Oier Sanjurjo. Osasunako jokalaria

«Arima eta fedea falta zitzaizkigun, baina buelta eman diogu egoerari»

Osasuna bere onera itzuli zen ligako azken partidan, Cadizi irabazita, eta, kapitainaren esanetan, «batasuna» izan da krisia eteteko gakoa. «Bilera egin genuen jokalariok, eta begiak ireki genituen». Celtaren zelaian jokatuko du gaur (19:00, La Liga).

IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hotz sarkorra egiten du Taxoaren. Gaueko izotzak zuriz jantzi ditu entrenamendu zelaiak, eta Osasunaren lehen taldeak ordubete atzeratu behar izan du lan saioa. Behin aldageletarako bidea hartuta, jokalariek ezin izan dute dutxa berorik hartu. Etxera iritsi arte itxaron behar; koronabirusaren kontrako protokoloaren kontuak. Hala, galtza motzetan sartu da prentsa aretora Oier Sanjurjo (Lizarra, Nafarroa, 1986). Solaserako gogoz dago, «beti bezala».

Zenbateko zama kendu zenutengainetik Cadizi irabazita?

Nahiko handia. Gain behera ginen konfiantza eta autoestimu aldetik, hamar partida generamatzalako irabazi gabe. Iazko mamuak ere hurbiltzen hasiak zitzaizkigun, eta Cadizen aurkakoak berebiziko garrantzia zuen, hurrengo bi partidak etxetik kanpo jokatu behar ditugulako. Gai izan ginen partida aurrera ateratzeko, eta lasaitua hartu genuen.

Partida bukatu orduko, elkar besarkatu zenuten jokalari guztiek. Zenuten premiaz gain, krisialdian bat eginda iraun duzuela erakusten du horrek.

Erabat. Talde barruan, beti garrantzi handia eman nahi izan diogu batasun horri, eta presente dugu horretan datzala gure indarra. Behin hondoa jota, bilera egin genuen jokalariok, eta begiak ireki genituen. Garbi ikusi genuen aurrerapauso bat eman behar genuela, eta argi gelditu zen nolako lotura dugun jokalarion artean. Oso harro gaude horretaz.

Krisiak zerikusi handiagoa izan du jokoarekin ala alderdi mentalarekin?

Halakoetan nahaste-borraste bat izaten da, eta batzuetan ongi dago, balazta zapaldu, eta hartu beharreko norabide berriaz edo berreskuratu beharreko ezaugarriez hausnartzea. Arima eta fedea falta zitzaizkigun, baina uste dut buelta eman diogula egoerari.

Zergatik ahaztu zenituzten ezaugarri horiek?

Arrazoietako bat izan daiteke, liga hasiera oso oparoa eduki genuela; emaitzei dagokienez batez ere. Horrek, ohartu gabe, erlaxaziora eraman gintuen, ikusten genuelako gai ginela zelai oso zailetan puntuak lortzeko. Uste genuen egiten ari ginen horrekin aski izango zela helburura azkar hurbiltzeko. Baina, berriz ere, ikusi dugu erlaxatu orduko komeriak ditugula.

Neurketa askotan, taldea oso galduta ibili da. Teknikariaren plana ez zenuten garbi, edo ulertu arren, ez duzue asmatu zelaian islatzen?

Uste dut bi gauzak nahastu direla. Bi hilabetez, ez genuen garbi eduki zein zen gure jokatzeko moduaren ardatza. Ohartu ginen iparra berreskuratu behar genuela ahalik eta azkarrena. Denok izan gara bolada txarraren erantzuleak: jokalariok ez gara gai izan Jagobaren [Arrasate entrenatzailea] mezua barneratzeko, eta berak ere, batzuetan, ez du guztiz argi ikusi taldeak zer behar zuen, eta ezin izan dio taldearen ahalmenari etekin guztia atera.

Lehen aipatu duzun bezala, aurreko sasoian apalaldi gogorra izan zenuten: hamahiru lehiatan jokatu zenuten irabazi gabe. Antzekotasunik badago bi krisien artean?

Nire ustez, ezin daitezke alderatu. Iaz faktore askok eragin zuten: koronabirus arazoak, zaleen hutsunea... Eta lesioek ere zulo handiak sortu zituzten taldean. Horrek guztiak kalte handia egin zigun, eta bolada oso txarrean murgildu ginen. Bi denboraldiotako esperientzien ondoren, garbi ikusi dugu irabaztea ez dela batere erraza, eta apur bat erlaxatu orduko gauzak asko oker daitezkeela. Horren jakitun izatea da gure indargune nagusietako bat, talde barruko batasunarekin batera.

Cadizen kontrako garaipenak mugarri itxura dauka, baina datozen lehietan ikusiko da guztiz suspertu zareten ala ez.

