ATZEKOZ AURRERA

Memoriaren txondorrak

Alkizako Udalak omenaldia egin die garai batean ikazkin lanetan aritu ziren herritarrei. Zuhaitz lepatuei buruzkoen berri izan dute lehenengo, eta ofizioari buruzkoen berri gero, lehen pertsonan.

Zuhaitz lepatuei buruzkoen berri izateko ibilaldia, atzo. E. TELLERIA SARRIEGI.
enekoitz telleria sarriegi
Alkiza
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Itzaltzen utzi nahi eza da memoria, eta txondorra. Piztea bai, baina elikatu beharra ere bai. Egoste geldoa, kiskaltze arinaren ordez. Lepatu, zuhaitzak egiten ziren ikatzetarako, baina oroimena da lepatu nahi ez dutena Alkizan (Gipuzkoa). Hernioren magalean badira pago motzen sail erraldoiak, baso magikoak, eta ofizio gogorrak. Zotalez eta betegarriz osatu dute han memoriaren txondorra.

Ibilaldia egin dute lehenengo, eta omenaldia ondoren. «Besodun munstroak» ikusi ditu haur batek pago motzei buruz galdetu diotenean. 35 lagunekoa da taldea, eta herria inguratzen duten ibilbide eder horietako batean barrena doaz. Valentin Mugarza Gipuzkoako Aldundiko mendiko teknikaria eta Koldo Jauregi Baliarraingo (Gipuzkoa) aditua doaz gidari. Azken horrek azaldu du ibilaldiaren testuingurua: «Natura eta mendia, dena daukagu hemen eskura, baina denok goaz hormigoiaren gainera. Ea altxatzen dugun hau guztion artean».

Mugarzarenak dira azalpen teknikoak. Ez daramatza alferrik hamabost urte baino gehiago zuhaitz lepatuen inguruan lanean. Pagoak, haritzak, lizarrak... eta haien lepatzeak, eta helburuak: ikatzetarako batzuk, itsasontzietarako besteak... «Duela 60-70 urte desagertu zen ikazkin lana, eta horregatik daude pago motzak modu honetan», azaldu du ale bikain bat atzean duela.

Izan ere, hamar urtean behin kimatzen ziren lehen pagoak, baina orain ez da hala egiten. «Zuhaitzak galdu egiten du bere forma naturala. Elurrarekin, euriarekin, izotzarekin... erortzeko arriskua handitu egiten da. Kimatzea da mantentzeko modua: adar handiak kendu, eta txikiak utzi», aholkatu du teknikariak.

Pagoen biodibertsitatea

Ernetzen ari da basoa, eta badatoz kimu berriak. Aldapan gora doa taldea. Eroritako enbor erraldoi baten inguruan da geldialdia, eta Mugarzarena azalpena. Egurra ez da pago motzen aberastasun bakarra: «Barruan lurra dutenez, eta zulo asko, biodibertsitate handia gordetzen dute barruan, baita espezie babestuak ere». Hara hor haiek mantentzeko beste arrazoietako bat.

Berandutzen ari da. Espero baino luzeago doa ibilaldia, eta omenduak zain daude plazan. Taldeak arindu egin du pausoa. Plazan daude zain Joxe Aierbe —92 urte, «93 datorren astean»—, Gregorio Iruretagoiena —88 urte, «eta sasoiko-edo»—, eta Jabier Iruretagoiena —86 urte, «dena ondo badoa, 87 aurten»—. Alkizako semeak hirurak, eta ikazkinak izandakoak hirurak. «Han goian», Joxek bere bastoiarekin mendia seinalatuz esan duenez.

Solasean jarri dituzte hirurak. «Dena daukat gogoan», dio Gregoriok. «Umetako oroitzapenak? Bada, oso onak ere ez dauzkat», dio Joxek: «9-10 urte nituela bakar-bakarrik egoten nintzen han, txondorraren ondoan. Aita feriara, eta ni han. Poz handia hartzen nuen norbait zetorrenean».

Ofizioaren gogorra, eta lanaren beltza. «Artoarenak egin ondoren joaten ginen txondarra egitera», azaldu du Jabierrek. Txondorra egiteko zenbat egur behar izaten zen galdetu diote. «Zer tamainatakoa egin nahi duzu?», erantzun du bizi. «Hamar tona bai», dio Joxek. «Eta bi lagun hobe: bakarra motz gelditzen zen», Jabierrek. «Eta astoa hartu, eta Tolosara, ikatza saltzera», gogoratu du Gregoriok. Dirua behintzat irabaziko zutela esan diete. «Dirua mehe orduan ere», erantzun du Jabierrek. «Den-dena saltzen zen», Joxek. «Lan asko du txondorrak, lan asko», errepikatu du Gregoriok. «Eta gutxien uste zenuenean, saihetsetik zulo bat ere bai», gogoratu du Jabierrek.

Zotala, betegarria, txondar- muturra eta alkate izeneko haga. Hizkera bat osoa ikatzaren memoriaria eskainia. Angel Mari Peñagarikanok bota die bertsoa: «Gehientsunetan pago ta haritza/ metro erdiko enborrak/ tolestatuta ipintzen ziran/ ta hala egin tontorrak/ behin piztuz gero ez zun itzaltzen/ ez euriak ez txingorrak / burutik behera zakuak hartu/ euritarako atorrak / hauek dakite zenbat lan zuen/ garai hartako txondorrak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.