Garaipenik onena, itzultzea

Ezohiko itxurarekin zabaldu ditu ateak Galarretak. Protokolo zorrotza bete behar izan arren, berrehun lagunetik gora elkartu dira harmailetan, eta ilusioa nagusitu da. Emaitzak izan dira gutxienekoak.

Ikusle bat, maskara jantzita, atzo, Galarreta pilotalekuan. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
Hernani
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Azkena izan zen erretiratzen, eta lehena itzultzen. Duela hiru hilabete pasatxo azken jaialdia jokatu ondoren, erremontearen katedralak atzo zabaldu zituen ateak berriz ere, eta ez edonola. 200 lagunetik gora elkartu ziren Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian, eta guztiek izan zuten irribarrea ahoan. Protokolo zorrotza jarraitu behar izan arren, pozik eta ilusioz egon ziren harmailetan jaialdia ikusten, eta sekula baino gehiago baloratu zuten aukera hori. «Luze joan da geldialdia, buruhauste ugari izan ditugu, baina berriz ere hasteak sekulako ilusioa piztu digu. Pilotazaleak oso pozik egon dira», aitortu zuen Joxe Mari Barrenetxea Oriamendiko arduradunak. Eta bai, gustura hartu zuten etxerako bidea pilotazaleek.

Jaialdia abiatu baino ordu erdi lehenago suma zitekeen egun berezia zela pilotarentzat. Ezohiko itxura zuen Galarretaren kanpoaldeak, ohi baino auto gehiago baitzeuden aparkatuta. Ilusioaz gain, urduritasun apur bat ere nabari zitekeen pilotari zein pilotazaleen artean. Frontoira sartu baino lehen, neurri zorrotzak bete behar izan zituzten guztiek. Besteak beste, banaka-banaka tenperatura hartzen jardun zuten Oriamendiko kideek, eta eskuak desinfektatzea ere derrigorrezkoa zen. Behin frontoira sartuta, harmailetako aulki ugari zigilatuta zeuden. Barrenetxearen esanetan, beharrezkoa baitzen bi metroko distantzia mantentzea. «Ertzaintzaren bisita jaso dugu, ziurtatu nahi baitzuten dena egoki genuela, eta halaxe izan da. Jendearen erantzuna bikaina izan da, guztiek bete dituzte ongi neurriak, eta etapa berri baten hasiera izan da». Pilotazale orok izan zuen maskara jantzita.

Neurriak zorrotz bete ahal izateko, Oriamendik ohi baino lagun gehiago ipini zituen lanean, batez ere jendearen jarrera kontrolatzeko. Dena den, pilotazaleek ez zuten inolako arazorik eragin. «Etxetik etortzerako bagenekien nolako egoera topatuko genuen, eta gure helburu bakarra partidak ikustea zen. Ez da oso erosoa maskara jantzita egon beharra, baina puska batean hala egon beharko dugu», adierazi zuen Patxi Jauregik, Galarretara bildutako pilotazale batek. Haren esanetan, premia zuen frontoi batean izateko. «Telebistan bideoteka bidez eskaintzen dituzten partidak pozik ikusten dira, baina ez da nahikoa. Pilota zuzenean ikustea beste gauza bat da». Jauregiren iritzi berekoa da Lurdes Zabala ere. «Sarritan etortzen nintzen Galarretara, eta faltan sumatu dut. Pilota zuzenean ikusteaz gain, gustatzen zaigu gainerakoekin iritzia partekatzea, eta oso pozik egon gara. Gainera, gutxitan bezalako jendetza bildu da, eta horrek poz bikoitza eragiten du».

Pilotariak ere gustura

Pilotazaleak ez ezik, pilotariek ere sentimendu pozgarriak azaldu zituzten. Horietako bat izan zen Imanol Ansa. «Emaitza zen gutxienekoa. Pilotarion artean komentatzen genuen nolako egoera topatuko ote genuen, eta Galarretak izan duen jarrera bikaina izan da. Sinatuko genuke larunbatero berrehun lagun batzea. Ez gaude jendetza horietara ohituta, eta baikorrak gara aurrera begira».

Galarretaren 50. urteurrenaren Txapelketako emaitzei dagokienez, Ansa-Larrañagak 35-23 irabazi zieten Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.ari. Beste partidan, berriz, Juanenea-Endika izan ziren garaile, Urriza-Zubiriren kontra: 35-28. Txapelketak datorren larunbatean izango du jarraipena, ligaxkako bigarren saioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.