ATZEKOZ AURRERA

Hiriko historia, barrutik

Bilboko eta Barakaldoko eraikin esanguratsu batzuetako ateak ireki, eta kanpotik ezaguna dena barrutik ere ezagutu ahal izango da gaur. Hiriak izandako garapena agerian dago.

Castaños udaltegiaren kanpoko aldea. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bilbok etxe orratz bakarra dauka, nahiz eta eraikin altu ugari egon badauden. 1946an eraiki zenean, hiriko altuena zen, eta, hura baino altuagoak egin badira ere, horiek guztiak dorreak dira; ez daukate etxe orratz izendapena. Bailen kale hasieran dago titulu hori duen eraikina, eta 43 metroko garaiera dauka. «Jende gutxik dakizki halako istorioak». Javier Puga Emilio Campuzano ikastetxean zegoen atzo, eta bertan azaldu zuen Arte Ederren Museoak bertan egin zituela lehen urratsak. Non, eta iraganean ospitale bat izandako eraikinean. Eraikin bakar batek istorio ugari bil baititzake barruan, eta horiek ezagutarazteko modu bat da Open House jaialdia. Atzo abiatu zen, eta gaur amaituko da.

Proposamena argia bezain erakargarria da: Bilbon eta Barakaldon esanguratsuak diren eraikin batzuetan bisitak egin, eta kanpotik ikusten den horren barruan zer dagoen jakitea. Out Open Urbanity elkarteak iaz antolatu zuen jaialdia lehenbiziko aldiz, eta esan daiteke orduan bezalako arrakasta izaten ari dela. Ikusi besterik ez zegoen: ilara luzeak egin ziren eraikin batzuk ikusteko. Besteak beste, udaletxea, Arriaga antzokia, Iberdrola dorrea, Ibaigane jauregia, BEC erakustazoka, Munoa jauregia eta Euskal museoa barrutik ikusteko aukera izango da gaur arte. Denera, 67 eraikin, eta bisita gidatu denak doakoak izango dira.

«iruditzen zait gure hiria eta bertako eraikinak ezagutzeko beste modu bat dela». Puga bisita gidatu horietako bat eskaintzen ari zen; gainerako gida guztiek bezala, borondatearen truke ematen ditu zabalik dauden eraikinen inguruko zehaztasunak. «Joan den urtean ezagutu nuen ekimena, eta boluntario moduan lan egiteko harra piztu zitzaidan; bide batez, gaztetan ikasi ez genuen hori ikasteko aukera ematen dizu».

Bertan eman zituen Bilboko ospitale zaharraren inguruko xehetasunak. «Hiria handitu eta populazioak gora egin ahala, txiki geratu zen eraikina, eta handiago bat egiten hasi ziren Basurtun». 1905ean, hutsik geratu zen eraikina, arte ederren ikasketak bertan eskaintzen hastearekin batera. Baina ez da erabilera aldatu duen eraikin bakarra izan, Castaños plazako udaltegia garbitegi bat izan baitzen hastapenean. Kolera izurrite baten ondorioz, Bilbon garbitegiak eraikitzen hasi ziren, eta horietako bat da Castañosen dagoena. Baina XX. mende erdi aldean erabilera hori galdu, eta azoka bihurtu zuten eraikina, harik eta 2005ean fatxada soilik utzi eta barrutik goitik behera berritu zuten arte. «Ez nuen eraikin hau ezagutzen, eta aukera ederra iruditzen zait bere historia ezagutzeko; hiriak izan duen garapena ere bertatik bertara ikus daiteke, gainera», esan zuen Marta Etxebarriak udaltegitik atera berritan.

Ateak irekita egongo diren beste horrenbeste eraikinetan ere hiriaren beraren garapenaren berri jaso ahal izango da. «Eraikin gehiago zabaldu beharko lituzkete ezagut ditzagun, eta ez soilik asteburu batean, eraikin batzuetan gehiegizko ilarak egon baitira», zehaztu zuen Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.