Tamara Yague. FVEMeko presidentea

«Susperraldia noizko? 2023ko amaieran kokatuko nuke orain»

Yagueren ustez, «ziurgabetasun»hitzak azaltzen du hobekien Bizkaiko metalgintzaren egoera. Ez da ezkorra, zuhurra baizik, eta lehiakortasuna laguntzeko neurriak hartzeko eskatu du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Bigarren urtea du metalgintzako Bizkaiko enpresen federazioaren (FVEM) buruan, eta, dioenez, ez du lasaitasun egun bakar bat ere izan. Pandemia betean iritsi zen kargura Tamara Yague (Portugalete, Bizkaia, 1971); gero etorri ziren krisiak eta Ukrainako gerra, eta, orain, lan hitzarmen berriaren auzia du mahai gainean. Tecuni enpresako zuzendaria ere bada, eta bi ardurak uztartzen ditu. Gaztelaniaz erantzun ditu galderak FVEMen Bilboko egoitzan.

Bigarren urtea duzu karguan, eta pandemiaren ondoren ere ez zaizu lanik falta izan: gerra, lehengai eta energia krisia, garraiolarien greba…

Bi urteetan esango nuke nik. Hitz batean, trinkoak izan direla esango nuke. Pandemia betean iritsi nintzen kargura, araudi eta dekretuak ia egunero aldatzen ziren garai batean. Barne informazio lana %70 handitu zen kolpetik, eta etengabeko harremana genuen bazkideekin. Ni, gainera, berria nintzen karguan, baina nabarmendu beharra daukat federazioak balio oso handiko profesional multzoa duela, langileak zein zuzendaritzako kideak. Beti nabaritu dut haien babesa. Eta, horrez gain, nire lana dut.

Egun zein da FVEMen buruhauste handiena?

Bazkideen aldetik, epe motzean bizirautea. Baina, noski, urrunago ere begiratu behar dute, epe ertain eta luzeko egitasmoetan ere pentsatu behar dutelako. Krisiak ikusarazi digu neurri estrukturalak behar direla, hala enpresetan nola gizartean, enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna bermatu eta enplegua sortzeko. Berritasunarekin harremana duten neurriak behar dira, formakuntzarekin, finantzaketarekin, sistema fiskalekin, lan markoarekin... dena da garrantzitsua.

Zein neurritaz ari zara? Zehaztu dezakezu? Zer eskatuko zenieke erakundeei?

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko neurriak. Presio fiskala arintzeko aukerak daude, eta horrek ez du esan nahi zergak murriztea. Adibidez, berritasunarengatik kenkari fiskalak eskainiz, enplegua sortzegatik...

Eta zerga sistema ukitzea? Sozietate zerga, esaterako?

Fiskalitatea ukitzeak beti egiten die mesede enpresei, baina hor ogasun departamentuei dagokie ikustea bideragarri den ala ez. Ni presio fiskala arintzeaz mintzo naiz, hori da garrantzitsua. Esaterako, sozietate zergan aurretik egin beharreko ordainketa kentzea. Duela urte batzuk ez zen egiten. Une jakin batean presio fiskala handitzen du, eta buruhauste finantzario bat da. Ogasunek orain ez dute behar aurrerapena; kentzeko garaia da.

Eta erakunde publikoek zer erantzuten diete eskaera hauei?

Cebeken eta Confebasken bitartez egiten dira. Entzuten gaituzte, eta gero beharrezko diren neurriak hartzen dituzte.

Abenduan eginiko iragarpenetan esan zenuen sektoreko susperraldia sei eta hamabi hilabeteko tarte batean iritsiko zela. Eusten al diezu iragarpenei?

Une hau hobekien deskribatzen duen hitza ziurgabetasuna da. Oso konplexua da. Ez dira abenduan iragarritako sei edo hamabi hilabeteak. Geopolitikoki dena aldatu da, anabasa handia dago. Busti beharko banu, eta asko bustitzea da, nik 2023ko urte amaieran kokatuko nuke susperraldia.

Asko atzeratu duzu.

Egoera oso motelduta dago. Azpisektore batzuk aireratzen ari dira, batez ere energiekin zerikusia dutenak. Aeronautikoa hasi da apurka, siderurgia... Baina ez dira itzuli pandemia aurreko egoerara. Orain susperraldiari data jarri beharko bagenio, 2023ko bigarren seihilekoan kokatuko genuke.

Autogintza sektoreak pisu handia du Bizkaian, eta abenduan harekin arduratuta zeundela onartu zenuen. Zein da arazoa? Eskaera falta?

Autogintza helmuga sektore gisa hartuta, Bizkaiko metalgintzako bost langiletik batek harentzat egiten du lan, zuzenean edo zeharka. Arazoa auto salmentaz harago doa. Esaterako, txipak falta dira eta horrengatik ekoizpena ez da egonkorra. Lan pikoak dituzte. Mercedesek ekoizpen etenak egiten ditu txip gabeziarengatik. Ez da eskakizun falta. Auto bat erostera bazoaz, urtebeteko epea ematen dizute hura lortzeko. Sektorea bera dago arduratuta, ikusi behar da ea zenbatean eusten dion. Hor zaila da kostuen igoera osoa azken bezeroari txertatzea.

