ATZEKOZ AURRERA

Loratu dadin txilarra berriz

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil zenetik bederatzi urte bete ziren ostegunean. Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak omenaldia egin dio Donostian, senitarteko eta lagunez inguratuta.

Hiru txilar landare, landatu berriak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ez da erraza izan. Ez da orain txilar garaia, baina lortu ditugu hiru landare. Begira, ama, hemen daude». Besotik hartuta darama Joseba Alvarez semeak Jone Forkada ama. «Zeinen ederrak», dio Txillardegi zenaren emazteak. Zentzu bat du denak. Izenak eta izanak: txilarra Txillardegiren omenaldian eta Txillardegi etxea zegoen toki berean. Halaxe dio Gaskonia (Txillardegi) plazan paratu duten panelak: «XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendeko hasieran Antigua auzoko erdigunean zegoen etxerik ederrena zen Txillardegi etxea, Gaskue-Iturria familiaren egoitza». Argazki zaharrek erakusten dute etxearen ederra eta lorategien bikaina. Ohar bat ere badago egina: «Txillardegi ez zen etxe horretakoa. Alboan eraikitako beste etxe bat izan zuen sorleku eta bizitoki bere gaztaroan, baina maiz ibiltzen zen jolasean Txillardegi etxeko lorategietan». Atzodanik, badaude hiru landare berri, loratu dadin txilarra berriz.

«Maite dugulako». Nekez topa liteke arrazoi bat soilagoa eta indartsuagoa omenaldi baterako. Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak antolatuta egin zuten atzo, joan den ostegunean bete baitziren bederatzi urte Txillardegi hil zenetik. Senitartekoak eta lagunak. Eguzkiaren epeletan, eta aitortza faltaren ospeletan.

«Aitortza instituzionala, aitortza publikoa», aldarrikatu dute. Bederatzi urtez aritu dira «ezetzaren aurrean» Txillardegik merezi duen aitortza lantzen eta sustatzen. Herri egitasmoaren eskaria argia da: inoren izenik ez duen Donostiako udal liburutegi zentralari Txillardegi liburutegia izena jartzea. Heriotzaren hamargarren urteurrena dator, eta jarria dute aurtengorako erronka: udal liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko «nahikoa adostasun» lortzea. «Sukalde lan handia eskatuko duena, eta berehalakoan lantzen hasiko garena».

Dani Goñik hartu zuen hitza atzoko omenaldian Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoaren izenean. Garbi esan zuen: «Ez dugu amaierarik ez duen egitasmo bat izan nahi. Beraz, hamargarren urtean, behingoz, gure helburua lortzeko urtea izatea nahi dugu». Txillardegi hil eta gutxira Donostiako eta inguruetako hamazazpi idazlek egindako eskariari ezetza eman ondotik sortu zen herri egitasmoa. Haien asmoa da eskari hori egin zuten idazleekin harremanetan jartzea lehenengo, eta, ondoren, «geroztik loratu diren idazle berriekin, edota euskalgintzako eta euskal kulturgintzako beste eragileekin».

Txillardegiren betaurrekoak

Txillardegik bere hormako iruditik zelatatzen du dena, irribarre goxo batekin. Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek haren betaurrekoak ipinita egin dute ariketa. Gaur egunera ekarri dute, eta egoera ezberdinetan jarri. Izan medikuaren kontsultan, izan euskara batuari buruzko eztabaida eta txokokerietan, izan turismoak itotako eta prezioek puztutako Donostian. Dena laburbiltzen du Beñat Gaztelumendiren bertsoaren amaierak: «Ezetz euskara lehentasunen artean azkena gelditu, Txillardegiren betaurrekoak ipiniko bagenitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.