ATZEKOZ AURRERA

Azkena biderako

Askotariko animazioek hartu dituzte EHZ festibaleko plaza eta pentzea bigarren egunean. Irisarri utzi aitzin, orain arteko ibilbideari begiratzeko tartea hartu dute antolatzaileek.

Jendetza bildu da lehen egunetan. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Irisarri
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Lehen gaueko nekea, begi itxiez begira. Ez bada ongi entzuten, ez da baflea, gu gira», kantatu du Miren Artetxek. Musikariez lagundurik bertso-poteoa abiatu berri da Irisarriko plazan. Fite osatu da zirkulua haien inguruan, adi, bat-bateko ariketaren emaitza entzuten gogoz. Aitor Bizkarra eta Ramuntxo Christy ditu lagun Artetxek, eta hasi orduko abisatu dute bi gazteenek, bezperako bestaren ondorioak pairatzen ari direla oraindik. «Gaur aho lehor» diren horiek atzo «mingain lerdetsua» zutela erran du Bizkarrak, «nola liteke ajearekin horren irribarretsua?», galdetuta. Irria ez da eskas izan, alta. Musikari jarraikiz, tonua atxikitzen lanak izan dituzte bertsolariek, orain gora eta orain behera, eta publikoaren karkailak eragin. Saio erdian euri tanta batzuk ere hasi dira, inor ausartu gabe bertsolariengatik izan dela erraten.

EHZtik kanpora ere begiratu dute, Frantziako Poliziak 17 urteko gazte bat hil ondotik izan diren istiluak aipatuz. «Frantzian nonbait arraza baita miseriaren sinonimo», Bizkarraren hitzetan, «Naheli agur eta ohore, su piztaileei animo». Errepresio logika horretaz Euskal Herrian ere zerbait badakigula erantsi du Artetxek.

Bertsolarien ondotik, Jon Martinez Txiki umoregileak giza eboluzioaren historia kontatu du,bere maneran. Paleolitikotik antsiolitiko garaira pasa garela erran du, eta abisatu: «Ez naiz lagunak egitera etorri». Irun eta Hondarribia, Goierri eta Baztan, AHT, ikastolak, Pirritx eta Porrotx, Mikel Goñi... askotariko erreferentziak izan ditu ahoan.

Euri zaparradak hasi dira, baina ez dute plaza hustu. Zirimiriak ez ditu festibalariak bustitzen. RTZ rap kolektiboaren erritmoan ari dira dantzan eskua gora altxatuta. «Euriaz futitzen gara», diote ozen mikrotik. Baionako Zizpa gaztetxean aritu dira trebatzen azken urteetan, «zenbat izerdi eta zirriborro», eta EHZ bilakatu da haien erakusleihoetako bat. «Eskola berria gu gara».

Agurra eta autokritika

Bost urte eman ditu Irisarrin EHZk. Berpizte urteak. Belaunaldi gazte berri batek hartu du antolakuntzaren ardura, eta zazpi probintzietako publikoa erakarri dute, Euskal Herriko osoko festibalaren irudia emanez. Kanpotik begiratuta, ikuspegi baikorrak gaina har lezake, baina ispilura begiratu eta autokritika egiteko baliatu dute hiru eguneko festa prestatu duten laguntzaileek.

Galdera sorta bat egin dute gaueko ekitaldian: «Zein gorputz egon da plazako eta pentzeko oholtza gainean azken urteetan, eta zein ez? Migratzaileek zein oroitzapen gordetzen dute festibaleko plaza hartu zuten momentuaz? Nola zuritu dugu geure burua batzuetan? Zenbat dira haien inguruko neskak deseroso sentiarazten dituztela ohartzen diren gizonak?». Egindako bideaz eta festibala bilakatu denaz harro egoteko motiboak badituztela ere erakutsi dute, hala ere: «Zein kanpalekutan elkartzen dira mitikiletar bat, tafallar bat eta galdakoztar bat? Nork eginen zukeen apustu duela 27 urte, festibalaren sortzaile izan zirenen seme-alabak egungo laguntzaileak izanen zirela?».

Asteburu osoko festaren ondotik, gaur izanen du azken eguna Irisarrin EHZk. Heldu den urterako beste bide bat hartuko dute. Plazan eta pentzean, baso bat eskuan ospatuko dute gehienek. Azkena biderako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.