Zure diskurtsoak talka egiten du Eustaten hainbat datu onekin. Esportazioak goraka doaz, industria ekoizpena ere bai…

Datu onak, askotan, alderatzeko erabiltzen dituzunen araberakoak dira. Esportazioak igotzen ari dira, 2020arekin alderatzen badituzu, noski, baina hemen ez gara iritsi pandemia aurreko datuetara.

2019ko iragarpenetatik oso urrun zaudete?

Urtarrilean enpresa gehienek esaten ziguten urtebete beharko zutela pandemia aurreko datuetara iristeko, gerraren aurretik. Kontua da enpresek orduan epe hori jartzen zutela, eta orain ere bai. Beti da urtebete, baina atzeratuz doa. Urtarrilean galdetu genien enpresei, eta enpresen %20 ekoizpenaren %50tik behera zebiltzan, hori gorriak ikustea da. Susperraldi iragarpenak daude, enpresak ez direlako enplegua kentzen ari, eta erdia baino gehiago berrikuntzan inbertitzen ari dira. Etorkizun asmoak dituzte, baina asmo horiek atzeratzen eta moteltzen ari dira. Ez gara ezkorrak, zuhurrak baizik, batez ere epeekin. Energia kostuen eta lehengaien arazoa ez zen gerraren eraginez etorri, gerrarekin okertu baziren ere, eta luzerako mantenduko dira hor.

Metalgintza energia kontsumitzaile handia da. Krisi horren eragina neurtu al duzue?

Denok sumatu dugu, baita gure etxeetako fakturan ere. Pentsa orduan fundizioetan edo enpresa elektrointentsiboetan. Argindarraren kostua laukoiztu egin da. Batek esan zigun lehen milioi erdi euro ordaintzen zituela eta orain milioi eta erdi ordaintzen ari dela. Hori ordaindu egin behar da, eta zaila da igoeraren %100 azken preziora eramatea, eta are zailagoa dagoeneko onartuak dituzun eskakizunetan.

Enpresak kexu dira zaila delako argindar konpainiekin akordio luzeak lortzea. FVEMek artekaritza lanak egiten al ditu?

Guk aholkulari energetiko rola jokatzen dugu. Orain, oso zaila da akordio bat ixtea garai bateko prezioetan. Enpresa batzuk hamar urterako akordioak itxi dituzte, baina hori egin dezakezu energia zure kostuaren zati txiki bat denean. Guk proposamenak egiten dizkiegu gobernuei, baina beti ez da erraza betetzea, are gutxiago merkatu arautu batean. Orain gasaren mugak argindarraren prezioari eragiten dio, eta %15 murriztuko du, baina mugak, esaterako, ez dio eragiten industrian erabiltzen den gasari, eta enpresa askok gasa behar dute. Eta hura garesti dago.

FVEMen enpresa txiki eta ertain asko daude, eta haiek kexu dira Europako Funtsekin. Kexarekin bat egiten al duzue?

Bai, bat gatoz. Europako Funtsak existitzen direla dakigu haien inguruan asko hitz egiten delako, baina azken aldian urrun ikusten ditugu. Itxaropena beste bat zen, eta, orain, errealitatearekin egin dugu topo. Ez dugu esan nahi iritsiko ez direnik, iritsiko dira, bainazaila da. Aurretik zeuden laguntza programa batzuk handitu dituzte eta horiek iristen ari dira, baina ESEPEetara iristea oso zaila da.

Langile trebatuen gabezia al dago? Eta Lanbide Hezkuntzakoak?

Denetarik behar da, baita LHko asko ere. Modulu jakin batzuetan langile guztiek lana dute ikastaroa bukatzerako. Hezkuntza joerak bokazio industrialetara zergatik ez doazen ikertu behar da. Gero, noski, kualifikazio handiagoko langileak ere falta dira: telekomunikazio ingeniariak, datuen analisian trebaturikoak...

Metalgintzako langileen %18 baino ez dira emakumeak, eta %2k baino ez dihardute tailerrean. Zein da ondorioa?

Guztiok dugu zeregina. Emakume gazteei erakutsi behar diegu zer den industria. Zure ama, izeba... Industrian diharduela ikusten baduzu, zuk ere nahi duzu. Eta, noski, enpresok ere dugu ardura. Orain arte ez zen neurtzen emakume kopurua, eta orain gutxienez datu bat dugu alderatzeko. Enpresetako liderrak behar ditugu, eta horiek gizonezkoak dira. Berdintasuna bikotean dantzatzen den auzi bat da. Enpresen liderrek ikusi behar dute premia bat dela, talentuaren %50i ezin diogu bizkarra eman.

Zuk matxismorik sumatu al duzu zure karguan?

Harremanetan? Federazio barnean ez. Kanpoan? Ez nuke matxismoa deituko, baina emakume bezala oharkabeko genero lerratzeak sumatzen dituzu. Kulturalak dira, eta askotan emakumeok egiten ditugu.

FVEMen Siemens Gamesaren hornitzaile asko daude. Urduritasuna sumatzen al duzu etor daitezkeen aldaketekin?

Zuhurtziaz erantzungo dizut. Nik ez dut Siemens Gamesa epaituko berregituratze prozesu bat egiteagatik, eta baliteke hornitzaile batzuk urduri egotea, baina uste dut goizegi dela eragina neurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.