Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Igarlearena

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

Etorkizunak arduratzen bazaituzte, jolas bat dut zuentzat. Ez diozue geroan pentsatzeari utziko, baina beste kristalezko bola batean bilatuko duzue agian. Etorriko dena imajinazioaren ahalmenetik at geratzen zaidanean egiten dudan ebasio-ariketa bat da: halakoetan, imajinatzen dut etorkizuneko fikzioak nola irudikatuko duen gure oraina. Covidaldi, Covidaro, Covid urte, nola deituko diogu 2020ari sinopsietan? Distopia errealista kategoria sortu beharko dugu? Nola interpretatuko dugu ordurako iragan izango den hau? Aitortu behar dut niri jada hamaika istorio kutre samar okurritu zaizkidala, igande arratsaldetako filmetarako modukoak gehien-gehienak (nobela edo antzerkia beste baterako utzi ditut). Dramak ekidinezina dirudi, aizue: etorkizuneko gu horiek entretenitzeko eta negar malkotan uzteko moduko material asko dago.

Imajinatu thriller politikoak: Urkullu, Zupiria edo Tapia The West Wing telesailaren pareko krisialdi kabinetean. Gerra zikina, erabakirik zailenak ordu txikitan, hauteskundeak pandemia betean egitearen edo kulturguneak ixtearen aldeko speech gogoangarriak... Edo imajinatu melodrama erromantikoak: itxialdian elkar ikusi ezin izan duten Romeo eta Julieta modernoen barne bakarrizketak leihoaren aurrean, pijaman hasperenka. Edo bestela imajinatu ospitaletako langileen arteko elkarrizketak, eskas argiztatutako pasilloetako eszena gogorrak, ohe bat nork merezi duen eztabaidak sentsazionalismo huts bihurtzen (Anatomia de Grey-k, 32. denboraldian amaitzen denean, ordezkaria beharko du). Imajinatu soinu-bandarik gogoangarriena isolatuta hil diren horien azken uneak laguntzen. Supermerkatuetako borrokak kamera geldoan, komuneko papera lurrean desbiribilkatzen modu saihetsezinean...

Moztu!

(Fribolizazio hutsa da ariketa hau, dugun egoera honi ihes egiteko modu txoro bat. Une honetan ez du ekarpenik egiten, ez dio egoerari laguntzen, eta, gainera, imajinatzaileak nahi duen lekuan jartzen du fokua: errealitate poliedrikotik interesatzen zaion aurpegian. Imajinatzaileak ez ditu ezagutzen errealitatearen zoko-moko guztiak eta, beraz, ez du eskubiderik kapitalizatzeko albokoaren tragedia. Ala bai?).

Fikzioarekin jolastea gustuko dugunok ezin dugu makineria nola edo hala gelditu: arma-fabrikek bezala, gure burmuinek ere martxan jarraitzen dute, errealitaterik gogorrenaren bizkarroi. Oraingoan galderak baino ez ditut atera jolasetik. Hemen bi, potoloak: zertarako balio du fikzioak gizarte batek egoera kolektibo lazgarri eta larriak bizi dituenean? Ezer konpontzeko ahalmenik ba al du?

Eta hemen hiru ondorio. 1. Zerbait konpontzera datorrenean, fikzioa beti dator berandu. Hemendik hogei urtera, Moriako errefuxiatuei edo itsasoan ito direnei buruzko filmak Oscar saria irabazten duenean, konpentsatuko al da gaur egun zuzenean ikus dezakegun giza tragedia? (Ez). Osasun-langileek edota zahar etxeetako langileek baliabide eskasekin ausarki nola aurrera egin zuten erakusten duten filmek ordainduko al dute oraingo etsipena? (Ez). 2. Iragana konpondu ezin duenez, aukera bakarra du fikzioak: hura konpentsatzea; hau da, hura berreskuratu, orduan egin ez ziren aitortzak eskaini, eta gure memoriak elikatzea. Baina orduan ere ez da garaiz heltzen, testuinguruak baimentzen dionean baizik, hau da, botereak halako gaiez hitz egitea onartzen duenean. Normalean, egoera lazgarri hori gainditu ostean, edo egoera hori gogoratzea komeni denean. 3. Litekeena da umorea izatea abilena halako une latzetan gizartean eragiteko, dramaren arauei ihes egiteak badituelako abantailak (Charles Chaplinen The Great Dictator datorkit gogora).

Esandako guztiarekin ez dut fikzioa gutxietsi nahi, inondik inora. Ezin ditu gauzak unean-unean konpondu, baina beste balio batzuk ditu, ikaragarri garrantzitsuak. Iraganera begira eta etorkizuna gogoan baino ezin dira sortu nobelak, antzerkiak edo filmak: hori da fikzioaren boterea eta indarra. Gogoeta egiteko parada hartzen duten pertsonak dira sortzaileak eta imajinatzaileak, eta horrek balio izugarria du. Gainera, esango nuke fikzionatuta dagoen horrekin gehiago enpatizatzen dugula askotan, edo errazago uzten dugula fikzioak eragin diezagun. Izan ere, zaila da errealitate gordinari aurre egitea inolako bitartekaririk gabe. Fikzioak lan hori hartzen du bere gain, samurtu egiten digu bidea, eta perspektiba berriak eskaintzen dizkigu (modu interesatuan batzuetan, ez beti txarrerako).

Nahiko genuke baten batek «Moztu!» esan eta hau amai zedin, baina gu ez gara maskaradun extra-k, eta hau ez da Black Mirror: ez dago gidoi biribilik idatzita inon, eta, beraz, datorrena ikusteke dago oraindik. Bitartean, geure kristalezko bolari galde diezaiokegu gizartearen zer arlori nahiko genukeen arreta eskaintzea etorkizuneko idazle edo filmegileek, horrek akaso emango digulako pistaren bat orain garrantzizkoa denaren inguruan. Gainera, gure imajinazioa martxan mantenduz gero, baliteke lehenago berreskuratzea gure aldarrikapen- eta irudimen-indar kolektiboak, azken aldian apal samar dauden horiek, eta, horrela, fikzioa zorrotz itzuliko da bere lana egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.