ATZEKOZ AURRERA

Egun batez suhiltzaile

Jendetza bildu da Donostiako suhiltzaileen ateak irekitzeko egunean. Bisitariek suhiltzaileen lana ezagutu dute, eta sute batean zer egin jakiteko zenbait aholku jaso dituzte.

Suhiltzaileak trapua zartaginetik aldendu duenekoa. J. U. / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Agorrezina dirudiur-mangatik irteten den uraren emariak, eta sutan dauden kartoizko etxearen leihoak eta atea ditu jomugan. Haur batek eusten dio ur-mangari, suhiltzaile baten laguntzarekin, eta musikaren erritmoan dantzan ere ari dira, bozgorailutik entzuten den melodiaren erritmoan: «Besoak zabalik, haizea azalean, adrenalina zainetan». Bulego taldearen Suzko erroberak da abestia, eta eszenarako aukeratua dirudi. Izan ere, Donostiako suhiltzaileek Garberako egoitzako ateak ireki zituzten atzo. Egun batez, suhiltzaile izatera jolasteko aukera izan zuten haurrek, benetako tresnekin.

Martxoaren 8an ospatzen dute suhiltzaileek beren patroia, eta horren harira antolatzen dute ateak irekitzeko eguna, asteburuan, jendeak parte hartu ahal izateko. Pablo Estensoro suhiltzailea da, eta 22 urte daramatza lanbide horretan: «Gure lana gutxi gorabehera nolakoa den erakusten dugu, tailer eta simulazio batzuk eginez, eta zenbait aholku eta irizpide ere ematen ditugu, sute bat gertatuz gero, nola jokatu jakiteko».

Haur askoren ametsa izaten da handitan suhiltzaile izatea, eta nabari da giroan: jendez lepo dago parkea, eta bat baino gehiago bertaratu da suhiltzaile arropekin, kaskoa eta jaka islatzaileak soinean. Sarreran, tailerren eskaintza ikusi eta izena eman behar dute: su itzalketa, rokodromoa, eskailerak, tirolina, ebakuazioa, ke labirintoa... Izena ematearekin batera banatzen diete ez daukatenei ere kasko gorria.

Tailer bakoitzerako gune bat egokitu dute, eta sute bat gela baten barruan gertatuz gero zer egin azaltzeko prestatua da simulazioetako bat. Nola jokatu azaldu du Estensorok: «Suari bidea moztu behar zaio. Oxigenoa da haren bazka; beraz, ateak eta leihoak itxi behar dira». Kearen arriskuez ere ohartarazi du: «Suarekin, azkenean, erradiazioa eta berotasuna antzematen dira, baina beti daukagu irtenbidea. Okerrena kea da: harrapatzen bagaitu, minutu bat nahikoa da zorabiatu eta erortzeko».

Zinta batekin hesitutako gunean egin dute beste erakustaldi bat: bi suhiltzaile daude, eta batek su eman dio mahai gaineko zartagin bati, besteak, metro batzuk aldenduta, azalpena eman bitartean: «Trapu heze bat jarriko genuke zartagin gainean, eta hor utziko genuke, geldirik. Kentzen badugu, berriro hartuko du sua, olioa oso beroa dagoelako». Azaldu du inolaz ere zer ez den egin behar: «Gainean ura bota, edo zartagina ur txorrotaren azpian jarri». Berehala ulertu dute zergatik: ura bota orduko, su txiki bat zena sugar izugarri bihurtu da, sekulako indarra hartuta. Beraz, sua estali eta olioa hoztu arte itxaron behar da.

Suhiltzaileen larruan

Sute batean hartu beharreko jokabideen simulazio gelatik atera dira Amaia Odriozola eta haren bi semeak. Suhiltzaile batekin hitz egiten ari dira, eta benetako kasko bat probatzen. Besteak beste, zartaginaren simulazioan eta ur-mangen gunean parte hartu dute: «Alexek 3 urte ditu, eta Marcek, berriz, 5; biei izugarri gustatzen zaie mundu hau, eta bertatik bertara ezagutzera etorri gara», azaldu du Odriozolak.

Unai Munduate, berriz, alabarekin eta haren lagun batekin batera joan da suhiltzaileen egoitzara, eta, argazki bat ateratzen ari zaie, kamioiaren gainera igota. «Hainbat tailerretan parte hartu dute, baina ez nahi bezainbestetan, jende asko dagoelako», esan du. Kanpoan sute bat gertatuz gero, zer egin ikasi dute gaur. Hori bai, haurrek argi esan diote: ez dira sekula suhiltzaile izango.

Sartutako leku beretik ateratzen dira bisitariak, eta, joan aurretik, photocall gunean geldialdia egiten dute askok. Agian, gaurko jardunaldian parte hartu duten haurren bat suhiltzailea izango da etorkizunean. Gaur, behintzat, kasko gorriarekin eta diplomarekin itzuliko dira etxera, ateak irekitzeko egunean, suari ateak nola itxi ikasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.