ATZEKOZ AURRERA

Zoriontasun partekatua

Bi urtez itxita egon ostean, berriz ireki dute ateak Barakaldoko Umeen Gabonetako Parkea. Umeak pozik daude parkearen itzulerarekin, baita gurasoak ere.

Haurrak suhiltzaile lanetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Barakaldo
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Oihuak, irriak eta umeak alde batetik bestera korrika. Barakaldoko (Bizkaia) BECen antolatzen duten Umeen Gabonetako Parkeak berreskuratu egin du pandemia aurretik zuen itxura. Haur askok oraindik eskolak zituzten atzo. Hala ere, ateak zabaldu bezain pronto sortu ziren ilarak hiru pabiloietako barraka batzuetan. Gazte batzuk ikastetxearekin joan ziren; beste batzuk, ordea, gurasoekin.

Lehenengo pabiloia kirol jarduerei zuzenduta zegoen, baina barrakaren bat ere bazegoen: hala nola matxinsaltoa. Bertan zegoen Marta Morianoren semea. Marta, berriz, pixka bat urrunago, eserita. «Semeak lehenengo motako diabetesa du, eta ikastolak txangoak egiten dituenean ni etortzen naiz haiekin, bera zaintzeko», azaldu zuen. Pozik zegoen Moriano: «Umeak gozatzen ikustea zoriontasuna da niretzat. Gurasook ilarak itxaron behar izaten ditugu, baina merezi du, haien alaitasunaren truke».

Puzgarriak zeuden hirugarren pabiloian. Eta izotz pista bat ere bai. Hainbat gazte zebiltzan patinatzen, Zea Maysen erritmoan. Haurren bat erori egiten bazen, barre egin, eta segituan altxatzen zen, patinatzen jarraitzeko. Izkina batean, bideojokoetan jolasteko aukera zegoen. Nerea Munitza zen Emakunderen erakuslekuko arduraduna: «Fortnite jolasa dugu hemen, eta bost ordenagailu hauek jarri ditugu neskek euren liga jokatu dezaten». Adierazi zuenez, neskek «sekulako jazarpena» jasaten dute joko elektronikoetako maila gorenetan. «Horregatik eman diegu espazio hau». Guraso batzuen jarrera salatu zuen: «Ez dute ulertzen neskentzat bakarrik izatea». Izan ere, beste ordenagailu ilara bat ere bazegoen, eta edonork jolas zezakeen bertan.

Bosgarren pabiloiak erakartzen zuen jende gehien. Hor zeuden barrakak, eta ilara luzeenak ere bai. Ohe elastikoez Jonatan Javier Vazquez arduratzen zen. «Gaztetxoak dira, eta begiratu behar dut ohe bakoitzean haur bat besterik ez dagoela; batzuetan bi jartzen dira», azaldu zuen. Jendea bazegoela esan zuen, baina arratsalderako gehiago espero zuen.

Nahiz eta lehenengo pabiloian matxinsaltoa egon, bosgarreneko matxinsaltoa jendez gainezka zegoen. Eta ondoan zegoen lapikoa ere bai. Bi horietan entzuten ziren oihu gehienak: barreek eta sustoek eragindako oihuak ziren.

Irribarreak nonahi

Popof izeneko trena bueltaka ari zen, eta pailazo bat zegoen bertan, pailazokeriatan. Jendeari adarra jotzen zion igeri egiteko txurro batekin. Halako batean, trenetik salto egin, eta barrakaren kanpoaldean alabak buruan eman zion itxaroten ari zen emakumeari. Sustoa hartu zuen Esther Fernandezek, eta barre egin zuen. Barrakaren denbora amaitu zenean, Ariane eta Alex alabak harengana hurbildu ziren. Aita ere bertan zegoen. «Berdin zait orain zeinetan muntatzen garen», esan zuen Alexek, ahizpa txikienak. Ez zen parkera joaten ziren lehenengo urtea, Arianek azaldu zuenez: «Bi urte egon gara parkerik gabe; gogoa genuen etortzeko». Amak gehitu zuen urtero bi edo hiru aldiz joaten direla. Gustura zeuden atzo, ez zegoelako «hainbeste» jende. «Hurrengo astea infernua izango da». Hala ere, Ariane eta Alex bueltatuko dira.

Igeri egiteko txurroaz gain, beste txurro batzuk zeuden. Goxoagoak. Jatekoak. Txurro dendaren aurrean zeuden Aritz eta Oihan anaiak. Aritzek 9 urte ditu. Oihanek, berriz, 6. Txurroak eta azukrezko kotoi zati bat zuten esku artean. Euren lehenengo aldia zen parkean. «Autotxokeetan ibili gara, eta oso ondo pasatu dugu», adierazi zuen Aritzek.

Ohikoa da gurasoek barraketan dauden seme-alabak kanpoaldetik agurtzea. Barrakan muntatuta zein itxaroten, umeen aurpegian zein gurasoenean, irribarrea zen nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.