Zientzia. Petra Rudolf. Fisikaria

«Inguru parekide eta inklusiboak osatzeak ikerketa indartzen du»

Rudolf sinetsita dago emakumeek eta gutxiengoek zeresan handia dutela zientzian; haatik, kezkatuta dago gazte askok zientzia uzten dutelako doktoretza-ondokoa egin ostean. Uste du zientzia oso garrantzitsua dela Europako etorkizunarentzat.

JON URBE / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aukeratu, iaz aukeratu zuten, baina apirilean estreinatu du Petra Rudolf fisikariak (Munich, Alemania, 1957) EPS European Physical Societyren lehendakaritza: elkarte horren historian lehenengo aldiz, bi emakume izan dira hautagaiak. Donostian izan zen atzo, Emakumeak zientzian: ikuspuntu historiko bat hitzaldia ematen, DIPC Donostia International Physics Centerrek eta Kutxa Fundazioak gonbidatuta.

Emakume zientzialariek egindako zenbait ekarpen garrantzitsu aztertu dituzu, Erdi ArotikXX. mende hasieraraino: zeren arabera aukeratu dituzu?

Jende askok ezagutzen dituXX. mende hasierako emakume zientzialariak, baina jendeak uste du Marie Curieren aurretik ez zegoela emakume zientzialaririk, eta horrekin hautsi nahi dut. XIX. mendean emakumeei egotzi zitzaizkien rolek asko baldintzatzen gaituzte: etxean zeuden, botereguneetatik kanpo, kultura eta zientzia determinatzeko inolako gaitasunik gabe. Eta hori gezurra da: emakumeak beti egon dira kulturan eta zientzian lanean.

Zergatik gertatu da hori?

Desberdintasun esanguratsuak daude Europako zonaldeen arabera. Erdi Aroan, nagusiki hezkuntza eta kultura lantzen ziren gizonen monasterioetan, eta ez ziren jabetzen emakumeen jakintzaz. Garai hartan boterea zuten emakumeek ezagutza zientifikoak eduki behar zituzten, erantzukizunak baitzituzten: lur jabeen emazteak lur horietako biztanleen osasunaren erantzule ziren: medikuntzaz jakin behar zuten, sendabelarrez, eta abar. Gizon bat gaixotzen zenean, emazteari irakasten zion bere lanbidea, diru sarrerei eutsiko bazieten; berdin semerik ez eta alabak baino ez bazituzten. Erabat ohikoa zen hori. Ekonomiak beti izan du zerikusia horretan: dirua sortuko duen gizonik ez dagoenean baimentzen zaie emakumeei lan egitea, etekin hori jasotzen jarraitzeko.

Gizonen aldean, emakume zientzialari gutxi dira ezagunak. Zientzian emakume gutxi dabilela esan nahi du horrek?

Emakume gutxiago sartu izan dira zientziara, gauza askoz gehiago zeuzkatelako egiteko. Horrez gain, kontuan izan behar da oso jende gutxik zuela eskuragarri heziketa, gaur egungo egoerarekin alderatzen badugu. Jakin-mina izatea ez da nahikoa: heziketa behar da jakin-min horrekin zerbait egiteko. Garai hartan heziketa jasotzeko aukera izan zutenak oso gutxi eta oso pribilegiatuak izan ziren, baita gizonen kasuan ere.

Zergatik geratu izan dira emakumeen ekarpenak ezkutuan zientziaren historian?

Arrazoi asko egon dira. Ikerketek erakusten dute 30-35 urte bete ostean, emakumezkoen argitalpenak askoz gutxiago ziren gizonek egindakoak baino; 50 urte betetzean, ordea, sekulako gorakada egiten zuten. Bizitza osoa kontuan hartuta, gizonezkoek zein emakumezkoek lan kopuru bera egiten zuten, baina garai desberdinetan egiten zuten. Gizonek, normalean, gehiago argitaratzen zuten gazte garaian; ondoren, kudeaketa lanetan hasi ,eta ez zuten ekarpen gehiago egiten zientzian. Emakumeak gaztetan lanpetuago egoten ziren haurrekin eta etxeko kontuekin: gero, zientziara bueltatu, eta oso produktiboak ziren. Beraz, lan garrantzitsuenak zaharragoak zirenean egiten zituzten, eta ez ziren gizonak bezain ezagun bihurtzen: gizonek denbora gehiago zuten euren lana aitor zedin. Nire belaunaldiko emakumeek eta aurrekoek horixe bera jasan behar izan dute.

Arrazoi gehiago ere izango zen, ezta?

Alemanian edo Frantzian, esaterako, emakumeek ezin zuten botere posturik izan akademian: hori halaxe izan zen Marie Curie iritsi arte, eta hari ere kosta zitzaion lortzea. Hezkuntzarako sarbidea erabakigarria zen; esaterako, Parisko Jardin des Plantsen —Erregearen lorategia deituan— kimika, medikuntza eta abar ikasten zituzten XVIII. mendean. Irekia zen, eta edonor joan zitekeen hara: ez zen Sorbona, baina jende ezagun asko aritu zen han irakasle, eta emakume zientzialari asko atera ziren eskola hartatik: oinarrizko hezkuntza jaso zuten han, eta gero euren kabuz jarraitu zuten lanean. Beraz, oso kontuan hartzekoa da garai historiko bakoitzeko testuingurua.

