ATZEKOZ AURRERA

EHZn, mila kolore dantzan

EHZren bigarren egunak kolore orotako publikoa erakarri du plazarat. Zirkuak eta bertso eta rap saioek jendetza bildu dute Irisarri erdigunean.

Oihan OPH rap kantari gazteak gogor salatu du baxoa eta brebeta euskaraz egitea debekatzea. PATXI BELTZAIZ.
Ainize Madariaga
Irisarri
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun

«Guretzat egina da horko txapel hori», bota dio Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Miren Artetxe Sarasolari, eriaz erakutsiz antolatzaileek atera berri duten EHZ txano berria, marroixka. Ekia jalgi ahala onddoak bezala ari dira hazten Irisarriko (Nafarroa Beherea) plazan. Entzuleek adi zaizkie bi bertsolariei, Ekhi Erremundegik ezarri gaiari nola ematen dioten errefera: plazarat jalgi diren bi adinetako irisartarren arteko solasa. Irriz ari da itzalari lotzen ari zaion entzulea, ile puntak turkesa kolore biziz tindaturik. Beñat Gaztelumendiri egin dio omenaldia Erremundegik, ikusi baitute urtez urte EHZ laguntzen, berdin zaborra biltzen, kozinan edo aparkalekuan. Baina Gaztelumendik nola ikusten du EHZ?: «Ikusi dut nola mimatu eta inertzia nola eten/ ta asmatu dut Euskal Herria nola izan daitekeen». 26. aldi honi gorazarre ere egin dio bertsolariak: «Festibal batek nola iraun duen nahi ta ezinaren mugan».

 

Itzalguneak garestitzen ari badira ere, publikoa fidela zaio saioari: ile puntak urdindu dituenari izerdia dario kopetatik beheiti, baina errima eta doinuek bahitu diote gogoa. Alta, zentzugabeko langarrek eten diote haria: gibeleko neskatikoak eragiten baitio botila berdeari, inguruko guziak urez lainoztatuz. Esker oneko irriek inguratu dute haurra.

Ospitalearen aitzinaldean, ezohiko kolorea hartu du sonoritateak: «Kenavo», «Trugarez»... Yael Jolivetek lehentze du EHZn, GBB festibaletik dator: «Bretainiako EHZ» da. Kideekin batean etorri dira ikustera nolakoa den EHZ, GBB «hobetzeko». Bretoiera eta euskara iniziazio kurtsoak batera eman dituzte goizean: «bikaina» izan da.

Mikroak isildu dira, eta agertu orduan zolan paratu zituzten tapizen begitartea, altxatu baita publikoa: berde, ubel, laranja eta turkesa. Egia erran, EHZren egitaraua bezain koloretsua zola.

Pilota plazan eleka ari da jendea, basoa eskuan, masailak ongi gorriturik, usu eguzkitako kremak besoak edo lepoa zuriturik. Bikotea solasean ari zen, baina erdibitu ditu ilea arrunt arrostua duenak: irri ezin zabalagoaz, besoez besarkatu bi-biak, taula gainera hurbiltzera gomitatuz: Sarini Zirkoren aitzin gustua da. Bildu ditu ikusleak. Eta ikusleek beroari aitzi egiteko ekarri dituzte orotariko ekitakoak: tita gorri eta beltzduna, arrosa, grisa, nahasia... Airosa da giroa, zirkurako ezin egokia.

Peluxezko loroa pausatu zaio sorbaldan, baina jatsa gorria ere sartu bere bizitzan, eta biez maitemindu da. Ez daki hiruren arteko balsa nola dantzatu; horregatik, zilar, ubel eta zuri kolorezko uztaiez zernahi konbinazio egin ditu. Bai ere, hain abilki, begi formako trapezioan ezin gehiago asma zango eta beso korapilo. Enamoratzeak sor lezakeen oinazea irudikatu du ganibeten bidez zirkuko artistak. Alegia zauritu da eta odolaren gorria mintzatu.

Segitzen du ekitakoen ugaritzeak: aldaera guziek bat egin dute EHZn, konfeti itxurakoa ere zabaldu baita. Rap Emankizunak hartu du protagonismoa; Oihan OPHk salatu du erdarazko azterketen inposaketa beltza. Gaitzeko arrakasta bildu du, elkartasunaren txanoaren babespean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.