Zahartze nekezari bizkarra emanez

Bizi itxaropena handitu den heinean, gero eta gehiago dira zehartze prozesu osasuntsua lortzeko egiten diren ahaleginak. Kromosometan dauden 'telomero' izeneko estrukturak gako izan daitezke, baina bizimodu osasuntsua ere funtsezkoa da.

Adineko pertsona talde bat ariketa fisikoa egiten, artxiboko irudi batean. E. VAN 'T WOUD / EFE.
Juanma Gallego.
2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Kontratu garrantzitsu bat sinatzerakoan, komeni da tentuz ibiltzea eta letra txikian behar bezalako arreta ipintzea. Bestela, arazoak egon litezke. Titonori galdetzea besterik ez dago. Greziako mitologiaren arabera, gizaki hilkorra zen Titono, eta Eos jainkosa harekin maitemindu zen. Harreman hori, ordea, ezinezkoa zen: jainkosa bata, hilkorra bestea, eta Disneyren istorioak oraindik ere heltzear. Beraz, Zeus jainkoarengana jo zuen Eosek, bere maitalearentzat hilezkortasuna eskatuz. Esan eta izan, Zeusek dohaina eskaini zion. Eta hor azaldu zen letra txikiaren arazoa. Hilezkortasuna bai, baina betiereko gaztetasunaren arrastorik ez kontratuan. Ondorioz, urteen poderioz, Titono gizajoa zimurtuz eta txikituz joan zen, harik eta kilkerra bihurtu zen arte. Hala jarraitzen omen du, zelaietan, kir-kir eginez eta aieneka, heriotzaren dohaina erregutuz.

Beste kondaira askorekin gertatu ohi den moduan, irakaspenak inoiz baino gaurkotasun handiagoa du egunotan, aspaldiko kezkak desagertu ez diren seinale. Gaurko gizartea ere heriotza ahalik eta gehiena urruntzen saiatzen baita, bizitzaren urte freskoenak luzatu nahian. Zientzialariake ere zeregin horretan ari dira, eta zahartzearen aurkako zientzia inoiz baino garatuago dago. Antiaging (zahartzearen kontra) terminoa dabil askoren ahotan. Aurpegiko azala txukuntzeko erabiltzen diren krema horiez harago doan hitza da, eta benetako zientzia bilakatzen ari da.

Zientzialariek erabilitako estrategiak askotarikoak dira, baina kasu gehienetan oso oinarrizko mailetan lan egiten ari dira. Aste honetan, Nature aldizkarian plazaratu den ikerketa bat horren adibide izan daiteke. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, gantz azido asegabeek harren bizitza luzatzeko ahalmena dute. Beste hainbat ikerketatan ohikoa denez, oraingoan ere Caenorhabditis elegans izeneko nematodoa erabili dute ikertzaileek. Zergatik, baina, har mota espezie hori? «Bizitza laburra duen harra da, 23-30 egunekoa, eta, horregatik, haren bizitza luzera era azkarrean iker daiteke», azaldu du Harvardeko Osasun Publikorako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Carlos Silva Garciak. «Gainera gardena da, eta mikroskopioaren bitartez oso ondo ikusten da. Bere genoma osoa sekuentziatuta dago, eta ikerketa tresna ugari erabil ditzakegu harekin».

Biologoak azaldutakoaren arabera, aurrera urratsa egin dute: «Normalean gantzak arazo kardiobaskularrei eta metabolikoei lotuta azaldu ohi dira, baina gure ikerketan azpimarratzen da gantz guztiak ez direla kaltegarriak. Ugaztunengan ikerketa gehiago egin behar dira jakiteko ea azido oleikoak eta antzeko zahartze prozesuetan onura ote dakarten».

Emaitzak gizakiengana ezin direla eraman ohartarazi du ikertzaileak, baina, halere, noizbait gizakiengan aplikatzeko esperantza agertu du. «Gehiago bizi izan diren harrengan azido oleikoaren maila igo da. Lipido horiolio begetaletan izan ohi da, hala nola oliba, kartamo eta ahuakate olioetan. Horiek osasunean dituzten onurak ezagunak dira. Eta orain badakigu zahartze osasuntsua eragiteko gai direla; harrengan, bederen. Etorkizunean interesgarria izango da jakitea eragin hori beste espezieetan ere ote dagoen».

Telomeroen garrantzia

Gaian aurrera jo baino lehen, komeni da hainbat daturi erreparatzea. Mundu mailan 2015ean jaiotako umeen batez besteko bizi itxaropena 71,4 urtekoa izan da. Estatistika hotzari jarraituz, neskak ia 74 urtez biziko dira eta, mutilak, berriz, 69 inguru. Herrialdez herrialde, noski, alde nabarmenak daude, Nazio Batuen Erakundeak jasotako datuen arabera. Japoniako emakumeek ia 87 urte ere harrapatuko dituzte. Sierra Leonako gizonezkoek, berriz, 49 urte eskasera. Beraz, argi dago zahartzearen arazoa oso erlatiboa izan daitekeela gizarte eta egoera bakoitzaren arabera.

