ATZEKOZ AURRERA

Egizu zuk zeuk teknologia

Maker Faire Bilbo jaialdia egiten ari dira Azkuna zentroan, 3D inprimagailuekin egin daitekeen teknologia nola eraiki erakuste aldera. Teknologia denen eskura jartzeko saio bat da.

Haurrek robotak eraikitzeko tailerrak egin dituzte Maker Faire Bilbaon. L. M. G.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Teknologiaren kontsumitzaile izan beharrean, teknologia bera ulertzea eta sortzea. Eta ez hori bakarrik, gainerakoekin jakintza hori partekatzea da maker izatea. 3D inprimagailuekin lan egiten dute, eta berdin da horiekin zein objektu mota sortzen den: robot bat edo zeramikazko ontzi bat eginez gero, eta prozesua bera hedatzeko lan egiten bada, maker da pertsona hori. «2000ko hamarkadan iraultza bat egon zen, informatikako informazioa liberalizatu eta denen eskura egoteko; bada,iraultza horren jarraipen bat da maker kultura». Karim Asryren hitzak dira horiek. Open espazioko arduraduna da Asry, eta Azkuna zentroarekin batera antolatutako Maker Faire Bilbo nazioarteko jaialdian dago. «Duela hamar urte teknologia konpainia handien eskura bakarrik zegoen jakintza demokratizatu egin da, eta gaur egun pertsona batek egin ditzake lehen enpresa handi horiekegiten zituzten ikerketak».

3D inprimagailuak gero eta eskuragarriagoak baitira, eta hori horrela denetik hedatu da maker filosofia. Azken batean, gisa horretako inprimagailu bat edukitzeak eta erabiltzaileei objektu bat egiteko jarraibideak azaldu izanak, horrek guztiak ekoizpena bera erraztu du. Inprimagailu horiekin edozer ekoitz daiteke, eta Bilbon gaur arte ikusgai egongo diren esperientzietan denetariko adibideak daude. Deigarriena Gael Langevin eskultore eta diseinatzaile frantsesaren InMoov robota izan daiteke. 3D inprimagailuarekin eraiki liteke, eta munduan gehien erreproduzitu den robota ere bada. Azkuna zentroan dabil Langevin bere sorkuntza erakusten, eta, haren inguruan,haur zein heldu adi-adi geratzen dira begira.

Ez da gutxiagorako. Ingelesez eginiko galderei erantzuteko gai da robota, eta, hala eskatuz gero, bostekoa ere ematen du. Baina munduko bazter guztietan erabiltzaileek robota behin eta berriro eraiki badute, eskaintzen dituen aukerengatik izan da: gorputz atal bat bakarrik eraiki daiteke, eta ondoren protesi gisa erabili medikuntza arloan. «Jendeari bizitza erraztu nahi izan nion sorkuntza honekin, eta era honetako robot bat denen eskura jarri».

Maker kultura, baina, robotak baino gehiago da. Javier Continentek zeramikazko ontziak egiteko egitura bat sortu du, Victor Barahonak gela batean hainbat klima sor ditzakeen gailu bat, eta plastiko birziklatuarekin egindako ontziak Josu Aseginolazak. Horiek guztiak daude Bilbon. Sorkuntza horiek erakusteaz gain, haurrentzako tailerrak egiten ari dira, robotak nola egin ezagutuzjoan daitezen. Horra Azkuna zentroko giroa.

Baina teknologiaren eskuragarritasun horren erdian, kezka azaldu du Asryk, «teknologiak batzuetan arazoak konpontzen laguntzen baitu, baina beste batzuetan arazoak sortzen ditu». Teknologia zuhurtziaz erabiltzeko eskatu zuen: 3D inprimagailuak erabili aurretik, egin nahi dena benetan beharrezkoa ote den hausnartzeko, alegia. «Batzuetan, mailu bat eta iltze bat askoz ere eraginkorragoak izan daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.