ATZEKOZ AURRERA

Karrikatik barnera salto

Iruñeko Nafarroa Arenan egin dute Espainiako lehenbiziko parkour txapelketa. Gazteek ikuskizun ederra eskaini dute, abiada biziz oztopoak goitik eta behetik gaindituz.

Txapelketako parte hartzaile bat, hesien gainetik saltoka. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Parisko karriketatik pantaila handira salto egin zuten Yamakasi taldeko kideek, parkourra lau haizeetara zabalduz. Karrikatik barnera salto egin du parkourrak Iruñean, lehiaketa moldean aritzeko. Desplazamendua da parkourraren muina: toki batetik bestera arin eta eraginkor mugitzea. Atzo, Iruñeko Nafarroa Arenan, arin-arin ibili ziren gazteak oztopoen gainetik eta azpitik saltoka. Espainiako lehenbiziko parkour txapelketa zen. Hala ere, besarkadak, lagun arteko giroa eta ikuskizuna gailendu zitzaizkion lehiari.


Harmailaz inguraturik zegoen pista. Erdian, joan-etorria egiteko ibilbide bat. Plataforma bat maldatxo txikiekin, ondoren bi bloke mailakatu, aldamio moduko hesi batzuk eta dorre bat bukaeran. Plataformara igotzean, lehiakide guziek eskua eta besarkada ematen zioten elkarri. Ibilbidea bik egiten ahal zuten aldi berean, baina nork bere marka egiten zuen. Xedea: joan-etorria ahalik eta agudoen egitea. Trebea izatea garrantzitsua da, huts txikiek denbora galarazten baitute.

Hector Martinez izan zen azkarrena: 31,214 segundoan egin zuen joan-etorria. Erbi baten gisan ibili zen, agudo, barren gainetik saltoka, gero dorretik ia lurraren mailan zegoen blokera salto handia eginez, eta azken plataformatik buruz behera jaitsi zen bukaeran. Arin eta eder. Hain naturalki egiten zituzten mugimenduak ikuskizun hutsa ziren.

Harmailetan, Fermin Bermudezek adi-adi erreparatu zien gazteen salto eta akrobaziei. «Maite dut parkourra, baina Iruñean halakorik ikustea ez da ohikoa; beraz, aprobetxatu behar da», kontatu zuen. «Nazkaturik nago futbolaz, tenisaz... Guretzat, jarduera berria da hau, ezohikoa; eta estetikoki gustatzen zait. Gazteek horrelako ikuskizunekin gozarazten gaituzte; bikaina da».

«Parkourra ez da lehia»

Lanak bukatuta, Arkaitz Landa harmailetan eseri zen gainerako kideak ikusteko. Bilbotarra da, 19 urte ditu, eta duela sei urte hasi zen parkourrean. Hasieran urduri zegoela aitortu zuen, baina kronometroa martxan paratzen denean kezkak uxatzen ditu berak: «Hasten zarenean, dena ahazten zaizu, egiten ari zarenean bakarrik kontzentratzen zarelako». Kontent zen azken emaitzarekin: 36,380 segundo.

Parkourraren gakoa aipatu zuen: «Arin eta natural aritzea». Segida bat baita dena, koreografia bat dirudi kanpotik begiratuta. Baina, batez ere, abiadura handian saltoka dabiltzanean, airean igerian ari direla dirudi. Haien gorputzetan erraz traza hartzen du fisikoki zorrotza eta gauzatzen zaila den horrek. Bigarren gakoa aipatu zuen Landak: «Ikusi behar duzu goitik edo behetik joan; zure teknikaren arabera biderik egokiena aukeratu behar duzu».

Karrikan ez da halako oztopo ibilbiderik izaten. «Oso ezberdina da hau». DJak paratu zuen musika, barnera sartuagatik ere kalekoa baita parkourra: urbanoa. Landa gustura aritu zen txapelketan, baina oharra egin zuen: «Parkourra ez da lehia. Lagunegaz ari gara; helburua ez da onena nor den esatea». Hori sumatu zen giroan ere. Norbaitek huts egiterakoan animo oihuek gora egiten baitzuten aretoan.

Ikusleen artean gaztetxoak ziren nagusi, parkourraren etorkizunaren aldarri. Eskailerak saltoka igo eta jaitsi zituzten Nafarroa Arenan. Gogo biziz, hurrengoan pistara salto eginen dutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.