Leganes 1-1 Alaves

Irabazi ezin denean, ona da puntua

Alavesek berdindu egin du Leganes azken-aurrekoaren etxean. Aurrea hartu dute babazorroek, baina ez die asko iraun. Partida orekatua izan da

Leganeseko Oscar Rodriguez eta Alaveseko Ljubomir Fejsa, atzo, Butarquen. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 0-1.: Lucas Perezek (46. min). 1-1.: Carrillok (59. min). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Leganeseko Bryan Gili, Awaziemi, eta Perezi; eta Alaveseko Duarteri, Fejsari, eta Vidali. Bestelakoak. 10. 043 ikusle Butarquen.

Markagailuak justizia egin zuen atzo Butarque estadioan. Leganesek eta Alavesek bana egin zuten espainiarren etxean, eta aho zapore ezberdinarekin amaitu zuten bi taldeek. Gasteiztarrek ontzat eman zuten puntua; aurrea hartu zuten bigarren zatiaren hasieran, baina pozak gutxi iraun zien. Mendizorrotzatik urrun puntu bat zakuratzearekin konformatu ziren. Kalekoa izan zen berdinketa Leganesentzat, puntu premia gorrian denez gero.

Bi taldeak garaipen gosez zelairatu arren, kosta zitzaien aurkariaren mataza askatzea. Zulotik ihes egin nahian da Leganes, eta Javier Aguirre prestatzaileak proposamen ausart batekin heldu zion partidari. Atzeko lerroan hiru jokalari kokatu zituen, hegal osoan ariko ziren bi taldekidez lagundurik. Alavesek, berriz, ohiko eran zelairatu zituen jokalariak, baina ez talde batek, ez besteak, ez zuen lortu aurrea hartzea.

Orekatua izan zen lehen erdia. Leganesek izan zuen partidakojokoa antolatzeko ardura lehen minutuetan, baina pixkanaka bere lekua egin zuen Alavesek.

Halere, etxeko taldeak izan zituen lehen zatiko aukerarik argienak. Oscarrek sortu zuen arriskurik handiena, eta hark bi gol sartzeko aukera izan zuen lehen zatian. Hegaletik ateratako falta baten ostean izan zuen lehena, 10. minutuan, eta atsedenaldira joan aurretik bigarrena. Pacheco atezainak atera zituen biak, eta lehen zatian hutsean amaitu zen.

Oso bestelakoa izan zen atsedenalditik itzulerakoa. Ernai zelairatu zen Alaves, eta ondo baino hobeto aprobetxatu zuen izandako lehen aukera. Joseluk egindako erdiraketak Leganeseko Omeruo atzelaria jo zuen, eta area barruan geratu zen baloia. Hura astindu, eta Alaves aurretik jarri zuen Lucas Perezek.

Partidak zapore ona hartu zionAsier Garitanoren taldeari, baina pozak gutxi iraun zion. Beharrak eraginda, urrats bat egin zuen Leganesek, eta estutasunetan jarri zituen babazorroak. Alavesek gola sartu eta hamar minutura balantza orekatu zuten espainiarrek. Oscar izan zen golaren sorburua; aise eraman zuen baloia, eta erdiraketa bikain baten ostean sarera errematatu zuen Carrillok, buruz.

Ordutik aurrera, deseroso aritu zen Alaves, eta ontzat eman zuen etxetik kanpora puntu bat biltzea. Alabaina, azken minutuan aukera bikoitza izan zuen mahai gainean kolpea jo eta irabazteko. Lucas Perezek eta Duartek aukera bana izan zuten, baina Cuellarrek ondo alderatu zituen bi erremateak. Irabazi ezean, puntuarekin konformatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.