Angel Erro.
JIRA

Aberri finala

2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Batek ez luke inoiz bere ezjakintasunaz harrotu edo bere buruaz kanpoko kausei egotzi behar. Beraz, nire lotsagarri eta nire errua da azken unera arte Athletic eta Realaren arteko finala atzo zela enteratu ez izana. Bazetorrela bai, baina hainbestekoa izan da azken egunotako buila eta kitzikapena Espainiako Errege Koparen inguruan, egunero sinetsita egon naizela partida arratsalde horretan bertan jokatuko zela. Nire buruan Aberri Egunaren ospakizunarekin nahasten hasia zen. Bi gauzek bat eginen zutelakoan. Ez diot inori hau ulertzeko eskatzen, baina neure buruan bazuen bere logika. Ez naiz kirola eta politika, edo futbola eta aberria nahasten lehena. Banderak astintzeko joeragatik izanen da. Zerbaiten parte sentitzeko gaitasun transzendentea ere hor dago, ezin uka. Beste norbaiten kontra, futbolaren kasuan behintzat. Aurten futbol finala jenderik gabe jokatu denez, Espainiako estatuburu koroadunaren eta himnoaren aurkako txistualdi zalapartatsua nork bere etxean egin behar izan du, garaiotako ikur. Hori gabe, erregionalismo sanoaren adierazlea dirudien Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko etsaigoa nabarmendu da. Gaur guztia ahantziko omen da, guztiok, nor bere etxetik, anai-arrebok sentituta, irabazle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.