ATZEKOZ AURRERA

Irribarre dantza

Erromeria Eguna egin dute Errenterian. Dantzariak kalejiran ibili dira herrian, Aiko dantza taldeak animatuta. Guztiek zuten gogoa berriro ere kalean dantzatzeko.

Selfie bat, Erromeria Egunaren itzulera gogoan izateko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Errenteria
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Automatikoa izan zen: Aiko taldekoen txistu hotsa hasi bezain pronto, jendearen hankak mugitzen hasi ziren. Gero, gerriak eta besoak. Dantzan hasi ez zirenek ere nekez euts ziezaioketen hankarekin musikaren erritmoan lurra jotzeko tentazioari. Minutu gutxi batzuetan, edozein herri eta hiritako plaza zirudiena —karratua, umeen parkearekin eta arkupearekin— dantzaleku bihurtu zen. Asteburu sargori bateko eguerdia, erromeria.

Jende nagusia elkartu zen batez ere atzo eguerdian Errenteriako (Gipuzkoa) Koldo Mitxelena plazan. Gehienak emakumeak. Ordurako, txistulariek hasia zuten kalez kaleko ibilbidea, herritarrei gogorarazteko bi urteko etenaren ondoren bueltan zela Erromeria Eguna, Ereintza dantza taldeak antolatuta.

Aikokoak, musika tresnak eta bozgorailuak probatzen. Dantzarietako batzuk, hamaiketakoa egiten. Beste batzuk, itzal bila. Talde argazkiak. Besarkadak. Joaldunak, joareak jartzen: bata lurrean belaunikatu eta besteak indarra egiteko hanka bizkarrean jarriz eta soka estutuz.

Eta txistu, gitarra, danbolin... hotsa entzun bezain pronto, jendea dantzan. Batzuek botila ura eskuetan; bakarren batek garagardoa. Beroketa izan zen, Errenteriako kaleetan abiatu aurretik.

Erromeria ibiltaria

Aikokoek tresneria eta bozgorailu guztiak hartu zituzten, eta musikariak eta dantzariak kalejiran abiatu ziren hurrengo geldialdia egitera, Niessen kulturgunera, Xabier Olaskoaga plazara. Erromeria ibiltaria.

Herritarren eguneroko eginbeharrak eta dantzarien saioak nahastu ziren. Batzuk erosketa poltsekin aurrera eta atzera; besteak Aiko taldeko Patxi Labordaren azalpenei eta mugimenduei jarraitzen.

Irribarreak ziren nagusi guztien aurpegian. Dantzara, festara joanak ziren Errenteriako Erromeria Egunera. Irribarre bat Kontxi Mitxelenaren aurpegian. Betidanik gustatu zaio dantza egitea. Duela 11 urte, dantza talde bat sortu zuten berak eta lagunek. Hemezortzi dira, horietatik lau edo bost gizonak. Dantza taldeari jarritako izenak adierazten du haren izana ere: Giro Ona.

«Dantzan ondo pasatzen dut», zioen Mitxelenak. «Musika hasten baldin bada, hankak ere mugitzen hasten dira». Haren alabak ere duela urte batzuk aritu ziren dantzan, baina alabek dantza utzi zutenean, ama hasi zen. «Pena bat dut», esan zuen, ondotik, Mitxelenaren lagun batek: «Helduak garela hasi gara dantzan; lehenago hasi behar genuen».

Dantzarien zirkulu batek hartu zuen Xabier Olaskoaga plaza. Aurrena alde batera, gero bestera. Soinekoen eta aurreko mantalen festa. Kolore eta itxura ezberdinetakoak. Loredunak eta soilagoak. Oinetan, guztiek espartinak. Guztiek ez. Gizon bat Asics markako kirol oinetakoekin: anima sana in corpore sano.

«Dantza bizitza da»

Dantzarien artean, beste hiru irribarre: Arantxa Mujika donostiarra, eta Nere Mujika eta Maite Arraiago errenteriarrak. «Dantza bizitza da niretzat», Nere Mujikak. Dantza asko egindakoa da. Gaztetan, igandero. Gaur egun, Beti Prest dantza taldean. Izena eta izana bat eginda, hor ere. COVID-19agatik ezarritako itxialdian ez zion utzi dantza egiteari. Musika jarri, eta etxean egin zuen dantza.

Arantxa Mujikarentzat «euskal gune oso polita» da Erromeria Eguna, eta «erroetara bueltatzea», berriz, dantza egitea. Maite Arraiagori, «sendatzeko» balio dio dantzak. Galderak erantzun bezain pronto bueltatu ziren hirurak dantzara, La cucaracha-ren doinuekin, baina euskal dantzen mugimenduekin. Eta kalejirak aurrera jarraitu zuen. Erromeria Egunak ere bai.

Dantza festa ez zen atzo bukatu. Dantza asteburua da Errenterian: Errenteria Dantzan eguna egingo dute gaur. Ereintzak eta Gineako Grupo Cultural Netos de Bandim taldeak dantza egingo dute, 19:00etan, Zumardian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.