ATZEKOZ AURRERA

Bidaia bat bertsolaritzara

'Bertsolaritza Donostian barrena' izeneko ibilbidea sortu du Bagera elkarteak. Parte Zaharrean zortzi geldialdi egitea proposatzen dute, bertsolaritzari buruzko istorioak entzuteko.

Antzoki Zaharra da ibilbideko lehen geldialdia. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Surf ikastarotik ateratako haurrak, turistak bisita gidatuetan, herritarrak erosketak egiten... guztiak gurutzatzea posible da Donostiako Parte Zaharrean, Bagera hiriko Euskaltzaleen elkarteak prestatutako Bertsolaritza Donostian barrena ibilbidea egin bitartean. Zortzi geraleku markatuta dauzkate elkartearen webgunean, eta, horietako bakoitzera joanda, audiogida batean bertsolaritzarekin lotutako istorio edo pasarte bat entzutea proposatzen dute.

Hiriari eta bertsolaritzari buruzko lehengo eta oraingo kontuak gizarteratzea dute helburu, Elene Lopetegi Bagerako kidearen arabera: «Manex Mujika bertsolari donostiarrak ibilbide bat erdi prestatuta zeukan, eta, horri tiraka, atal batzuk osatu eta martxan jartzea pentsatu genuen».

Lehenik, Bilintx

Antzoki Zaharrean dago ibilbideko lehen geldialdia. Play sakatu, eta mundu paralelo batean murgiltzen da bisitaria, kalean dabilen jendea ahaztuta. Antzokiari buruzko datuak eta bertako zaindari izandako Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx-i buruzko kontuak daude entzungai. Udaberriko agendan ikus daiteke bertsolaria gogoan dutela, bertso hamabostaldian hari buruzko saio bat egon baitzen.

Antzoki Zaharretik kaira ibilita dago bigarren geralekua. Egun, badiatik ibilaldiak egiteko ontziak nagusi diren gunean, arrain saltzaileek, gehienak emakumeak, arrainak kantuan saltzen zituztela dio gidak, eta inprobisazioan ere iaioak zirela. Horregatik, 1930. urtean arrain saltzaileen inprobisazio lehiaketa egin zuten, gerora Bilbon ere antolatu zutena.

Handik, Urgull mendira joan behar da, Apaizen pasealekura, Igeldo, Antigua, Ibaeta eta Aieteri begira jartzeko. Gaur egun urbanistikoak diren auzoetan, baserri eta sagardotegi ugari zeuden lehen, eta bertako bertsolariak ditu hizpide: Oriamendi baserriko kalonjetarrak, kasurako.

Abuztuaren 31 kalea pasatu eta Trinitate plazan geratu behar da hurrena. Estropaden bezperan Donostiako Udalak bertan antolatutako bertso saioa eta Aste Nagusi piratako saioak gogora ekartzen dituzte. Izan ere, herri mugimenduek bertsolaritzari emandako hauspoaz mintzo da, «Auzoa euskaraz bizi» kartela irakur daitekeen plazan.

Plaza Berrira gidatzen dute entzulea ondoren, gerra karlisten artean hirian zabaldutako giro euskaldunaz hitz egiteko. Bertan antolatu ziren lore joko izeneko kultur jardunaldiak, eta han inprimatzen ziren garai hartan sortutako aldizkariak, Euskal Herri eta Ttunttun, kasurako.

Ondoren, Fermin Kalbeton kaleko 13. zenbakira darama gidak bisitaria, Ramon, Pepe eta Rosario Artolaren bertsolari familia gogoan. Bizitokia eta lantegia izan zuten etxe hura.

Gero, San Juan kaleko geldialdia aprobetxatzen dute tropa ingeles eta portugaldarrek Donostia erre zuten garaiko istorioak kontatzeko. Jose Bizente Etxegarai bertsolaria aipatzen du audioak, erreketari buruzko bertsoak idatzi baitzituen, besteak beste .

Azken puntuan, Kursaalaren ondoko zubian, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko informazioa ematen da. Izan ere, lehen txapelketa 1935. urtean jokatu zen, gaurko Kursaalaren parean zegoen Poxpolina antzokian. Txapelketak izandako bilakaeraz hausnartuz amaitzen da ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.