Hemingwayren bizitzari buruzko dokumental saio bat Filminen

Asteartetik aurrera ikusi ahalko da 'Hemingway' ordainpeko plataforman. Sei atal ditu, bakoitza ordubetekoa

Ernst Hemingway AEBetan jaiotako idazle eta kazetaria, 1937an. FILMIN.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Munduko herrialde askotan du sona Ernest Hemingway AEBetako idazle eta kazetariaren obrak. Euskal Herriarekin ere lotura sendoa izan zuen: Iruñeko sanferminekin lotzen dute askok, Fiesta eleberriaren (1926) oihartzuna dela medio. Baina idazlea Euskal Herriko beste txoko askotan ibili zen —Gernika-Lumoko (Bizkaia) Euskal Herria museoan ikusgai dago Hemingway & Euskal Herria erakusketa—. Filmin streaming plataformak, berriz, Hemingway sei ataleko dokumental saioa ikusgai jarriko du datorren asteartean.

Ken Burnsek, zeinek makina bat Emmy sari irabazi dituen, sortu du dokumental saioa. Lynn Novick ohiko kolaboratzailearen laguntza izan du idazle estatubatuarraren erretratua zuzentzeko. Gidoilari burua Geoffrey C. Ward da. Argazki zuzendariak, berriz, Christopher Loren Ewers eta Buddy Squires.

Hemingwayk literaturaren munduan izan zuen gorakada bizkorra, alkoholismoarekin izan zituen arazoak, horrek eragindako gaitzak, eta bizitzaren bukaerako urte suntsitzaileak kontatu dituzte saioan. Jeff Daniels aktoreak jarri dio ahotsa sanferminen zale entzutetsuenari. Halaber, Meryl Streep eta Patricia Clarkson aktoreek jarri diete ahotsa Hemingwayren lau emazteetako biri. Peter Coyotek egin du narratzailearena.

Burnsek azaldu duenez, ia sei orduko lanean idazle eta kazetariaren bi aldeak jaso dituzte: gizon «gaixo, biolento eta jasanezina» batetik; eta artista «argi, distiratsu eta sentibera», bestetik. Novickek, bestalde, modu honetan definitu du Hemingway: «Bere garaiko gizon bat izan zen, eta garai hori ezin dugu aldatu. Arazoz betetako pertsona bat izan zen, edonola ere: buruko gaitzak izan zituen, eta adikzio asko».

Burnsek eta Novickek AEBetako beste pertsonaia batzuei buruzko dokumentalak egin dituzte: Mark Twain, Muhammad Ali, Jackie Robinson eta Roosevelt sendia. Zera esan du Burnsek: «Gure lanetan oso garrantzitsua da konplexutasuna eta kontraesana onartzea». Hemingwayrekin ere hala egin dute. «Zintzoen eta gaiztoen arteko dikotomia baztertzen dugu. Idazlearen kasuan, alfa ar bat daukagu, iraganeko garai bateko maskulinitatearen adibide izan daitekeena, eta, bestetik, izaera arazoak zituen idazle bat dugu, eta aitortu behar da modu zoragarrian idatzi zuela emakumeei buruz».

Variety aldizkariak laudatu egin du dokumental saioa, eta nabarmendu modu «ederrean» eta «erakargarrian» eraikia dagoela. The New York Times-ek eta Chicago Sun-Times-ek ere goraipatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.