Hala da, eta errealistak izanda, kontziente gara partida benetan zailak ditugula etxetik kanpo, Balaidos eta Nuevo Los Carmenesen. Historikoki, beti kosta zaigu bertan emaitza onak lortzea, baina Cadizen kontra egindakoari jarraipena ematea da gure asmoa.

Kontuak kontu, salbazioa nahiko bideratuta duzue, 20 partidatan 25 puntu bildu eta gero.

Gaur egungo zenbakiak ikusita, sentsazio hori dute Osasunaren zale gehienek. Halere, helburua lortzeko, gelditzen diren hemezortzi partidetatik bost irabazi behar ditugu. Horretarako, gauzak ganoraz eta modurik onenean egin beharko ditugu. Salbazioa laster lortu nahiko genuke, gero denok ospa eta goza dezagun.

Azkenaldian, bigarren itzuliak lehenak baina hobeak izan dira Osasunarentzat. Horra hor beste arrazoi bat etorkizunari itxaropenez begiratzeko.

Bai, joera hori izan dugu azken urteetan, beharraren eraginez-edo. Pauso bat eman izan dugu kalitate, joko eta intentsitate aldetik; ea oraingoan ere berdin gertatzen den. Etxeko partidetan dago gakoa. Zentzu horretan, nahiko aldrebesa izan da lehen itzulia: etxetik kanpo lehen lau partidak irabazi genituen, baina Sadarren garaipen bakarra lortu dugu. Garbi dago etxeko zenbakiak hobetu behar ditugula.

Celtaren zelaian ariko zarete gaur, eta partida berezia izango da zuretzat, han jokatu zenuelako duela hamar urte.

Pentsa, denbora asko pasatu da, baina elkarrizketa hau bukatu orduko, Galiziako hedabide batekin hitz egitekoa naiz. Oraindik nitaz oroitzen dira, denboraldi bakar bat izan zen arren. Beti esan dut estimu handia diodala klubari, hiriari eta herrialdeari, eta onena opa diot beti. Erabateko sinbiosia izan zen.

Osasunara itzuli zinen gero, eta taldearen ibili gorabeheratsuaren lekuko izan zara. Kapitain bezala, nola dakusazu klubaren oraina eta geroa?

Azken urteetan hazkunde handia izan du Osasunak kirol arloan nahiz arlo instituzionalean, baina pandemiaren erruz, ikusten dut futbola minberatuta dagoela, eta ekonomikoki ez direla garairik onenak. Horregatik, klubak zentzuz jokatu behar du, duen dirua ahalik eta modurik orekatuenean erabiltzeko. Gauzak ongi egiten badira, ez dago gerrikoa zertan estutu; baina burua erabili behar dugu, behatzak berriz ere ez harrapatzeko.

Zuk baduzu lekurik etorkizuneko Osasuna horretan?

Orain urtarrilean gaude, eta ez dut haratago pentsatzen. Ni fisikoki ondo nago. Badakit protagonismoa galdu dudala, baina buruan dudan gauza bakarra, entrenatzailearentzat eskuragarri egotea da. Horretan buru-belarri jardungo dut hemendik maiatzera bitarte. Hortik aurrera, ikusiko dugu. Nik jarraitu nahi dut, noski, baina faktore asko hartu behar dira kontuan. Elkarrizketa seriorik ez da izan oraindik

Ordezko izatea nola ari zara bizitzen?

Ez da erraza, zorionez ez bainago ohituta egoera honetara. Baina harro nago zeregin berri honetan egiten ari naizen lanaz. Aulkitik bultzatzen eta zelaian direnei nire animo eta gomendioak iritsarazten saiatzen naiz. Pozik eta gogobeteta sentitzen naiz.

Teknikari ari zara bihurtzen?

Iñigok [Perez] esan ohi dit sekulako esperientziak bizi izan ditudala entrenatzaile izateko, jokatzeko dudan moduarengatik, eta zelaiko ia postu guztietan aritu naizelako. Badakit postu bakoitzak zer eskatzen duen, eta, alde horretatik, jakinduria handia daukat. Ordea, gaur egun, entrenatzaile lanak ez dit atentzioa ematen.

Zer erabaki hartuko du Arrasatek? Jarraituko al du?

Nire antzeko egoeran dagoela esango nuke. Laugarren denboraldia du hemen, eta gauza oso politak lortu ditugu guztion artean. Sasoia oso luzea da, eta iritsiko da, hausnarketak egin, eta erabakiak hartzeko garaia; presarik gabe, eta naturaltasunez. Jokalariok oso eroso eta gustura gaude berarekin, eta kluba norabide onean dago, baina berak ikusi beharko du jarraitzeko gogoz dagoen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.