ATZEKOZ AURRERA

Begirada zaurituak

Emakumeek nazioarteko gatazketan jasaten duten indarkeriari buruzko erakusketa bat zabaldu dute Donostiako Okendo kultur etxean, Gervasio Sanchez fotokazetariaren argazkiekin.

Mauj al Obaidi, 9 urterekin, AEBetako hegazkinen eraso batean zauritu zutenean. Ondoan, 19 urterekin, zaurien orbanekin. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ikuslearen begiek argazkietako begiekin bat egiten dutenean, begiradak barruraino sartzen zaizkio ikusleari. Ezin die izkin egin. Ezkerrera edo eskuinera mugituta ere, begiradek jarraitu egiten diote. Mariatu Kamararenak, Mauj al Obaidirenak, Haurin Khaderrenak, Noemi Carabalirenak, Shamilarenak, Eusebia Arrocherenak, Titi Mbayorenak, Blanca Nubiarenak... Baita izenik gabe ageri diren neska eta emakumeenek ere. Mutilatuak, bortxatuak, zaurituak, senideei erauziak, gerran aritzera behartuak... dira. Gizonek azpiratuak, beti.

Indarkeriak. Emakumeak. Gerrak. Hiru hitz, erakusketa bat laburbiltzeko. Izen bereko liburua argitaratu zuen iaz Gervasio Sanchez fotokazetari espainiarrak, eta erakusketa bat osatu zuen liburuko 40 argazkirekin eta istoriorekin. Emakumeek nazioarteko gatazketan jasaten duten indarkeriari buruzko erakusketa da. Donostiako Gros auzoko Okendo kultur etxean jarri dute egunotan, apirilaren 30era arte, Donostiako Udalak eta Euskal Fondoak antolatuta.

Begiraden erakusketa bat da, batez ere. Alde batetik, Sanchezen begirada, munduko hainbat lekutako egoera eta bizimodu gordinak argazki kamerarekin jasotzeko. Bestetik, argazkietan ageri diren nesken eta emakumeen begirada, Sanchezi eta ikusleari.

Eusebia Arrocherena. 12 urte. Aitaren eta anaien sexu abusuetatik ihesi, prostituta bihurtu zen, Guatemalako Hirian. Bezeroek gainerako prostitutei halako hiru edo lau ordaintzen zioten, haurra zelako. Handik urte gutxira hil zen, sexu bidez kutsaturiko gaixotasunen eraginez.

«Hilerri bat naiz»

Mauj al Obaidirena. AEBetako hegazkinek jaurtitako bonbek eta tiroek zauritu zuten, 2003an, Irakeko Jilata herrixkan. Al Obaidik 9 urte zituen. Ia besoa galdu zuen. Hamar urte geroago, agerikoak ziren besoko zauriak. Betirako eragindako samina ez, baina poemen bidez adierazten zuen: «Hilotzez beteta dagoen hilerri bat naiz; ezpainetan hilik datzan irribarrea».

Harin Khaderren begiraturik ez dago. Begiak itxiak ditu, oinazearen oinazez. 15 urte besterik ez. Zauriak sendatzen ari zaizkio Arbilgo Emergency ospitalean, Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoan. Gurasoek bera baino askoz ere ahaide zaharrago batekin ezkonarazi nahi zuten; berak, berriz, adin bereko lehengusu batekin ezkondu nahi zuen. Anaiak keroseno ontzi bat eta pospolo bat eman zizkion, eta bere buruari su emateko agindu. Khaderrek bere burua erre zuen, eta anaia begira geratu zen. Haren gorpua eta bizitza zauri bat dira.

Inelia Hermosillarena eta Ana Gonzalezena. Augusto Pinocheten diktadura ezagutu eta sufritu zuten biek Txilen. Hermosillaren semea, Hector Garay, 1974an desagerrarazi zuten, 18 urte zituela. Hermosillak semearen oheko maindireak aldatzen zituen astelehenero, bueltatzen zenerako.

Gonzalezen senarra, bi semeak eta erraina desagerrarazi zituzten. Gonzalezek lauren argazkiak ditu bularrean, eta Nalvia Mena errainaren adatsa eskuetan, desagertu baino hiru hilabete lehenago moztua. Senideei gertatutakoaren berririk jakin gabe hil ziren Hermosilla eta Gonzalez.

Korapiloa

Eguerdia da Donostian, eta tarteka ikusleren bat sartzen da erakusketara. Maria donostiarra denbora luzez egon da Mariatu Kamararen argazkiari begira, haren begiradak harrapatuta. Kamarak 15 urte ditu. Eskurik gabeko beso batek eusten dio buruari. Bi eskuak moztu zizkioten 1999an, Sierra Leonako gerran.

«Nola kateatzen zaituzten begiradek...», dio Mariak, hunkituta. Oso interesgarria iruditu zaio erakusketa. Barruraraino sartu zaio: «Erakusketak pena handia eragiten du, gorputzaldi txarra uzten du erakusten duen guztiagatik; baina mundua halakoa da, zoritxarrez. Zure bizimodua baldintzatuta dago, jaiotzen zaren lekuaren eta sexuaren arabera».

Maria baino minutu batzuk geroago sartu da Kontxi, etxera bazkaltzera joan aurretik, erosketa poltsan bi ogi dituela. Korapiloa sortu dio erakusketak: «Erakusten du gugandik zein urrun dagoen beste askoren sufrimendua, bai geografikoki, bai emozionalki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.