ATZEKOZ AURRERA

Gabonak atrezzo

Gabonetako Azoka antolatu dute asteotarako Donostian, eta txabola itxurako dendak jarri Urumearen ondoan. Jende gutxi ibili da egunotan, euriteengatik eta haizeteengatik.

Arratsaldean denda gehiago zabaldu zituzten. Eskuinean, azokako soldaduen irudiak, lurrean, haizeak ez botatzeko. JON URBE / FOKU - J.G.
jakes goikoetxea
Donostia
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Atrezzoa Gabonetakoa zen, baina aktoreak ez. Donostiako kaleek Gabonetako apaingarriak eta argiak zituzten; Gabonetako azoka ere bazegoen, eta dendetako erakusleihoetan produktuak bezain garrantzitsuak ziren Gabonetako zuhaitzak —Olentzerorik eta Mari Domingirik ez kale nagusietan—. Baina Gabon girorik ez zegoen. Ezta Gabonetako ikur bihurtutako erosketa poltsarik ere erosle presati eta konpultsiboen eskuetan.

Donostiako atrezzoa Gabonetakoa zen atzo eguerdian, baina ez zegoen Gabon girorik kalean. Ezta egunotarako propio antolatutako azokan ere. Denda bihurtutako egurrezko txabolen ilara luzea Urumea pasealekuan.

Guztiak itxita zeuden atzo eguerdian. Guztiak? Ez. Bakarra zegoen zabalik: Aqua Vitae Cocktails. Ixteko arrazoia: haize zakarra egiten zuela. Donostiako Sustapenak —udalak sortutako sozietate bat da— saltzaileei gomendatu zien atzo goizean ez zabaltzeko.

Bryan Gonzagak, ordea, txabola zabalik zeukan. Aqua Vitae Cocktails ez da kokteletan espezializatutako taberna bat, baizik eta ostalaritzarako eta ekitaldietarako koktel zerbitzua eskaintzen duen enpresa bat. Koktelak egiteko ikastaroak ere antolatzen ditu. Ikastaro horietako baten bidez iritsi zen Gonzaga koktelen mundura, eta horregatik zegoen Aqua Vitaeren txabolan. Bertako nagusi eta irakasleak eskaini zion lana.

Kafe usaina, koktelak egiteko botilak ordenatuta, eta likido gorri ilun bat, ontzi batean bueltaka txabolaren barruan. «Ardo beroa da, ardo beltza, geuk espeziaz ondua: kanelarekin, anis loreekin, kafe aleekin, koko ziroparekin...».

Goizetan eskatzen diote ardo beroa Gonzagari. Baita kafeak, teak eta irabiatu beroak ere. Arratsaldez, mojitoak eta piña coladak.

Gonzaga, 22 urte; duela dozena bat urte Ekuadortik Euskal Herrira iritsia. Pandemiaren lehen urtean pizza banatzaile aritua, zerbitzari gisa lan bat lortu eta motorra bazterrean utzitakoa. «Gogorra da euriarekin eta ekaitzekin pizzak banatzen aritzea».

Gonzaga bezeroen zain zegoen bitartean, udal langileak lanean ari ziren inguruko lorategietan eta espaloietan. Kolpeak batean, mailu pneumatikoaren kirrinka bestean. Lurrean etzandako soldaduen irudiak lekuko.

Internet eta saltoki handiak

Txabola ireki, txabola itxita utzi, duda-mudaka, Xabat Osa Carbajo. Mañeko produktuen saltzailea: pastelak eta ogiak batetik, hestebeteak eta kroketak bestetik. Gabonetako Azokaren egunetan, egunero egiten du Mallabitik (Bizkaia) Donostiarako bidea. Kexu da, aurreko egunetan, zubi egunetan batez ere, jende gutxi ibili delako euriaren eraginez.

Azokak oso garrantzitsuak dira artisauentzat. COVID-19agatik bertan behera utzi zituzten asko. Egoera ikusita, astindu bat eman zioten Mañekoren webguneari eta sare sozialei. Apustu handia ere egin zuten: «Postu finkoak jarri ditugu hainbat merkataritza gunetan». Azoketara joan ahal badute, bezeroek aurrez aurre erosten diete; bestela, Internetez.

Artisauak dira: haiek egiten dituzte produktuak. «Okindegiak eta gozotegiak badaude herrietan, baina ez daukate gureen moduko produkturik», goratu ditu haienak Osak. Euskal pastelak, baserriko ogia, Idiazabal gaztarekin egindako gazta tarta, txistorrak, odolkiak, kroketak eta, haien izarra, erroskillak. Osa Donostian zen eguerdian, baina 06:30ean hasia zuen laneguna, eskaerak prestatzen eta partitzen.

Bilboko eta Donostiako santomasak galdu dituzte. Itxaropena du Irunen, Hondarribian... azokak egingo direla. «Azokak kendu dituzte, eta futbol zelaiak beteta daude oraindik. Zer egin behar dugu baserritarrok?». Txabola ireki, txabola itxita utzi, duda-mudaka jarraitu zuen Osak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.