LAUHAZKA

Hirien mintzoa

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hiriek hitz egiteko gaitasuna dute. Hiriak, txiki zein handiak, berezko hizkuntza batean mintzo dira. Kaleen antolamenduak, zentzu estetikoak, naturaren presentziak, kale-izenek... giro zehatz bat itxuratzen dute. Karrikaz karrika goazela, hiriaren mintzaira hori intuitiboki barneratzen dugu, eta ohartzen gara nola urratsez urrats ibiltzen ditugun kale horiek gure memoria indibidual eta kolektiboaren parte garrantzitsu bat osatzen duten.

XX. mendetik aitzina, hiriak dira biztanle gehien biltzen duten bizitokiak, eta hiriak, halabeharrez, gatazka eta laborategi politiko askoren kokaleku bilakatu dira, haietan baitaude kapitalismoaren esperimentu eta garapen sofistikatuenak, gaur egun. Gatazka horiek guztiak ere, jakina, intuizioz jasotzen dugun hiri-mintzaira horren parte dira. Baina bizigune horiek ez dira berezkoak edo naturalak, baizik eta historia, kultura eta politika osagai dituen batuketa konplexu baten ondorio. Horregatik, antzeko kezka eta gogoetak azaleratzen dira Mendebaldeko hirietan.

Lehendabiziko kezka mugikortasunak eragiten digu. Aurrez aurre probokatzen gaitu, eta begi-kolpe batean ematen digu hirigintza-planean oinezkoei eta hiritar guztien mugikortasunari emandako garrantziari buruzko informazioa. Ez da gauza bera hiri barruan auto asko ala gutxi ibiltzea, kaleetan abiadura handian ala txikian mugitu ahal izatea, autobusak ugariak eta sarriak ala urriak eta noizbehinkakoak izatea, umeak kalean beren kasa ikustea ala beti helduek lagunduta. Faktore horiek guztiak autoen erabilerak eragiten dituen arazoei aurre egiteko dagoen borondate politikoen ondorio izaten dira.

Bigarren buruhaustea kaleen okupazioaren ingurukoa da. Izan ere, turismoaren atzapar sendoek beste ezerk baino indar handiagoarekin estutzen dituzte gaur egun hiriak, eta hori da, hain zuzen ere, jardun politikoaren erronka nagusia. Hiri bat zirkuitu globalaren ibilbidean sartzen denean eta, horren ondorioz, turismoak hiria hartzen duenean, giza paisaia berehala aldatzen da, baita kaleen eskaintza ere; karrikak eta plazak errentagarri bilakatzen dira, finantza-prozesu gordinarekin zuzenean harremanetan jarrita.

Bada hirugarren kontu bat ere, hirien osasunaren berri ematen diguna: esparru autonomoen kopurua eta eremu horiek hirian duten zilegitasuna. Formari zein ereduari dagokienez, era askotakoak izan daitezke, eta, Euskal Herriko hirietan, zentro sozial edo gaztetxe esan ohi diegu. Toki horiek errentagarritasun-harremanetik at egoten dira, eta esperimentazioaren garapenerako esparru paregabeak dira. Beren izate hutsagatik, hiriak errentagarri bilakatzeko asmoen etsai izaten dira, eta, ondorioz, gatazka-gune bilakatzen dira.

Hirien hizkuntzaren gainean ari garelarik, bistakoa den laugarren alderdi bat dugu aztergai: espazio publikoaren izendapena. Kaleen eta parkeen izendapena ideologia eta balio desberdinen ondorio da. Hamaika adibide aipa ditzakegun arren, esango dugu, besterik gabe, kaleak elizgizonez, militarrez eta historian leku bat izan duten gizonen izenez beteta daudela. Iruñeak, esaterako, Armadaren etorbidea, San Juan Bosco edo Carlos III. ekarri dizkigu gure kaleetara. Gatazka sinboliko horietan garrantzi bera dute bai izendatzen direnek, bai kanpoan gelditzen direnek, hots, lekurik ez dutenek.

Biztanleen egunerokoan aldaketak gauzatzeko, nahitaezkoa da lau esparru horiek aintzat hartzea; bestela, ezinezkoa izango da ezein keinu estetiko edo kultural egitea. Eremu bakoitzak gatazka-gune desberdin bat mahaigaineratzen badu ere, hari batek lotzen ditu guztiak: eztabaidak, aurkakotasunak eta etsaiak eragiten dituzte, eta ez da erraza horietan lan egitea; horregatik izendatzen ditugu gatazka-gune. Automobilen aurka egitean, ekonomiaren funtsari aurre egiten diogu, bai eta hiritarren ohiturei ere. Turismoa arautzeko premia nabarmentzen dugunean, multinazionalak zein zirkuitu globalak mugatzeko beharra plazaratzen dugu. Hirietako esparru autonomoen ekosistemari eusteko nahiak, berriz, espekulatzaileen eta gaur egungo erregimena defendatzen dutenen hitzei aurre egin behar izatea dakar berekin. Espazio publikoen izenetan aldaketa eraginkorra egiteak, azkenik, eztabaida biziak pizten ditu biztanleen artean.

Horiek guztiak izanen dira hirietan politika kultural sakon eta eraginkorrak egiteko aukera emanen digutenak. Hortik kanpo, hiri horietatik urrun kudeatzen den kapital finantzarioen kontrola besterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.