ATZEKOZ AURRERA

Etorkizuna ate joka BECen

Food 4 Future etorkizuneko elikagaien nazioarteko kongresua egin dute BECen. Erronka berrien giltza elikaduraren kudeaketan dagoela uste dute.

Food 4 Futureko Neikerren txokoko Boga garagardoa, BECen. M. DEL VALLE / FOKU.
Maialen Arteaga.
Barakaldo
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Geroa dirudi. Etorkizuna ate joka dabil, eta oraingoan BEC Bilbao Exhibition Centreko gela handi bat hartu du. Food 4 Future dio sagar teknologiko bat irudi duen sarrerako kartelak, «etorkizunerako janaria», alegia. Itxuraz, etxeko armairuan edo hozkailuan egoten diren ohiko elikagaiak dirudite azokako denek, baina, sakonki aztertuz gero, ekoizpen prozesuan faktore berritzaileak dituzte. Asteartetik atzora arte izan zen Food 4 Future nazioarteko kongresua Barakaldon (Bizkaia), hainbat hitzaldi, topaketa eta erakusketa izan dira bertan.

Etorkizunean ez galtzeko mapa bat dago atarian, txoko bakoitzaren izena, kokalekua eta informazioarekin. Hasi da etorkizunera bidaia. «Elikagaien industriatik abiatuta, gizartearen erronkarik handienari erantzutea da kongresu honen asmoa», azaldu du Irantzu Zubiaur Azti zentro teknologikoko Komunikazio Saileko ordezkariak. Baina zein da erronka handi hori? «Munduko populazioa hazi egingo da, 2050. urtean hamar mila miloi pertsona izango dira, eta horiek guztiak modu jasangarri eta osasuntsu batean elikatu behar dira». Izan ere, Zubiaurren arabera, elikaduraren sektorean egiten diren aurrerapausoek, kate bateko katebegi baten moduan, beste hainbat arlo konponduko dituzte: «Elikadura osasuntsuaren bidez hainbat gaitz saihets daitezke, eta horrek osasun sistemaren gastua murriztea dakar».

Teknologiaren garapenean ikusten du giltza: «Erantzuna teknologiatik etorri behar da, elikagai guztia modu jasangarrira egokitu, eta jendearen beharrizanetara moldatzeko». Erakusketako txoko eta postuak erronka horren gidariak dira.

Insekt Label Bizkaiko enpresa da horietako bat. Intsektuak elikadura katean txertatzeko helburua du, haragiaren gainprodukzioa saihesteko, eta, intsektuekin egindako osagaietatik abiatuta, elikagai osasuntsuagoak ekoizteko. Oraindik merkaturatze bidean daude. «Gizakiak elikatu nahi ditugunez, gure intsektuak ganadu izendatzea behar genuen, baina oraindik ezin ditugu merkaturatu. Hainbat azterketak frogatu dute osasuntsuak direla, eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtean izango gara merkatuan». David Avila Insekt Labeleko ekoizpen zuzendariarenak dira azalpenak. Mahaian kilker irinarekin egindako galletak eta patatak ditu: «Osasunaren arloan ere hainbat ikerketa egiten ari gara. Intsektuen propietateak dituzten botikak egitea da asmoa».

Beharrak aukera bihurtu

Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua ere etorkizunari begira ari da. «Etorkizuneko garagardoa» dio kristal azpian gordetako Boga markako botilak. Garagardo botila bat da, baina bereizgarri handi bat du: «Hemengo lupuluarekin egina dago. Bertako garagardoa egiteko garia badago, baina lupulurik ez. Erreka bazterretan jaiotzen da hemen, baina ez da landatzen, eta kanpotik inportatu behar izaten dute», zehaztu duOlatz Unamunzaga Neikerreko Baliabideen Kontserbazio arduradunak.

Behar hori identifikatuta, aukera gisa ikusi zuten: «Euskal Herrian lupulua landatzen hastea nekazarientzako dibertsifikaziorako aukera bat zen, eta, gainera, balio erantsiko produktu batekin».

2017an egin zuten proba: 1.200 metro koadrotan sei lupulu mota landatu zituzten. Lurrak eta klimak esku onez hartu zuen proposamen berria, eta hortik jaio zen Boga. Gainerako txokoen leloetan ere «jasangarritasuna» eta «bertakoa» irakur daiteke, baina, Unamunzagaren arabera, beti ez doaz lotuta:«Nahastu egiten ditugu. Hemen, neguan tomateak ekoizteko kontsumo energetiko izugarria behar da. Kasu horretan, jasangarriagoak dira Almeriakoak [Espainia]». Ekoizpen eta lehengai ezberdinekin, baina helburu berdinera bidean daude BECekodenak. Elikaduraren etorkizunak atea jo du, eta orainean sartzear dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.