingoz Internet mundu guztira zabaltzeko. «Espazioko lehia berria» deitu dio Washington Post-ek. Zenbat eta zabor gehiago eta zenbat eta satelite gehiago, Kessler sindromea betetzeko aukera gehiago.

Espazioko zaborrari buruzko kezka aspaldikoa da. NASAk, Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak, espazioko zaborrari buruzko programa bat dauka; ESAk gaiari buruzko atal bat.

Abenduaren 9tik 12ra egin berri dute espazioko zaborrari buruzko lehen konferentzia, NASAk babestuta, Houstonen (AEB). ESAk urtarrilean antolatu zuen Lurretik gertuko objektuak eta zaborra antzemateko konferentzia, hori ere aurrenekoa.

Zer egin zabor horrekin guztiarekin? Ba al dago modurik zabor hori kentzeko? ESAk espazioko zabor zati baten bila joan, zabor zati hori hartu eta zabor zatia desegiteko lehen proiektua babestu du azaroan.

2025ean lortzea da asmoa. ClearSpace-1 ADR izena du misioak eta ClearSpace Suitzako enpresa izango da proiektuaren arduraduna. Lausanako Eskola Politekniko Federalean du egoitza. 120 milioi euro inguru izango ditu.

Helburua zabor zati bat kentzea da, baina baita etorkizuneko balizko negozio bati atea zabaltzea ere: espazioaren garbiketa. Erabilitako teknologia eraginkorra dela erakutsiz gero, benetako zabor bilketa zerbitzu bat sor lezakete espaziorako. Lurrean negozio handia da zaborraren bilketa eta tratamendua, eta hala izango litzateke espazioan ere.

ClearSpace ez da horretan ari den enpresa bakarra. Astroscale japoniarrak 2020an bertan bidali nahi du zaborra biltzeko espaziontzi bat. Erresuma Batuko Surreyko Espazio Zentroa zaborra harrapatzeko sistemak probatzen ari da, arpoi bat eta sare bat tartean.

Espazio guztia garbitzeak ezinezkoa dirudi. Zaborra biltzeko zerbitzu horiek zati handienak eta arriskutsuenak bilduko lituzkete.

Garabi zerbitzua

Zaborra biltzeko kamioia baino gehiago, Luc Piguet ClearSpaceko kontseilari ordezkariak nahiago du «garabia» deitzea haien CleanSpace One sateliteari. Piguetek espazioaren egoera autobide batekin alderatzen duelako: «Autobide batean autoa matxuratzen bazaizu, garabi batekin erretiratzen duzu. Ba garabi zerbitzu hori sortzen saiatzen ari gara. Garabi zerbitzu bat sortzen baduzu, eskuragarri egiten duzu zabor zatiak berreskuratu ahal izatea». Bitartean, espazioko autobidean, matxuratutako autoek bueltaka segitzen dute.

Izan ere, noren ardura dira espazioan utzitako sateliteak eta zabor zatiak? Pigueten esanetan, jaurti dituen herrialdearenak dira, espazioan dauden bitartean.

CleanSpace One bidaliko dute espazioko zabor puska jakin bat aurkitu, hartu eta deuseztatzeko. Vespa zabor zatia da, ESAk 2013an bidalitako Vega suziriaren zati bat. Ehun kilo inguruko pisua du, neurriz txiki samarra da, sinplea eta trinkoa.Lurretik 800 bat kilometrora dago. Zergatik Vespa? «Etorkizunean harrapatuko genituzkeen satelite zatiekin alderatu daitekeelako».

Operazioa ez da erraza. Piguetek bi zailtasun nabarmendu ditu. Bata, abiadura: «Vespa harrapatu behar duzu guztia orduko 28.000 kilometroko abiaduran mugitzen den leku batean». Bestea, mikrograbitatea: «Grabitaterik ez badago, ez dago marruskadurarik, eta horrek esan nahi du CleanSpace One-k Vespa harrapatu aurretik ukituko balu, haren norabidea eta portaera aldatuko lituzkeela».

CleanSpace One-k lau beso robotiko izango ditu, garroen modukoak, Vespa harrapatzeko. Hartu eta finkatu eta gero, orbitatik atera eta Lurreko atmosferara joango lirateke, bertan desegiteko. Izan ere, esperimentua da. Ez baitauka zentzurik zabor zati bakoitza berreskuratzeko satelite bat egiteak, espaziora bidaltzeak eta gero desegiteak. Horregatik sortu nahi dute garabi zerbitzu iraunkor bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.