Zeintzuk dira zientzian ibilbide profesional luze bat egiteko ohiko zailtasunak? Emakumeek zailtasun gehiago dituzte emakume izateagatik?

Arazo gehienak joera inkontziente batengatik sortzen dira: ez da gizonek emakumeen aurka egiten duten zerbait, gizarteak emakumeen aurka egiten duen zerbait baizik. Eta horregatik beragatik dituzte arazo gehiago emakume politikariek hautatuak izateko, edo edozein alorretan ibilbide bat izan nahi duten emakumeek. Uste dugu emakumeak eta gizonak berdin ikusten ditugula, baina ez da egia: konfiantza gehiago ematen digu gizon batek emakume batek baino. Horrek zaildu egin du —eta oraindik ere zailtzen du— emakumeok ibilbide profesionalean aurrera egitea. Askotan, pertsona bat kontratatzean, epaia desberdina izaten da hautagaia gizona izan edo emakumea izan. Emakumea bada, egin duen guztia begiratu eta galdetzen dugu ea eskaintzen dugun lana egin dezakeen; gizona bada, lan hori egiteko potentzialitatea ba ote duen galdetzen dugu. Eta hori epaitzeko modu oso desberdina da, eta arazo handia da.

Kontziliazioak ere izango du zerikusirik, ezta?

Familia eta ibilbide profesionala uztartzea oso zaila da edozein lanbidetan, baina bereziki zaila da zientzian. Izan ere, jendeak uste du ez zaudela engaiatuta eta ez daukazula zientziarekiko pasiorik ez badiozu lanaldi osoa eskaintzen. Ez dauka zentzurik, baina jende askok esan izan dit. Zientzialariek ez dute lan egiten proiektu bakar batean; bost bat izan ditzakete esku artean aldi berean. Horrek esan nahi du ezin diotela lanaldi osoa proiektu bakar bati eskaini, eta ez du esan nahi ez direnik dena ematen ari bakoitzarekin. Zailtasunak ez dituzte emakumeek bakarrik; edozein gutxiengoko kideek ere pairatzen dituzte desberdintasunak: desgaitasun fisikoak dituztenek, sexu orientazioagatiko diskriminazioa jasaten dutenek... Kopuruz, emakumeak ez dira gutxiengo bat gizartean, baina bai fisikan edo ingeniaritzan.

Jar dezakezu adibideren bat?

Hitzaldian bat aipatu dut, Ben Barres biologoak Nature aldizkarian 2006an argitaratutako Does gender matter? [Generoak inporta du?] artikuluaren harira. Transexuala zen: emakume jaio zen, eta gizon bihurtu zen. Sinesgaitza da gertatu zitzaiona. Aditu batek hau esan zuen hari buruz: «Zeinen lan ona egin duen Benek: bere arreba baino askoz hobea da». Eta ez zeukan arrebarik. Horrek erakusten du esaten ari nintzena.

Botereguneetan gizonak soilik egoteak ere baldintzatuko du joera hori, ezta?

Jakina, baina esan beharra dago gero eta kontzientzia handiagoa dagoela. Horri esker, badakigu zer onura dituen taldean jende desberdina edukitzeak, eta oso inportantea da hori: estatistikek esaten dutenez, zenbat eta talde inklusiboagoak osatu, orduan eta konpromiso handiagoa dute kideek taldearekin, handiagoak dira kohesioa eta elkarlana eta, are, lankidetza handiagoa egiten da beste lantalde batzuekin. Inguru parekide eta inklusiboak osatzeak ikerketa indartzen du: beharrezkoa da zientzia hobea izan dadin.

Hitz egin izan duzu andreek ibilbide profesionalean aurrera egiteko gakoez: zeintzuk dira?

Oso garrantzitsua da beldurrik ez izatea, eta lankide onak izateak laguntzen du. Emakumeei eragiten dien arazoetako bat da ez daudela behar beste etxeko gizon [barreak]: guztiaz arduratuko balira, emakumeek euren lanean kontzentratu ahal izango lukete. Ez diot hori denik konponbidea, baina gizonak inplikatzeak lagunduko luke: lanak zenbat eta banatuago, errazagoa da guztiontzako. Egun, ezagutzen ditudan emakume batzuk beldurtuta sumatzen ditut, zoritxarrez: nire belaunaldikoek beldur gutxiago zuten, eta lan mundura sartzeko zituzten baldintzak ere izugarriak ziren.

Apirilean hartu berri duzu European Physical Societyko lehendakaritza: zer lan ildo nagusi izango dituzu?

Hiru gauza egin nahi ditut nagusiki. Batetik, gazteen talentua garatzeko lan egin nahi dut, zeren konturatu baikara askok uzten dutela zientzia doktoretza ondokoa egin bezain pronto: talentu pila bat ari gara galtzen. Bestetik, zientzialariek politikariekin hitz egiten ikas dezaten nahi dut: oso gutxi egiten dugu, eta askoz gehiago egin beharko genuke. Zientzia orokorrean, eta fisika zehazki, oso garrantzitsua da Europako ekonomiarentzat: horregatik, oso garrantzitsua da etorkizunerako ikerketa bultzatzea. Europak ekonomikoki lehiakorra izan nahi badu, ikerlariak behar ditu, eta hori ulertu behar dute politikariek. Horrez gain, aztertu behar dugu nola atera ahalik eta etekin gehien aniztasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.