Birkite Alonso.
LAUHAZKA

...eta ondo entzun

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Egun hauetan, beste hainbat euskal sortzailek bezala, Musikariak Ikastetxeetan tailer-saioak eskaintzen ari naiz Nafarroako DBH eta batxilergoko ikasleentzat, eta, beste hainbat gauzaren artean, euskaraz sortzeko nire arrazoiak azaltzen dizkiet bertan. Zergatik sortu euskaraz?

Orduan musika nola eskuratzen duten galdetzen diet. Nola heltzen da musika zuengana? Hamalau-hamasei urtekoen erantzuna orokorra da: mugikorrean daukat. Horixe, Interneten eskuragarri daukat musika. Eta zuek aukeratzen al duzue zein musika entzun? Bai. Nola dakizue zein talde edo bakarlari entzun? Lagunek pasatzen didate, Spotifyk eskaintzen dit. Youtuben agertzen delako. Non entzuten duzue musika? Etxean, kaskoekin kaletik ibiltzen noala, autobusean, agian bozgorailuan lagunekin parkean edo txokoan...

Kontzertuetara joaten al zarete? Ez. Hortaz ondorioztatzen dut musika bakardadean disfrutatzen duzuela gehienbat? Bai. Zuetako nork aukeratzen du euskal musika entzutea? Berrogeitik bostek edo zazpik altxatu dute eskua. Hogeiko beste talde batean hiruk, gainontzeko gelen antzeko.

Zuen adina nuenean kaleak eskaintzen zidan musika. Hamazazpi-hemezortzi urterekin Gasteizko Kutxi kaletik ibiltzen hasi ginen; alde zaharreko hormek eta galtzada-harriek hiriaren historia azaldu bezala, tabernen barruko zaratak kuriositatea pizten zigun, jai-giroko zein amorruz betetako melodia haiek barrura gonbidatzen gintuzten; euskaraz abesten eta oihukatzen zuten ahotsek, gitarrek, bateria kolpeek jende artean sare ikusezina osatzen zuten: kuadrillak abestu bitartean ezezagunak elkartuz ala aurrez aurre jarriz, herriari kirmentasuna agertuz ala maitaleak inguratuz.

Euskal talde eta bakarlariak kaletik etxean barrena sartzen ziren, ez ginen bila joaten. Berez heltzen ziren gugana. Bagare, Zulape, Herriko, Parraleko tabernariek, Gaztetxekoek, txosnetakoek, jai eta kontzertu antolatzaileek... haiengandik jasotzen genuen musika. Ez genuen beste inon bilatzerik,abesti haiek kalean entzun orduko kasetea grabatu edo CDa erosi (biniloak ere bai) eta orduantxe entzuten genituen bakardadean, etxeko aparatuan edo autoan, zoridunenak.

Itoiz, Zarama, Kortatu, Delirium Tremens, Anje Duhalde, Negu Gorriak, Danba, Baldin Bada, Oskorri, Hertzainak, Sorotan Bele, Joxe Ripiau, Ruper Ordorika, Lin Ton Taun, Su Ta Gar, EH Sukarra, Etsaiak... zuen adinean, esaten diet, hamazazpi-hogei urte bitarteko hartan euskara musikaren bitartez geureganatzen genuen: belarrietatik burura eta handik bihotzera.

Beranduxeago hasi ginen batzuk kanpora ateratzen eta bestelako hizkuntzatan entzuten, bidaiatzen. Bertakoarekin gogaituta edo aspertuta ez dakit, soinu berrien bila abiatu ginen ingelesez, frantsesez, alemanez... bestelako iturrietatik edaten eta ikasten. Estilo berriekin bat egiten, atzerriko gitarrak eta letrak jarraitzen, haietan galtzen, urruntzen. Euskaraz antzemandako guztia kaxoi zaharrean gordeta ziharduenaren noziorik izan gabe, ia ahaztuta.

Hala ere, nahi beste urrundu gintezkeen, etxea non aurkitu bagenekielako. Orain ulertzen dut etxea eraiki beharra zegoela nahi beste urrundu eta galtzeko arriskua hartzeko. Euskaraz entzun eta sortzeko bidea egin, eta bertatik itzultzeko aukera irekita sostengatuz.

Horregatik sortzen dut euskaraz, esaten diet, etxera itzuli ahal izateko.

Atzo etxera itzuli nintzen. Gonbidapena eskuan estutu eta Kafe Antzokiko atetik sartu bezain laster bertan antzeman nituen elkar besarkatzen, aspaldian ikusi gabeko irribarreak ezpainetan, tragoak eskuetan, zoriontsu. Iñigoganako doluak oroimenekin bat egin eta berriz elkartu zituen zimurrek bereganatutako begi ertzak, ile kiribildu urdinak, burusoil azpian lotutako adatsak, ilea harro zutitzen zutenen gandor txiki zilarrezkoak, artilezko jertseak, marradun kamiseta koloretsuak, larruzko poltsak.

Hantxe zeuden behin musika oparitu ziguten tabernariak, txosna eta gaztetxeetako jendea, manifa eta kontzertuetako antolatzaileak. Euskal musikari buruz irakatsi zidaten haiek Iñigoren bizitza eta ondarea ospatzera etorriak ziren, harentzako oparia irekitzeko irrika aurpegietan. Delirium Tremens, Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi... etxean ginela jakin genuen guztiok, behin gure parranda eta batzarretan lagundu ohi gintuen Iñigoren gitarrak Itxoiten ireki zuenean. Ferminek Gora herria eta Sarri, Sarri ohi baino tonu apalago baina ozen abestu eta salto egin genuenean. Andoni Basterretxearen Boga Boga oihartzuna bihotzeraino sartu zitzaigunean.

Gure gaztaroko doinu-bandaren zati handi bat sortu zuena zoriondu eta behar bezala agurtzeko etxeratu ginelarik, dolua, algara, mina eta maitasuna eztarrian korapilatu zitzaizkigun Ikusi eta ikasi... eta ondo entzun abestean, nire buruari nerabe horiek inoiz egingo ote duten galdetzen nion bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.