Gasteizko jaiak

Txosnak zutik, bi urteren ondoren

Gasteizko txosnek 42. urtea bete dute aurten. Berrikuntza gisa, Herrizoma elikadura sarearen artisau garagardoa eskaintzen dute, eta birziklatzeko bost edukiontzi jarri dituzte.

Aurten 35.000 edalontzi berrerabilgarri eskatu dituzte. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Abuztuaren 4an eman zieten irekiera, alde zaharretik txosnetara egindako kalejirarekin batera. Antikapitalismoa, feminismoa, ekologismoa, euskal presoenganako elkartasuna eta internazionalismoa oinarri ideologikoen pean, Gasteizko herri mugimenduak urte osoan landutakoa jaiekin uztartu du txosnen bitartez. Eta instituzioek antolatzen dituzten ekitaldien aldean beste «jai eredu alternatibo bat» emateko asmoz.

«Denentzako jai herrikoiak» posible direla aldarrikatzen duen jaigune bat izatea nahi dutela adierazi du Itsaso Zabaleta Askapenako eta txosna batzordeko kideak (Iruñea, 1991). Oinarri politikoak jaigunean materializatzea, Zabaletaren arabera, «ez da ariketa erraza». Txosna batzordeko kideak bi urtez egon dira hausnarketa prozesu batean buru-belarri, eta oinarri ideologiko horiek nola materializatu aritu dira lantzen. Txosna batzordea osatzen duen kolektibo orok urte osoan bere «lan politiko propioa» egiten duela azaldu du.

Hamar kolektibok hartzen dute parte Gasteizko txosnetan: Errekaleor Bizirik, Jardun, Ernai, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, Askapena, Sukaldegerrilla, Mugimendu Feminista, Ikasle Abertzaleak, Iraultza 1921 eta Hala Bedi irratia. Orotara, zazpi txosnak, bi karpak eta karpa komun batek osatzen dute eremua.

Antolaketa prozesua urte osokoa da. Logistikoki beharrezko prestaketarako, egitaraua osatzeko, muntaketa egiteko, edarien eskariak egin eta jasotzeko, udalaren baimenak lortzeko eta txandak betetzeko, jende andana ibili da lanean. Txosna bakoitzean ehun txanda inguru bete behar dituzte Zabaletaren arabera, kontuan hartuta karpetan txanda gehiago ere badaudela, ordutegi luzeagoa dutelako eta gainerako txosnak baino beranduago ixten dituztelako.

Urtero legez, egun bakoitza bereizgarri egin dute: abuztuaren 5ean elkartasun eguna ospatu zuten; abuztuaren 6an, ikasle eguna; gaur gazte eguna izango da, eta 8an, entxosnazio eguna. Txosnak zutik mantentzeko lan hori ez da erraza izan aurten: antolaketa prozesua, dakarren lan guztiaz gain, zailagoa izan delako sentsazioa du Zabaletak; izan ere, bi urteko geldialdiaren ondoren, zailtasunak eduki dituzte «jendea aktibatzeko, inplikatzeko eta jendeak txosnak bere egiteko»: «Jendea desaktibatuagoa zegoen, eta zailagoa egin zaigu haiengana heltzea».

Aurtengo berrikuntza moduan, bost edukiontzi jartzea erabaki dute zaborra birziklatzeko: lehen, beira, papera eta plastikoa baino ez zituzten bereizten, baina aurten organikoa eta errefusa ere egingo dituzte. Gainera, eskaintza ekologista aurrera ateratzeko, plastikozko 35.000 edalontzi eskatu dituzte —Gasteizko gaztetxearekin batera—, eta lehengaiak, eta saiatu dira eskaintzen dituzten otorduak edo edari motak etxean eginak eta bertakoak izan daitezen, tokiko produktuekin eginak eta ahal denik eta ekologikoenak. Gasteizko Herrizoma elikadura sarearen artisau garagardoa ere eskaintzen dute, gainerako artisau garagardoekin batera.

Kontzertuei dagokienez, urtero bezala, askotariko musika taldeak izango dira. Egun bakoitzean musika estilo antzekoa jotzen duten taldeak programatu dituzte, horrela egun bakoitzean musika estilo ezberdin bat egon dadin. Gaur, 22:00etatik aurrera, Tatxers, Brigade Loco, Rotten XIII eta DJ Skarolo arituko dira txosnetako oholtza nagusian.

Erasoen aurka, prest

Era berean, feminismoaren aldarria ozen iritsi da txosnetara. Aurten ere martxan dago mugimendu feministak diseinatutako protokoloa. Protokolo horretan azaldu dute nola jokatu eraso matxistak gertatzen direnean, erasotuari babesa emateko eta erasotzailea kanporatzeko. Kolektibo guztiek egin dute bat protokoloarekin.

Telefono zenbaki bat dago salaketak egin ahal izateko (717-41 48 34), eta mugimendu feministaren txosnara joanda ere salatu daiteke. Zabaletak hauxe gogorarazi du: «Tamalez, indarkeria matxista presente dago oraindik ere gure inguruan, eta, horregatik, beharrezkoak dira oraindik horrelako protokoloak, betiere denentzat seguruak izango diren jai eremuak bermatu behar ditugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.