ATZEKOZ AURRERA

Principala, artista begiekin

Antzokiaren mendeurrena dela-eta antolatu dituzten bisita gidatuek ikusmina piztu dute; emanaldi baten atzean dagoen lan guztia erakusten dute, aldageletatik ehundegira.

Bisita gidatuan parte hartu duten kideak, agertokiaren gainean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Artistak balira bezala. Hala hartu ditu Gasteizko Principal antzokiak atarian bildu diren hamar emakumeak. «Pentsa Romeo eta Julieta antzeztera zatoztela», iradoki die Pablo Sanzek, antzokiko teknikariak. «Gaur goizean heldu zarete, eta dena prestatu behar duzue». Bada, testuinguruan murgilduta zeharkatu dute 1918ko eraikinaren atea, baina ez ikusleek erabiltzen dutena. Ez. Antzezleek erabiltzen duten hori baizik, artista begiekin ikusteko Principalaren sekretuak.

Antzokiak bisita gidatuak eskaintzen ditu mendeurrenaren ospakizunekin lotuta. Lanegunetan, Gasteizko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak sartzen dira. Asteburuetan, berriz, zortea duten gutxi batzuk. «Lagun bat gaixorik jarri delako etorri ahal izan naiz; ez dut esango poztu naizenik hark ondoeza izateaz, baina sarrera nahi ote nuen esan zidanean...», azaldu du bisitarietako batek, irribarre txiki batekin. Bisita gidatuetarako sarrera guztiak amaituta daude, aspaldi, bai euskarazkoak eta bai gaztelerazkoak.

Pablo Sanz teknikariak du antzokiaren barrenak erakusteko ardura. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Principalean lanean, eta ilusioz azalduz doa dena. Hasteko, langileen sarbidea; hortik sartzen dute antzezlan bat egiteko behar den guztia: dekoratuak... Horri buruz hitz egitean gerora hainbatetan errepikatuko duen hitza esan du, lehen aldiz: muga.

Duela mende bat egindako eraikin bat da Principal antzokia, eta, duela hogeita bost urte zaharberritu zuten arren, egitura ordukoa da, eta, hein handian, baita ajeak ere. Horrek nortasun berezia ematen dio eraikinari, baita traba batzuk jarri ere: agertokiaren aurrealdea atzealdea baino 30 zentimetro beherago dago; taulara heltzeko atea txikia da... Sanzek azaldu du horrek ikuskizun handiak hartzea zailtzen duela. «Baina munduko antzokirik politena dela esana dut dagoeneko, ezta?», gaineratu du, barre artean.

Aldageletarako bidea hartu du Romeo eta Julieta antzeztuko duen alegiazko konpainiak. «Aldagelek ez dute glamour handirik, baina etortzen diren artistek esan ohi digute erosoak direla». Aldageletan askotariko jantziak daude eskegita: batean, soineko hori bat tanto zuriekin; beste batean, mutiko baten jaunartze jantzia; korridorearen amaieran, Pierrot jantzi baten alkandora... «Komeniko litzateke aldagelen espazioa handitzea, baina zaila da hori egiteko espaziorik aurkitzea». Aldageletako leihotik lan batzuk ikus daitezke; etxadi horretan merkataritza proiektu erraldoi bat egiten ari dira.

Sototik ehundegiraino

Bisitak antzeztokiaren azpiko biltegian jarraitu du. Handik, musikarien sotora mugitu da, taulara gero, eta, azkenik, ehundegira: hau da, antzezlanen atzealdeko paisaiak gordetzen diren lekura, bederatzi metroko altuerara agertokiaren gainean. Dozenaka soka daude han, beste horrenbeste poleari eta paisaiari lotuta, baso batetik baserri batera pasatu ahal izateko segundo gutxian. «Teknikarien lanari esker asko dotoretzen da antzezlana, asko janzten duzue», aitortu dio emakumeetako batek gidariari. «Ez pentsa, garrantzitsuena antzezlea da; ona bada, larre baten erdian ere hunki zaitzake», erantzun Sanzek, umil, aitortza eskertu aurretik.

Ehundegitik jaitsita, agertoki gainean, argien eta soinuaren garrantzia gogorarazi du antzokiko teknikariak. Bisitariei azkar joan zaie bi orduko bisita. Hala adierazi dute kalerako bidean direla. «Ze ona!», batek. «Errepikatzeko modukoa!», besteak. «Etortzen naizen hurrengoan artista begiekin ikusiko dut Principala», azkenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.