Datuak datu, zientzialariek irekita duten beste ikerketa lerroa telomeroen ingurukoa da. Bide hori jarraitzen dute, besteak beste, Espainiako CNIO erakundean (Onkologiako Ikerketa Zentro Nazionala). Hango zuzendari Maria A. Blasco biokimikariren taldeak aurrerapen garrantzitsua iragarri zuen iazko ekainean Nature Communications aldizkarian.

Han azaldu zutenez, saguen zelula pluripotente enbrionarioak laborategian haztean konturatu ziren espezie horretan ohikoa den telomeroen luzera handitzen zela. «Hori bat-batean gertatzen zela ikusi genuen, inolako generik eraldatu gabe. Horrela, aukera izan genuen ohikoak ez ziren saguen leinu bat abiatzeko. Jaiotzean, ohikoak baino bi aldiz luzeagoak ziren haien telomeroak», azaldu dio Blascok BERRIAri.

Telomeroak kromosomen muturretan dauden estrukturak dira, eta horien higadura da zahartzearen zioetako bat. «Funtsezkoak dira kromosomen barruan dagoen material genetikoa babesteko. Nolabait esateko, kromosometan dauden estalkiak dira, eta ezinbestekoak dira bizi ahal izateko».

Ezusteko horren osteko galdera jakina zen: sagu horiek gehiago biziko al ziren ala, aitzitik, minbizi gehiago garatuko zituzten? «Ikusi genuen zahartze zelular txikiagoa zutela eta minbizi gutxiago garatzen zutela». Beraz, zahartzeari aurre egiteko gakoetako bat estruktura horietan egon daitekeela dirudi. Hortaz, aurkikuntzak irekitzen duen bideari dagokionez baikor azaldu da aditua. «Saguen telomeroen laburketa ekiditeko gai bagara, sagu horiek beranduago zaharkituko dira, gaixotasun gutxiago garatuko dituzte eta gehiago biziko dira. Telomerasa izeneko entzima baten zenbatekoa handituko dugu, entzima horrek telomeroak berriro luzatzeko aukera ematen duelako».

Bizimodua eta elikadura

Zahartze prozesuak hobeto ulertu nahian, aspalditik lanean ari da Myriam Gorospe ikertzailea ere, AEBetako NIA Zahartzearen Institutu Nazionalean. 1990ean joan zen New Yorkera, doktoretza egitera. 1998tik zahartzearen oinarri molekularrak ikertzen duen zientzialari talde bat zuzentzen du. «Zahartzearen oinarri molekularrean lan egiten dugu, zehazkiago espresio genetikoan. Batez ere, RNAren sorrera ikertzen ari gara», azaldu du biologoak.

Bizitza normalean izaten diren zahartze prozesuak ikertzen dituzte, baina baita zenbait gaixotasunari lotuta daudenak ere, hala nola neuroendekapena, arazo kardiobaskularrak edo diabetesa. «Bi aldaera horietan, geneak nola espresatzen diren ikertzen dugu». Gaia gertutik ezagutzen duen aditu honen arabera, bizi ohiturak garrantzitsuak dira: «Aspalditik dakigu badirela hainbat jarduera beranduago eta osasuntsuago zahartzen laguntzen digutenak. Bizi modu aktiboa izatea, mugitzea, ibiltzea, kirola egitea, ondo elikatzea… zientziak, gero eta gehiago,gauza horien guztien onurak berresten ditu». Bestalde, eta botikei dagokienez, Gorospe argi mintzatu da: «Oraindik ez da aurkitu zahartze osasuntsua ahalbidetuko duen pilula magikorik. Norabide horretan ahalegin asko egiten ari dira, Resveratrola edo antioxidatzaileak, adibidez, sarri aipatzen dira. Jende askok dio botika horiek itxaropena pizteko modukoak direla, baina, nire ustez, horien eragina nahiko txikia da eta zientzia komunitate osoak ez ditu onartu».

Maria A. Blascoren iritziz, ordea, telomerasarena bide egokia izan daiteke aurrera jarraitzeko. «Urrunegi ez dagoen etorkizun batean telomerasaren aktibazioa aplikatuko da». CNIOko zuzendariaren ustez, gizakia gaixotasun infekziosoak kontrolatzeko gai izan da. «Hiesa da azken adibide arrakastatsua. Birus hauetako batzuk, gainera, betiko akabatu ditugu: baztanga, esaterako. Horren ondorioz, herrialde garatuetan bizi itxaropena biderkatu dugu. Baina orain, urte gehiagoz bizi bagara ere, sakonagoa den beste arazo batekin topo egin dugu: zahartzen jarraitzen dugu,eta beste gaixotasunek jota hiltzen gara: minbiziak, bihotzekoak edo dementziek, esaterako.Zahartzea da gaixotasun horien jatorria. Eta gainerako germenak akabatu ditugun era berean, hau ere akabatu behar dugu. Urte gehiagoz bizi behar dugu, baina zahartu gabe eta osasun onean».

Teorian, bederen, Blascok esandakoak ederra dirudi. Errealista izango al da? Ala gazte mantendu nahi dutenen kontsolamendua besterik ez da izango? Denborak izango du azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.