ATZEKOZ AURRERA

Lau hilketa Iruñean

Nafar idazleen nobeletatik ateratako lau istorio antzeztu dituzte NUPeko antzerki taldeko kideek, Iruñea Beltza jaialdiaren azken egunean. Ikusleak batetik bestera ibili dira.

Itziar eta Carmen Rubio ahizpak, antzezten, Gaiarre antzokian. J. M. / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Gaiarre antzokiko ezkaratza argi ikusten da lehenbiziko pisuko barandatik. Marmolezko lurrean zortzi puntako izar baten mosaikoa ageri da erdi-erdian. Lanpara eder bat zintzilik dago sabaian behera, eta azpian, emakume bat, zuriz jantzita, aulki batean bortxaz eserita. Zangoak, ahoa eta begiak estalirik ditu zapi gorriekin; eskuak aulkiaren atzeko aldean bildurik, estu loturiko gerriko gorriz. Beste emakume bat du inguruan, itzulika, sakelako telefonotik solasean. Minutu gutxi barru zartagin batekin jota hilko du, lehenbiziko pisuan direnen begiradapean.

Iruñea Beltza jaialdia iragan da Nafarroako hiriburuan, eta atzo ibilaldi antzeztua eskaini zuten Baluarten, Kondestablearen jauregian eta Gaiarre antzokian. Nafarroako Unibertsitate Publikoko antzerki taldeko kideak arduratu ziren, Jaione Urtasunen zuzendaritzapean. Lau antzezpen egin zituzten; denak idazle nafarren eleberrietatik ateratako fikziozko hilketak, Susana Rodriguez Iruñea Beltza jaialdiko zuzendariak antzezteko egokitutakoak.

Gaiarren izan zen azkenekoa: Sanferminetan gertatutako hilketa bat antzeztu zuten Carmen eta Itziar Rubio ahizpek. Joan den larunbatean ere aritu ziren, eta lehenbiziko aldia zuen Itziarrek jende aurrean antzezten. «Berezia izan da, gainera, sanferminetako jantziarekin. Oso urduri nengoen, baina ongi egin dudala uste dut; hala esan didate. Azkar hitz egiten dudala ere esan didate», kontatu zuen. Ahizpa kontent zen elkarrekin aritu zirelako: «Polita izan da; ni orain ez nago NUPeko antzerki taldean, baina honetarako deitu zidaten. Berezia izan da ahizparekin Gaiarren aritzea bere estreinaldian».

Ez da erraza izan prestaketa lana. Eguberrietan aritu ziren, baina konfinamenduak etorri ziren bata bestearen atzetik. «Zoom bidez entseatu behar izan dugu», ohartarazi zuen Carmen Rubiok. Ahizpari eta berari ere egokitu zitzaien konfinatzea, baina errazago izan zuten, etxe berean baitziren biak. Entseatzeko astirik ez zuten faltan izan.

Bigarren aldia da NUPeko ikasleak arduratu direla Iruñea Beltza jaialdiko ibilaldi antzeztuaz. Urtasun kontent zen emaitzarekin, baina kexu zen izena eman zuten guziak ez zirelako azaldu: «Jendea kanpoan gelditu da lekurik ez zelako, baina gero, jende askok huts egin du. Pena da; gaztelaniazkoan ikusle gehiago ziren».

Hilketak

Baluarteko atarian Navarro Villosladaren Teodosio de Goñi agertu zen, bufoi baten gezurrak sinetsi ondoren, gurasoak hiltzen, eta Kondestablearen jauregiko sotoan Carlos Olloren hitzak antzeztu zituzten poliziaren galdeketa bat agertuz. Etxekoandreak aitortu zuen txakurra entrenatu zuela etxeko nagusia akabatzeko. Estela Txokarroren eleberriko hilketa bat ere ikusgai izan zen Kondestablearen jauregiko patioan. Aita Menik ez zion arkitektoari bizitza barkatu; ebasten harrapatu zuenez gero, bi morroi bidali zituen arkitektoa hil, eta, trikimailu bidez, lapurreta hari egozteko. Krimenak Iruñean. Lau hilketa egun bakarrean. Hil beltza, ilbeltzaren 22an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.