Angel Erro.
JIRA

Apokalipsia

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gizateria birrinduko duen apokalipsiaren trailerrak eskaintzen zaizkigu eta susmoa dut benetakoak ez gaituela batere harrituko, guztiz espoildu digutelako. Australiako suteak eta ekaitz izugarriak. Gerra globalak pizteko beldurrik ez duten agintari ahoberoak. Egunetik egunera sortzen diren pandemiak. Azken honek emanen du zeresana oraindik ere. Filmek ohitura txarra sortu digute: mundu guztiak badaki azkenean gizadia salbatuko dela, oraingoan hartutako babes neurriei Erdi Aroko usaina hartu diegun arren, hiri oso bat berrogeialdian jarrita, iltzez eta giltzez itxita. Urtezahar txinatarreko ospakizunak eta haiek eragiten dituzten lekualdatzeak zuzendariaren erabaki ona izan dira filmaren tentsioa areagotzeko. Mila lagunentzako ospitalea hamar egunetan eraikitzearena nik kenduko nuke muntaketatik, egia izan arren (eta ez dakit oso ongi zeren erakusgarri), ez baita sinesgarriegi suertatzen. Oraindik erabakitzeke dago hondamendia korporazio handien erantzukizuna izan daitekeelako hari konspiranoikoari heltzea, filmaren hasieran, edo gizabanako baten arduragabekeriari. Egun batean ohartuko gara, edo ez, koronabirus asiarrak notizia izateari utzi diola. Hurrengo apokalipsiaren estreinaldiaren zain geldituko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.