ATZEKOZ AURRERA

Elkar hartuta, aurrera egiteko

Dozenaka emakume elkartu dira Errenteriako Emakumeen Etxean, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean: bat egin dute euren lan eskubideen alde borrokatu eta elkar babesteko.

Jan-edanak etxetik eraman, Emakumeen Etxea apaindu, eta festara batu ziren dozenaka emakume. J. C. RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Errenteria
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Kolore desberdinetako banderatxoekin apaindu dute Errenteriako (Gipuzkoa) Emakumeen Etxea. Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean haientzako festa antolatu du Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeak. Etxeko langileen sorterriak idatzi dituzte banderatxoetan, atetik sartu bezain laster ikusten direnak, festara joandako emakume guztiak ongi etorriak senti daitezen, goxo eta eroso: Kolonbia, Ekuador, Uruguai, Peru, Ginea, Maroko, Nepal, Aljeria, Pakistan...

Euskal Herriko kaleetan bezain nabaria da festan zeintzuk diren nagusi etxeko langileen artean: atzerritarrak, hegoamerikarrak, batik bat. Ordubete pasa lehenago hasi dira Emakumeen Etxea festarako apaintzen, eta DJak bigarren abestia jarri duenerako dantzalekuaren erdian zeuden bi emakume dantzan, gustura. «Suavemente, bésame...»; segituan batu zaizkie beste bi lagun Elvis Cresporen doinura dantzan.

Wendy Rodriguez hondurastarra da haietako bat. «Bizitza alaitu beharra dago, oso aspergarria baita bestela», dei egin die lagunei. Etsita egon zitekeen, arrazoirik ez baitzaio falta: «Iaz min hartu nuen belaunean, baina enpresari ez zitzaion interesatzen nik gaixo baimena hartzea: etxera bidalitako gutun batekin enteratu nintzen kaleratu nindutela».

Alabaina, pozik egoteko arrazoiak ere baditu: esaterako, bere antzeko egoeran dauden emakumeekin elkartzeko aukerak ematen dion indarra. «Babestua sentitzen naiz: esperientziak partekatzen ditugu, eta horrek eramangarriago egiten du dena».

Guztiak, «jazarriak»

Rodriguezek sei urte eman zituen etxeko langile lanetan, emakume bat zaintzen. Eta zortea izan zuela dio, ondo tratatzen zutelako: oporrak ematen zizkioten, soldata ordaindu, eta hari esker Euskal Herrian bizi ahal izateko paperak lortu zituen. Denek ez dute zorte bera, ordea. Duela hamahiru urte iritsi zen Nikaraguatik Elieta Blandon Arista, eta segituan hasi zen etxeko langile: «Amets eta ilusio asko nituen: ikasi egin nahi nuen, nire ikasketak baliozkotu... Baina errealitatea beste bat da».

Lehenengo lan esperientzia izan zen okerrena Blandonentzat, astelehenetik igandera egin baitzuen lan urtebetez, jaiegunik gabe. Eta, hala ere, gogorregi ez hitz egiten saiatzen da: «Ez ninduten gaizki tratatu, baina esaten zuten ez zituztela gure eskubideak ezagutzen: ez nuen egun bakar bat jai egiteko eskubiderik izan, eta horrek guztiz eragiten dizu. Ez daukazu bizitzarik». Zorionez, beste familia batekin lan egiten hasi zen, eta «legearen araberako» lan baldintzak lortu.

Sandra Gonzalez Vazquez garbitzaile aritu da Kolonbiatik etorri zenetik, duela hamabi urte. Beti errespetuz tratatu izan dutela nabarmendu du, zortea izan duela. Bidea ez da arantzarik gabekoa izan, ordea: «Guztiok izan gara jazarriak gure lanetan». Lana bilatzeko iragarkiak jarri, eta bat baino gehiago izan dira eskaintzen ez zituen lanak eskatzeko deitu izan diotenak: «'Zuk garbitzen duzun bitartean zuri begira egon nahi dut', esan zidan Irungo gizon batek».

Kontziente da askok baino baldintza hobeagoetan egon dela: Kolonbiatik lan kontratu batekin etorri zen, eta ez da inoiz gau eta egun bizi izan lan egiten zuen etxeetan. Eta kontziente da, halaber, etxeko langileek ez dutela aukerarik bileretara joateko, antolatzeko, eta haiek gogoan izaten saiatzen da bileretan. «Batu egin behar dugu: oso garrantzitsua da gu ahalduntzea, elkartzea, seguru sentitzea, eta hori posible da honelako espazioetan». Argi dauka ezinbestekoa dutela hori, «elkarrekin aurrera egin ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.