Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Errudunak

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Bada telebistako iragarki bat, 70eko hamarkadan AEBetan ezagun egin zena, Keep America Beautiful erakundearena. The Crying Indian izenez ezagutzen da, eta gaur egun ere erraz aurki daiteke Interneteko bideo plataformetan. Hona zer ikusten den bertan: Amerikako jatorrizko herriekin lotu dezakegun gizon bat, kanoa batean arraunean. Basoz inguratutako ibai batean dabil hasieran, baina berehala agertzen dira industriak, errepideak eta zaborra. Abiadan doan gidari batek axolagabeki botatzen du zakarra autoaren leihotik, eta, panorama horren aurrean, malko bat isurtzen du kanoako gizonak. Hala dio ahots batek: «Herri hau lehen zen edertasun naturalarekiko errespetu sakon eta iraunkorra dute batzuek. Eta beste batzuek ez. Jendeak hasi du kutsadura. Jendeak geldi dezake». Asmo onekoa dirudi, jendartearen kontzientzia piztu nahi duena, baina, aztarrika hasitakoan, dena ez da hain eder. Kanpaina egin zuen erakunde horrek ontziratutako produktuak merkaturatzen zituzten enpresak zituen atzean, eta, tartean, freskagarri konpainia ezagun bat. Euren produktuek sortzen zuten zaborra, eurak ziren katearen hasiera, baina kontsumitzaileengan jarri nahi izan zuten erantzukizuna.

Iazko irailean, Bihar: geroa aukeratu egitasmoa aurkeztu zuen BBK fundazioak. Ruben Orozco artista mexikarrak eginiko buru baten errepresentazio hiperrealista agertu zen Bilboko itsasadarrean, Zubizuri ondoan —El Correo kazetaren arabera, euriteak zirela eta kendu zuten gero, aurrerago berriz jartzekotan, baina jarri gabe dago artikulu hau bidaltzeko unean behintzat—. Lanak irudikatu nahi omen zuen «erabaki bakoitzarekin hondoratzea edo ur gainean mantentzea aukeratzen» dugula, etorkizunari kezkaz begiratuz. Itsasaldien arabera, ezkutatuta edo bistan egon zitekeen, eta klima aldaketaz ari zela eman dezake, jakina baita itsas mailaren igoera dela haren ondorioetako bat, baina perspektiba orokorragoa eman nahi izan zioten. «Lehiakortasun jasangarria» bultzatu asmo zuen, eta hala zioten BBK fundaziotik: «Kontzeptu hori ulertzen dugu eredu sozioekonomiko baten moduan, zeinak lehenesten baituen ongizate estatua ekonomia hutsaren aurretik, bizitzako eremu eta rol guztietan». Eskulturarekin batera, kartelak agertu ziren Bilbon, besteak beste mezu hauekin: «2033an azken ospitale publikoa itxiko da», «2033an klima-errefuxiatu bat izango zara», «2033an auzoko azken denda itxiko da», «2035ean zure arropa baino garestiagoa izango da ura», «2035ean, gazteak baino gehiago izango dira agure langileak», eta abar. Fikziozko film labur bat ere aurkeztu zuten gero, afera beren inguruan.

Hasieran, egitasmo honi buruz oraindik ezer jakin gabe, eta BBKren logotipoa zuten kartel horiek ikusita, bankuaren kontrako protestak zirela iruditu zitzaidan lehen begiratuan. Pentsatu nuen modu ironikoan salatzen zutela honako hau: bankuak direla desastre horien guztien erantzuleetako batzuk, euro batetik bi, hiru edo ahal bezainbeste ateratzeko ahaleginagatik. Alegia, brandalism kasu bat izan zitekeela pentsatu nuen, duela bi aste Donostian agertutako «Zatoz euskal poliziara» kartelen erara. Gerora konturatu nintzen oker nengoela, eta benetan zirela BBK fundazioarenak. Zinez, aurreikuspen horietako batzuk betetzeko bidean goazela dirudi, neurri batean dagoeneko nabari ditugulako: klima aldaketaren zantzuak, osasun publikoaren gainbehera, lan baldintzen prekarizazioa... Baina posible al da benetan desastre horiek ekiditea, euro bakarretik ahal bezainbeste euro zukutzeari muzin egin gabe? Banku bati loturiko fundazioa esaten ari zaigu —hala interpretatzen dut nik— herritarron esku dagoela desastrea ekiditea.

Eskulturari dagokionez, artearen eredu oso sinpletua zerabilen: mezuak helarazteko gauza epatantea. Baina arteak ez du epatante izateko batere beharrik, eta gehienetan ez du interpretaziorik inposatzen; marketinak bai. Kasu hau marketinetik gertuago dagoela iruditzen zait, gainera eskulturaren aurrean bertan jarri baitzuten zer traola erabili behar zen argazkiak eta selfie-ak sareetan zabaltzeko. Publizitatez inguratuta bizi garen honetan, arreta kolpatu eta mezu sinple ulerterraz bat eman nahi diguten edukiak ditugu edonon, eta batzuk galduta geratzen dira arteak gauza bera egiten ez badu.

Honek guztiak Jabier Muguruzaren kantu bat dakarkit gogora. Geure aukeren gainetik bizi izan ginela esan zitzaigun 2008ko krisiaren ondoren, eta, hori zela eta, letra hau prestatu zion Jose Luis Padronek, Errua nirea da: «Bai, badakit, eta damu naiz, nire aukeren gainetik jan ditut egunak. Egutegian sartzen diren orduak baino gehiago erre ditut. (...) Ilunean sartzen den argia baino gehiago agortu dut. (...) Infinituan sartzen den gogoa baino gehiago jarri dut. (...) Onartzen dut: damu naiz hainbeste bizi izanaz». Ironikoa da, jakina, eta kritika egiten dio erantzukizuna herritarren bizkar jarri nahi izateari. Baina kasu: aurrerantzean ere The Crying Indian-ek zerabilen estrategiak jarraitzen badu —herritarrak errudun egin nahi izan dira birusaren inguruko afera honetan ere, adibidez—, agian kantua guztiz barneratuta-sinetsita eta ironia ahaztuta abesteko poz zimela geratuko zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.