ATZEKOZ AURRERA

Kapela janztea, prestigio iturri

'Balentziaga. Kapelaren dotorezia' erakusketa aurkeztu du Balentziaga museoak, burukoei balioa eman eta kapelagileen lana omentzeko. Maiatzaren 8ra arte egongo da ikusgai.

Balentziagaren kapela bildumako bi ale. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Getaria
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Beste osagarri bat da kapela gaur egun, bufanda bat edo belarritakoak izan daitezkeen bezala. Ez da beti hala izan, ordea; garai eta testuinguruaren arabera, esanahi jakin bat izan dute kapelek. Cristobal Balentziagaren garaian, esaterako, autoritatearen sinbolo izan ziren, gainerakoengandik bereizteko erabiltzen baitzituen jendeak.

Kapelen balioa nabarmentzeko eta kapelagileen lanbidea omentzeko, Balentziaga. Kapelaren dotorezia erakusketa aurkeztu zuten ostiralean, Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan. Goi mailako joskintza etxe horren Parisko eta Madrilgo kapelagintza sailetan sortutako burukoen lehen nazioarteko erakusketa da, eta kapela siluetaren zati integral gisa ulertzea du xede.

Balentziaga museoaren eta Bartzelonako Diseinuaren Museoaren elkarlanaren emaitza da erakusketa, hainbat urtez aritu baitira diseinatzailearen bilduma ikertzen. Bostehun kapelaren artean 87 hautatu dituzte. Aurkezpenean, Miren Vives Balentziaga museoko zuzendariak, Pilar Velez Bartzelonako Diseinuaren Museoko zuzendariak eta Igor Uria eta Silvia Ventosa erakusketako komisarioek parte hartu zuten.

Erakusketa sei gunetan banatu dute, eta hormek eta testuek zuri-beltzeko ibilbide bat osatzen dute, soiltasunaren elegantzia iradokiz. Sarreran, forma kontuan hartuta, bost kapela mota ipini dituzte, erakusketako bisitariek gutxienez bost mota horiek bereiztea lortu dezaten: pillboxa, kasketa, pamela, turbantea eta txapela, hain zuzen. Adibide bakoitzaren alboan azalpen labur bat idatzi dute.

Parean, maniki bat dago, eta, sortzailearen kapelaz gain, haren arropa ere badarama. Izan ere, erakusketaren zati gehienetan kapelak soilik jarri badituzte ere, gune batzuetan Balentziagaren arropekin batera kokatu dituzte, silueta osoa nola geratzen den ikusteko: «Pertsona batek kapela bat jartzen badu, begirada bertara zuzentzen dugu, atentzioa ematen digulako», azaldu zuen Ventosa komisarioak.

Prestigioari eta tradizioari buruzkoak dira hurrengo bi guneak,eta bertan azaltzen da diseinatzailearen bildumak erosle gutxi batzuen aurrean aurkezten zituztela, eta bere oroimenetan bilatzen zuela sarri inspirazioa. Forma, material, teknika eta proportzio ugariren bidez osatutako lanek laguntzen dituzte azalpenak: artilezko feltroz egindako txapela batek eta satinez, tulez eta lumaz egindako beste batek, adibidez.

Aurrera eginda, diseinatzailearen oparotasuna eta dotorezia nabarmendu dituzte, eta «gutxiago gehiago da» dio azken atalak. Bertan, adibidez, zetazko sarga urdin bat dago, puntu beltzekin: «Sinplea dirudi, baina barruko egiturak ukitu berezi bat ematen dio», esan zuen Ventosak.

Amaieran, koloretsuenak

Azken zatian daude obrarik koloretsuenak: buruko urdinak, arrosak, berdeak eta moreak jarri dituzte, bata bestearen alboan. Baina, kapelez gain, horiek diseinatzerakoan egindako marrazkiak, guraizeak, lumak eta egurrezko moldeak ere badaude ikusgai, diseinatzeko prozesuari ere garrantzia emateko.

1937tik 1967ra arte sortutako burukoak dira, eta, antolatzaileen arabera, zaila zen garai hartan horiek lortzea, zeukan prestigioa zela eta. Orain, ordea, bilduma edonork ikusteko moduan izango da, maiatzaren 8ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.