Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Venezia txiki bat Pasaian

Albaola Itsas Kultur Faktoriako Aprendiztegi eskolako bi ikaslek 'Laguna' izeneko sandoloa eraiki dute: Veneziako ontzi tradizional bat. Pasaian ureratu dute, Italia Txiki elkartekoekin.
Saul Hoffman eta Ioanna Moutousidi, euren <em>Laguna</em> sandoloan, atzo goizean, Pasaiako badian.
Saul Hoffman eta Ioanna Moutousidi, euren Laguna sandoloan, atzo goizean, Pasaiako badian. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko maiatzak 23 - Pasaia

Ubarroi bat hegaldaka badiarantz. Txaluparen triki-traka, argi printzen epela, eta pantalanaren balantza. Egurra eta kresala sinbiosi amaigabean Albaola Itsas Kultur Faktorian. Ikusmina eta kuriositatea nahasian. Bi ikasleren distira begietan. Saul Hoffman italiarra eta Ioanna Moutousidi greziarra: «Gure aurreneko itsasontzia eraiki dugu».

Sandolo s'ciopon bat. Veneziako ontzi tradizional bat. Sei metro da luze, haritzezkoa du eskeletoa, eta alertzezkoa oholtza. Egin dizkiote forkola-k eta arraunak, eta jarri diote izena: Laguna. Ez amen-omenka. Hitz berarekin bildu baitituzte Veneziako urmaelak italieraz, eta adiskidetasuna euskaraz. Zeinen dotore ematen duen Pasaiako badian.

Albaola Itsas Kultur Faktoriako Aprendiztegi Nazioarteko Ontzigintza Eskolako ikasleak dira Hoffman eta Moutousidi, eta haien formakuntzaren azken urteko proiektua izan da atzo goizean Pasaian ureratu zutena. Eguna ez da ausaz aukeratua izan, Itsasoaren Europako Eguna ospatu baita aste honetan. Eta proiektua ere ez zen martxoaren 25ean ausaz aurkeztu, Venezia hiriak 1.600 urte bete baitzituen egun hartan. Albaola faktorian egin dute ureratze ekitaldia. Xabier Agote Albaolako presidenteak, faktoriako ikasleek, ontziaren egileek, eta Italia Txiki elkartekoek hartu dute parte —Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko italiarrak biltzen dituen elkartea da—.

Kulturartekotasuna

«Zer da, bada, itsasoa, ez bada kultura ezberdinen arteko nahasketa bat?», egin dio bere buruari galdera Xabier Agote Albaolako presidenteak. Horixe da haiena: itsas kulturen faktoria bat. Eta Laguna ontzia da emaitza. Nazioartetik etorritako hainbat ikasle ari dira Albaolan zurgintza tradizionalean itsasontziak nola egiten diren ikasten. «Euskal ontzigintza tradizionala nazioartekotzeko aukera bat da hori guretzat, baina haien ontzigintzaren berri jakin eta ikasteko ere bai», azpimarratu du Agotek.

Faktoriako tailerrean dago sandoloa paratuta: distiratsu eta berri usainez. Txistu eginda eman die Agotek ikasleei agindua. Guztien artean dakarte badiaren ertzera. Arraunak gora, zeremoniatsu. «Gure aurrenekoa da. Gustura gaude emaitzarekin», hartu du hitza Moutousidik. «Aprendiztegin bat egiten dute mundu osoko itsas kulturek, nik nire ontzitxoa jarri dut, eta beste ikasleek euren herrialdeetako kultura jartzen dute, horrek egiten du zoragarri Aprendiztegi», nabarmendu du Hoffmanek.

Italia Txiki elkartearen izenean aritu dira Francesco Roncaglia eta Giovana Bittante. Sandoloaren berezitasunez aritu da Roncaglia, eta azaldu du Veneziako urmaeletan ahateak ehizatzeko erabiltzen zela Sandolo s'ciopon motakoa —erabilera bakoitzerako ontzi bat izaten zuten garai hartan Venezian, hirian mugitzeko garraiobide bat zen sandaloa, langile jendeak erabiltzen zuena, ez zutelako gondolarik edo gondolaririk, garaiko aberatsenek bezala—.

Sagardoarekin bustita

Ez dago ontzirik ureratzerik hura «busti» gabe, eta Hoffmanek bete du errituala, baina ñabardura esanguratsu batekin: sagardoa erabili du xanpaina erabili beharrean. «Itsasoko jainkoentzat» isuri ditu lehen tantak uretan, eta eztarrian behera joan dira hurrengoak. Oinetakoak erantzi eta galtza-barrenak bildu dituzte berak eta Moutousidik, eta ikaskideen laguntzaz eta txalo artean eraman dute Laguna badiara. Harrotasunez egin dute uretan aurrera arraunarekin uhinak osatuz eta pozarekin irribarreak marraztuz.

Giovanna Bittantek Veneziako dialektoan irakurri du testu bat, eta deskribatu du sandoloa olerki doinutan: «Barca modesta, barca popular».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Edonork egin dezake eskrima»

Joseba Arratibel Ladron

Otaegik 34 urte daramatza eskrima praktikatzen, eta 22 urte Fortuna kirol elkartean eskrima irakasten. Bihar eta etzi, gainera, eskrima saioak eskainiko dituzte Donostiako Katalunia plazan.
2 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Handituz joan den olatua

Amaia Jimenez Larrea

Donostiako Piratek hogei urte bete dituzte aurten. 2002an, hiriko gazte batzuk, «zezenketen, su festen eta izozkien» jaiak alde batera utzita eta beste eredu baten bila, eztabaida sortzen hasi ziren. Abordatzea izan zen eztabaida sortzeko egitasmoa, eta gaur egun festen ekitaldi nagusia da.

Kilometro Lezoko ikusleak, iaz, emanaldi batean. ©LEZOKO UDALA

Nobedadeak Kilometro Lezon

Joseba Arratibel Ladron

Datozen hiru asteburuetan, Kilometro Lezoren hirugarren aldia egingo dute. Dantza emanaldiez, zirkuaz, antzerkiez eta musikaz gozatzeko aukera egongo da

Jendetza bildu ohi da festen hasieran Laudion. ©LAUDIOKO UDALA

Dantzaz beteriko festak

Maixa Utrera Puelles

Martxan dira Laudioko San Roke jaiak, Jabier Artetak txupinazoa bota eta agurra irakurri ostean. Bi txandatan egingo dituzte jaiak: lehen txanda, bihar arte; ondoren, hilaren 24tik 28ra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...