Askatasun indibiduala

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ziur naiz kapitolio hitza irakurtzerakoan denoi irudi bera etortzen zaigula burura: aurpegia margotuta eta soina erakusten dabilen gizon adarduna eta bere kideak —guztiak gizonezko zuriak—. 2021. urteari hasiera eman zion irudi sinesgaitz bezain beldurgarria. Baina irudia bera baino sinesgaitzagoak eta beldurgarriagoak gizakume hauen arrazoiak ziren, horietako askok Washingtoneko Kapitolioan beraien aberria, demokrazia eta askatasuna defendatzen ari zirela argi baitzuten. Urte hasiera bizia aurtengoa, eta nahasia ere bai.

Nahasia, behin berria agertuta kontzeptuak nahasten hasi zirelako. Alde batetik, Albert Rivera eta eskuineko beste zenbait iritzi emailek Washingtonen gertatzen ari zena Kataluniako Parlamentuan gertatutakoarekin edota Kongresua inguratzeko Madrilen egin diren zenbait ekimenekin alderatu zuten, protesta eta erasoa berdinduz. Horrela, demokraziaren oinarri den eskubide bat baliatzea eta demokraziari berari erasotzea gauza bera zela defendatu zuen estatu mailako eskuinak, horrek demokraziari egiten dion mina kontuan hartu barik.

Bestalde, Donald Trumpen eta bere jarraitzaileen adierazpen askatasunaren defendatzaileak agertu ziren —dirudienez, etengabe izaten dira zapalduak trumpista gaixoak, Ameriketako Estatu Batuetan gizon zuri heterosexual supremazista izatea oso gauza gogorra omen da—, demokrazia batean bakoitzak nahi duena esan baitezake, eta onartezinak diren iritziak —arrazakeria, matxismoa edo jarrera totalitarioak, esate baterako— onartu nahi ez dituztenak askatasunaren etsaiak dira.

Baina ez, demokrazia batean norbanakoek ezin dute nahi dutena esan edo egin, mugarik gabe, demokrazia batean ez baitago edozertarako lekurik. Demokraziak mugak ezarri behar ditu, agian ez formalak edo legalak, hauek arriskutsuak izan baitaitezke, gehiegikeriarako atea zabaltzen duten heinean —hemen ondo ezagutzen duguna—, baina muga politikoak eta sinbolikoak ezinbestekoak dira: demokratikoa ez dena ezin da demokraziaren izenean defendatu, besteen askatasuna urratzen duena ezin da askatasunaren izenean defendatu. Honek logikoa, erraza dirudi. Baina azkenaldian, antza denez, batzuentzat hau ez da hain ulergarria izan, ez Amerikan, ez eta Europan ere: askatasunaren inguruko definizio nahasketa pandemiak areagotutako garaiaren adierazgarri bihurtu da.

Oso testuinguru konplexuan bizi gara orain, eta askatasunaren inguruko hausnarketa egin beharreko zerbait da. Pandemiari heltzeko hartu diren neurri gehienek gure eskubideak mugatzea zein erraza den egiaztatu dute. Beharrezkoak diren salbuespenezko neurrien kronifikatzeak dakarren arriskua ekiditeko, hiritarrok adi ibili beharko dugu, autoritateen jarrera fiskalizatzeko prest. Baina ezaguna den arrisku hau alde batera utzita, bestelako bat mahai-gaineratzea ezinbestekoa da: askatasun indibidualarena.

Behin baino gehiagotan entzun ditut gertuko pertsonak —osasuntsuak denak— beraien askatasun indibiduala defendatzen, azken finean, birusarekin kontuz ibiltzeak eta beraien burua babesteak bakoitzaren erabaki librea izan beharko lukeelako. Hau da, ni gaztea eta osasuntsua izanda, zergatik ezin dut bizitza normala egin, inongo arriskurik ez badaukat? Hori da askatasun indibiduala, Suedian aplikatu zen eredua, agintariek neurririk hartzen ez dutenean etengabe eskatzen duten ardura indibidualaren aurkaria eta honen ondorio ere.

AEBetan gertatzen ari dena aztertzerakoan Ibram X. Kendik, Boston Universityko ikertzaileak, bere herrialdean bi askatasun mota defendatzen dituzten hiritarrak daudela ondorioztatzen du: besteei gure nahia inposatzeko askatasuna —freedom to— eta minduak ez izateko askatasuna —freedom from— defendatzen dutenak. Antzina besteak esklabo bihurtzeko zuten askatasuna defendatzen zuen logikak, gaur besteak kutsatzeko askatasuna defendatzen duela dio Kendik. Hau da, batzuen askatasuna bizitza normala egiteko, nahiz eta horrek pertsona zaurgarriak betirako konfinamendu batera kondenatzen dituen. Baina askatasun indibidual hori ez da askatasuna, berekoikeria hutsa baizik. Azken finean, denona ez dena, besteena zapaltzen duena, ezin daiteke askatasuna izan. Eskubideak batzuenak bakarrik direnean ez dira eskubide, pribilegioak baizik.

Aurpegiratzen ari garen arazo erraldoi hau kolektiboa dela eta, beraz, eman behar zaion erantzuna taldekoa dela ulertu behar dugu: denok elkarrekin aurre egin behar diogula egoera honi. Bestela, asko geratuko dira bidean, eta bidea amaitzean, helmuga soina erakusten dabiltzan gizon adardunek eraikitako mundua izango dela ikusiko dugu. Sinestezina bezain beldurgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.