ATZEKOZ AURRERA

Barojaren marmarrak

'Pio Baroja Donostiara bisitan' ibilbide literarioa egin dute, Okendo plazatik Konstituzio plazara: hura jaio zen lekutik haren familiak inprenta bat zuen tokira, alegia.

30 lagun bildu ziren Okendoko 6. atarian, Barojaren jaiotetxean. I. ZABALETA / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Egun handia da Shantirentzat: Donostiako Udaleko langilea da, baina ezohiko zeregin bat du esku artean: hainbeste miresten duen Pio Barojari buruzko bisita bat gidatuko du Donostian, haren omenez. Ohiko uniformea etxean utzi du, eta jaka eta txapela bat jantzi ditu okasio berezirako; karpetatxo bat du eskuan, idazleari buruzko oharrekin. Barojaren jaiotetxean hasiko da bisita: Okendo plazako 6. atariaren parean dago 30 laguneko taldea, Shantiri begira, ikusminez. «Eskultura hau ez da originala: hori San Telmo museoan dago. Victorio Machok egin zuen 1935. urtean egin zioten omenaldirako; hau kopia bat da». Baina kexa bat ere badu: «Lotsagarria da eskulturaren parean horrelakoak jartzea: bizikletak aparkatzeko lekua jar zezaketen harago, baita zakarrontzi hori ere».

Azken eguna zuen atzo Literaktumek, literatura beste arte diziplinekin uztartzen duen jaialdiak. Azken saioetako bat izan zen Pio Baroja Donostiara bisitan ibilbide literarioa, hiru aktorek antzeztua: Anartz Zuazua Shantiren rolean aritu zen, Joxemari Karrere Barojarenean eta Tanya de la Cruz Mariarenean.

Azalpenak ematen ari dela, bat-batean, Baroja azaldu da gurpil aulkian, Viktoria Eugenia antzokiaren ondotik, bere zaintzaile Mariak lagunduta. «Hotel hori, hori ere ez: geroago egin zituzten; badakizu, donostiarren handinahi jesuitikoa... Itsasoa honaino heltzen zen, honaino». «Berorren zain geunden», agurtu du Shantik Baroja: urduritu egin da. «Zer daukat, apaiz itxura, berorika hitz egiteko, edo?».

Ez dio jaramon askorik egin Shantiri: atari hartan bizi zeneko kontuak kontatzen hasi zaio Mariari. «Etxera etortzen zen neskameak kontatzen zigun mutiko zikinak eta orraztu gabeak Zurriolako hondartzara eramaten zituztela; Olentzerok, ilean txirikorda bat egin, eta itsas barruraino eramaten zituela arrastaka... Imajinatu nola ibiltzen ginen, aldiro orrazten, Olentzerok ez eramateko».

«Hezea, zikina, itsusia»

Aterkia eskuan hartu du Shantik: «Goazen Parte Zaharrera». Baroja haur zenetik, majo aldatu da Donostia. «Jarraitu aterkiari», galdegin die bisitariei, gaur egun turistak hirian zehar gidatzen dituztenen antzera. «Gorri dago», gelditu da Shanti semaforoan. «Donostia ez da gorria izan inoiz», hasi da marmarka Baroja. Ibilbide guztia eman du horrelaxe, marmarrean, Okendotik Bretxara, Bretxatik Fermin Calbeton kalera, eta handik Konstituzio plazara.

Ondo ezagutzen du inguru hori Barojak: Fermin Calbetonen bizi izan zen tarte batez. «Leku hezea eta zikina zen; ez zegoen hemen bizitzerik. Garai hartan, Polluelo izena zuen; gero jarri zioten Fermin Calbeton politikariaren izena: baina ez du aipatzea ere merezi, ez zuen eta ezer egin Donostiaren alde». Shanti saiatu, saiatu da Baroja goxatzen, baina ez zeukan harekin hitz egiteko gogo handirik; kontu kontari aritu da Mariarekin, Donostiaz eta haurra zeneko garaiaz.

Gauza gutxik hunkitzen du Baroja, baina mar-mar eta mar-mar artean, oroitzapen goxo bat izan du. Amak kantatzen zion kantu bat hasi da abesten: «Horra Mari Domingi, begira horri...». Eta bisitariek jarraitu diote: «Gurekin nahi badezu Belena etorri, atera beharko dezu gona zahar hori...». Shantik hor ikusi du aukera bere idoloa leuntzeko: «Oraindik ere kantatzen dugu!». Eta Barojak, pozik: «Eskerrak! Nik maite ditut horrelako gauzak: ez naiz batere erlijiozalea, baina holako gauzek emozionatzen naute oraindik». Konstituzio plazara iritsi dira: «Hemen, lehen, zezenak izaten ziren!». Hantxe, plazaren izkina batean zeukan Barojaren familiak inprenta: hainbat egunkari inprimatzen zituzten negozioan. Haren birraitona Rafael Barojak, esaterako, La Papeleta de Oyarzun kaleratu zuen. «Ziurrenik, inork ez zuen ulertuko Oiartzunen [Gipuzkoa]!». Begiratzen duen tokira begiratuta ere, ez zaio gustatzen ikusten duena: «Hiria ez da polita, eta donostiarrak are itsusiago uzten tematzen dira».

Iritsi dira Barojaren garaian udaletxea zen eraikinera: Shantiren atsekaberako, txistularia eta dantzariak falta dira. Las inquietudes de Shanti Andia nobelaren pasarte batzuk irakurri ditu, horri zor baitio bere izena, harik eta Barojak moztu dion arte: «Ez da nire nobelarik onena-eta, utzi». Testu bat pasatu dio Mariari, hark irakur dezan. «Ahalko banu ere, ez nuke protestatuko», irakurri du azken esaldia; Barojaz, behintzat, ez da ari. Txalo zaparrada jaso du. Baina, konturatu direnerako, alde egin du idazleak; bisita osoan ez bezala, isil-isilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.